Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akropolia eta Partenoia

Partenoia Atenasko akropolian dagoen tenplu zahar bat da, K.a. V. mendearen erdialdean eraiki zena Atenea jainkosa greziarraren omenez. Doriar deitzen den ordenean eginda dago, Antzinako Greziako hiru arkitektura-ordena klasikoetatik sinpleenean, zutabe soil eta sinpleekin.

Perikles agintari atenastarrak zuzendu zuen Partenoiaren eraikuntza. Arkitektoak Iktino eta Kalikrates izan ziren, Fidias eskultorearen laguntzarekin. Eraikitzeko lanak K.a. 447. urtean hasi ziren eta K.a. 488an amaitu zen. Urte hartan, Atenearen urrezko eta marfilezko estatua handi bat ipini zen barruan, Fidiasek egina. Eraikinaren kanpoko dekorazio lanek K.a. 432ra arte jarraitu zuten.

Partenoia, gaur egun

Partenoiak mendeetan zehar kalteak jasan baditu ere –eskultura gehienak galtzea barne–, bere oinarrizko egitura bere horretan mantendu da. Eraikinak gutxi gorabehera 31 metroko zabalera eta 70 metroko luzera du. Hiru armailatako zutabe ildaskatuak ditu, oinarririk gabekoak eta kapitel karratuekin, hiru mailatako oinarri baten gainean; ekialdean eta mendebaldean 8 zutabe daude, eta iparraldean eta hegoaldean 17. Zutabeek harri-zerrenda bati eusten diete, teilatuaren azpitik.

Tenpluaren barnealdea ganbera angeluzuzen bat da, hormaz estalia eta jatorrian hiru nabe edo habeartetan banatuta zegoena. Tenplu barrura iristen zen kanpoko argi bakarra ekialdeko atetik sartzen zen.

Eraikinaren ekialdeko eta mendebaldeko aldeak sei zutabeko portiko batez hornituta daude. Portikoen gaineko frontoietan (triangelu formako egituran) eta frisoetan, hainbat eskultura zituen, erliebean zizelkatuak: ekialdeko frontoianan, jainkoen eta erraldoien arteko gudu bat irudikatuta zegoen; mendebaldekoan, ziur aski, greziarrak eta amazonak. Hegoaldeko frisoetan, greziarren eta zentauroen irudiak zeuden; iparraldekoak galduta daude ia denak.

Barruko ganberako hormaren goialdean, baxuerliebean eginda, Atenearen omenezko herritarren urteroko prozesio panathenaikoa irudikatuta zegoen. Ekialdeko muturrean, Ateneako apaiz bat eta apaiz bat zeuden, alboetan bi jainko eserita zituztela. Atenearen beste eskultura batzuek, ekialdean, bere jaiotza erakusten dute, eta, mendebaldean, Poseidon itsasoko jainkoarekin Atenasen inguruko lurraldea menderatzeagatik izan zuen borroka. Obra guztia, jatorrian, kolorez margotuta eta brontzezko osagarriz hornituta zegoen.

Zer gertatu zen geroago?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frisoko eskulturetako batzuk, Londreseko British Museum delakoan.

Partenoiak aldaketa gehiegirik gabe iraun zuen K.o. V. mendera arte. Orduan, Fidiasek egindako estatua kolosala erretiratu eta tenplua eliza kristau bat bihurtu zen. VII. menderako ere egitura-aldaketa batzuk egin ziren barnealdean.

Turkiarrak 1458an jabetu ziren Greziaz, eta, bi urte beranduago, Partenoia meskita bihurtu zuten, hego-mendebaldeko izkinan minarete bat gehituz. 1687an turkiarren aurkako borroka batean, veneziarrek Akropolia bonbardatu zuten, eta eraikinaren erdigunea suntsitua izan zen, bolborategi batek eztanda egin ondoren.

1801-03 bitartean, geratzen ziren eskulturetako asko Lord Elgin noble britainiarrak kendu zituen, turkiarren baimenarekin, eta 1816an Londresko British Museum delakoari saldu zizkion. Partenoiaren beste eskultura batzuk Atenasen dauden arren, beste asko hainbat herrialdetako museoetan banatuta daude.