Wikipedia, Entziklopedia askea

British Museum

Museoa airetik ikusita.

British Museum (euskaraz “Britainiar Museoa”) Londresen (Erresuma Batuko hiriburuan) dagoen museo bat da. 70 areto baino gehiago ditu eta, bertan, mundu osoko eta garai guztietako arte eta objektu kulturalen bilduma handia ikusi daiteke, haitzuloetako gizakietatik hasi eta egungo objektuak biltzen dituen bilduma, hain zuzen ere.

British Museum estatuarena denez, sarrera doakoa da. Urtero, sei milioi pertsonak bisitatzen dute. Hori dela eta, Londresko lekurik bisitatuenetako bat da. Batzuetan jendez gainezka egoten da, batez ere asteburuetan.

Sir Hans Sloane Ipar Irlandako zientzialariak bizitzan zehar 70.000 ondasun kultural baino gehiago bildu zituen. 1753an hil ondoren, bilduma handi hori britainiar herriari utzi zion, mundu guztiak bisitatzeko eta ondorioz, estatuak museo nazional bihurtu zuen. Hasieran, museoa Montague Housen zegoen, hau da, antzinako etxe handi eta dotore batean eta geroago lekualdatu zuten gaur egungo eraikinera. Denborarekin, objektu gehiago gehitzen joan dira, besteak beste, britainiarrek atzerriko herrialde asko konkistatu eta haien altxor asko bereganatu zituztelako.

Zer aurkitu dezakegu museoan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoaren erdiguneko patioa.

1997ra arte, milioi bat liburu baino gehiago zituen irakurketa gela bat zuen museoak, British Library-ko (euskaraz “Britainiar Liburutegia”) liburuekin, hain zuzen ere. Gela hori museoaren patioko eraikin biribil batean zegoen eta kristalezko kupula bat zuen. Gaur egun, areto hori erakusketa berezietarako erabiltzen da. Museoan, objektuak galerietan erakusten dira eta galeria bakoitza munduko zati bati buruzkoa da.

Afrikako saila sotoko galeria handi batean dago. Bertan, Afrikako tribuen antzinako tresnak eta armak daude, baita artista afrikar modernoen artelanak ere. Amerikako saila, aldiz, bi zatitan banatuta dago: alde batetik, Ipar Amerikako atala dago eta bestetik, Mexikokoa. Ipar Amerikako atalean, toki horretako indiarren kultura eta bizimodua ezagutu dezakegu. Mexikoko atalean, berriz, Erdialdeko Amerikako zibilizazio zaharren aurkikuntza arkeologikoak biltzen dira. Zibilizazio horiek maiak eta aztekak ziren eta gaur egungo Mexikon bizi ziren. Aurkikuntza horien artean bitxiak eta errituetan erabiltzen ziren objektuak daude.

Antzinako Egiptoko sailean, gauza asko ikusi daitezke, hala nola momiak, egiptoar estatuak, hieroglifoak dituzten taulatxoak eta antzinako pitxerrak. Gune horretan, museoko aurkikuntzarik ospetsuenetako bat ere badago: Rosetta harria. Harriak testu bera du, antzinako grezieran, hieroglifikoan eta demotikoan idatzita. Azken hori Egiptoko antzinako idazkera bat da. Zientzialariek hieroglifo asko deszifratu ahal izan dituzte harriari esker, izan ere, gainerako hizkuntzekin alderatu zitzaketen.

Antzinako Grezia eta Erromako sailak dira ziurrenik handienak, izan ere, bi solairuko 20 galeriak osatzen dute saila. Bertan antzinako greziar eta erromatarren objektu kulturalez gain, konkistatutako lurraldeetako kulturen objektuak ere aurki daitezke, adibidez, Toscanako etruriarren objektuak edo gaur egungo Turkiako liziarrenak. Greziako atalaren gauza nabarmenetako bat Atenasko Partenoiko eskulturak dira, "Elginen marmolak" deituak.

Asiako saila goiko solairuetan dago eta Txina, Japonia, India eta antzinako Asiako beste kultura batzuetako loreontzi eta artelan asko daude bertan. Japoniar samurai gerlari ohi baten armadura ere aurkitu dezakegu. Kontinente horretatik datozen objektu asko British Museumerako lan egin zuen Aurel Stein arkeologo hungariarrak aurkitu zituen.

Ekialdeko kulturaren inguruko saila ere handia da. Mesopotamia eta Ekialde Hurbileko antzinako aurkikuntzak aurki daitezke bertan, baita Islameko objektu erlijiosoak ere. Herri arabiarretako arropa tradizionalak ere ikusgai daude.

Europako sailean, kontinenteko historiaren garai eta kultura askotako objektuak aurkitu ditzakegu, batez ere, britainiar uharteetakoak. Sutton Hoo-ko itsasontziaren hilobia oso ezaguna da, 1939an Suffolken (Ingalaterrako ekialdean) aurkitua. Hilobian urrezko kaskoak eta errege anglosaxoi baten beste jabetza baliotsuak zeuden. Anglosaxoiak germaniar tribu bat ziren, eta erromatarrak ihes egin ondoren britainiar uharteak konkistatu zituzten.

Gune bati eremu tematikoa deitzen zaio, eta ez da zona jakin batez arduratzen. Gai zehatz baten inguruko hainbat galeria ditu, adibidez, dirua edo erloju zaharrak. Gainera, beti egoten dira erakusketa bereziak: objektu batzuk epe labur batean baino ez dira egoten ikusgai eta horiek ikusteko sarrera bat ordaindu behar izaten da.