Wikipedia, Entziklopedia askea
Izurde bat plastikozko poltsa batekin.

Plastikoaren bidezko kutsadura Lurreko ingurumenean plastikozko objektu eta partikulak (adibidez, plastikozko botilak, poltsak eta mikroplastikoak) pilatzen direnean gertatzen da, eta horrek kalte egiten die habitat desberdinei eta habitat horietan bizi diren izaki bizidunei, baita gizakiei ere.

Zergatik gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plastikoa gizakiak sortutako material aparta da eta mota askotako gauza garrantzitsuak sortzeko erabiltzen da; adibidez, plastikozko bizikleta-kaskoek, autoetako airbag-ek eta medikuntza-hornigaiek bizitzak salbatzen dituzte, eta plastikozko ur botilak ur garbia edozein lekutara eramateko erabil daitezke.

Arazoa da beharrezkoa den baino plastiko gehiago erabiltzen dugula gutako gehienok, eta sortzen dugun plastikoaren erdia behin erabiltzeko eta gero botatzeko diseinatuta dagoela. “Erabilera bakarreko plastikoak” deritzogunak mota askotako gauzak egiteko erabiltzen dira, adibidez: erosketarako poltsak, hodi edo tutuak, janari-bilgarriak eta beste bilgarri batzuk.

Kontuan izan behar da plastikoak deskonposatzeko 400 bat urte behar dituela, eta, beraz, ingurunean geratzen da denbora luzez, kaltea eragiten.

Zergatik iristen dira plastikozko hondakinak itsasoetara?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialariek uste dute 8,8 milioi tona plastikok amaitzen dutela urtero ozeanoan. Hori munduko kostaldeko metro guztietan zaborrez betetako bost poltsa bata bestearen gainean jartzea bezala da! Baina nola iristen da hori guztia ozeanora?

Batzuetan, jendeak hondakin-kopuru handiak botatzen ditu ozeanora, legez kontra. Dena dela, ozeanora botatzen den plastiko guztia ez da nahita botatakoa. Errealitatean, % 80 inguru lurretik dator.

Plastikozko hondakin asko gainezka dauden zaborrontzietatik edo zabortegietatik eta jendeak zikindutako kale eta parkeetatik iristen da ibaietara, erreketara eta estoldetara.

Beste bide bat gure etxeetako isurbideak dira. Gure arropak mikrozuntzak izeneko plastikozko fibra ñimiñoak dauzkate, eta garbigailuetatik isurbideetara pasatzen dira arropa garbitzerakoan. Gainera, sinetsi edo ez, hortzetako pasta eta aurpegiko gela bezalako produktuek ere plastiko puska ñimiñoak dituzte! “Mikroplastiko” horiek isurbidetik pasatu eta azkenean ozeanora iristen dira. Zorionez, zenbait herrialdetan mikroplastikoak dituzten higiene-produktuak debekatu dituzte; hala ere, beste herrialde askotan oraindik ere erabiltzen dira.

Zergatik dira arriskutsuak plastikozko hondakinak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animaliak eta txoriak era guztietako plastikozko hondakinetan harrapatuta geratu, korapilatu eta ito daitezke; hori gertatzen da, adibidez, arrantzarako sare baztertuekin eta edari-latak elkarri eusteko erabiltzen diren plastikozko eraztunekin. Gainera, itsas animaliek plastikozko puska txikiak, adibidez botilen tapoiak eta bilgarriak, jaten dituzte, janaria direlakoan. Horrek ez du benetako janarirako lekurik uzten haien handitutako tripetan. Eta arazoa ez da hor bukatzen...

Plastikoa ozeanoan puskatzen denean, ez da erabat txikitzen, eta azkenean, arrainek, beste itsas animalia batzuek eta txoriek irensten dute. Plastikozko partikula txikiek produktu kimiko industrial toxikoak xurgatzen dituzte, eta arrainek jaten dituztenean, haien gorputzean sartu eta azkenean gizakiok jaten ditugu.

   Ba al dakizu   
Urtero, 8 milioi tona plastiko amaitzen dira gure planetako ozeano eta itsasoetan. Hori oso berri txarra da uretan bizi diren izaki bizidunentzat, baina baita gizakiontzat ere.

700 itsas animalia-espezietik gora daude plastikoengatik kalteak izan dituztenak. Eta zientzialariek uste dute itsasoetan dagoen plastikoaren kopurua hiru aldiz handiagoa izan daitekeela 2050erako!

Zer egin dezakegu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarrekin lan eginez, guk geuk ozeanoak garbitzen lagundu dezakegu gure erabakien bidez, baita leku segurua izatea lortu ere itsas bizitza miresgarrirako!

Apuntatu paper batean zenbat erabilera bakarreko plastiko erabiltzen duen zure familiak aste batean; gero, bilatu plastiko gutxiago erabiltzeko zer egin! Ur botila berrerabilgarrietatik edan, erosketa-poltsak berrerabilgarriak erabili eta eskatu zure gurasoei fruta eta barazki solteak aukeratzeko, plastikozko bilgarriekin bildutako janariak erosi beharrean. Eta noski, birziklatu ahal bezainbeste!

Gure itsasertzak garbi mantentzen ere lagundu dezakezu hondartzako garbiketa antolatu batera joanez. Dibertigarria da, eta hitzematen dizugu oso harro sentituko zarela zer nolako aldaketa lortu duzun ikusten duzunean.