Wikipedia, Entziklopedia askea

Ibai

Ebro ibaia Mendabia zeharkatzean

Ibaia lur azaletik mugitzen den ur-laster edo ur-korrontea da. Mendietan edo goi-lurretan sortzen da, euri-ura pilatzen denean edo elurra urtzen denean. Ibaia jaiotzen den tokiari iturburua deitzen zaio. Beste ibai batean, aintzira edo laku batean edota itsasoan bukatzen da.

Ibai bat beste ibai handiago batean bukatzen denean, lehenengoari ibaiadarra deitzen zaio. itsasoan bukatzen denean, normalean leku horri bokale edo ibai-ahoa deitzen zaio. Ibaiak txikiak direnean, erreka deitzen zaie, baita errekasto eta lats ere.

Ibai batek daraman ur kantitateari emaria deitzen zaio. Ibai batek ur kantitate oso handia garraiatzen badu, ibai hori emaritsua dela esaten da. Amazonas ibaia da munduan dagoen ibairik emaritsuena, hau da, ur gehien garraiatzen duena.

Ibaien garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak garrantzi handikoak dira biosferarentzat, ur-iturri handia baitira izaki bizidunentzat, eta biodibertsitate handiko habitat-kopuru handia izaten dute, besteak beste, bakterioak, planktona, onddoak, barazkiak, ornogabeak eta ornodunak bizi direlako habitat horietan.

Gizakiontzat ere, oso erabilera garrantzitsuak dituzte ibaiek. - Giza biziguneak eta industriak urez hornitzeko eta soroak ureztatzeko balio dute. Erabilera hau hobetzeko, urtegiak eta kanalak eraikitzen dira. - Funtsezko komunikazio-bideak dira. Ibai nabigagarrietan, ibai-portuak eta ubideak eraikitzen dira, zirkulazioa errazteko. - Uren indarra aprobetxatuz, energia elektrikoa ekoizteko balio dute. Horretarako presak eta zentralak eraikitzen dira.

Zer da ibai baten ibilgua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Ebro da Euskal Herritik igarotzen den ibai luzeena (910 km), Araba eta Nafarroako hego-mendebaleko mugetatik pasatzen da. Aragoi ibaia da Euskal Herri barruan ibilbiderik luzeena egiten duena, 192 km hain zuzen. Esako urtegian jaiotzen da eta Nafarroa zeharkatu ondoren Ebro ibaiarekin bat egiten du. Nerbioi-Ibaizabal ibaia da Bizkaiko Golkoan ura isurtzen duten ibaien artean ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km-koa), guzti-guztia euskal lurraldeetan.

Ibaiak iturburutik itsasoratu arte egiten duen ibilbidea ibilgu deitzen da. Hiru zati bereizten ditugu: goi-ibilgua, erdiko ibilgua eta behe-ibilgua.

  • Goi-ibilgua: ibaiaren zatirik aldapatsuena da. Zati honetan, ibaiak ez dira oso sakonak edo zabalak izaten eta ura oso azkar jaisten da, eta daraman abiaduragatik ibilguko lurra eta harriak mugitzen ditu; horri higadura esaten zaio.
  • Erdiko ibilgua: aldapa gutxiagoko zatia da. Hemen, higadura txikiagoa izaten da, ibaiak sakonagoak eta zabalagoak izaten dira eta urak material fin edo txikiak eramaten edo garraiatzen ditu.
  • Behe-ibilgua: ibaiaren azken zatia da, itsasotik edo ibai-ahotik hurbilekoa, lurrak oso aldapa gutxi duen lekuan. Ibaiaren zatirik zabalena eta sakonena izaten da, ura oso poliki mugitzen da eta, horregatik, sedimentazioa gertatzen da bertan: hots, urak garraiatu duen materiala (lurra, harriak eta abar) hondoan edo ertzetan pilatzen edo metatzen da.