Wikipedia, Entziklopedia askea

Polifemo

Polifemo greziar mitologiako pertsonaia bat da. Homeroren Odisea epopeian agertzen delako da ezaguna batez ere. Polifemo ziklope bat zen, kopetaren erdian begi bakarra zuen erraldoi bat. Itsasoko jainko Poseidon eta Toosa itsas ninfaren semea zen.

Polifemo, Ulisesen ontzia hondoratu nahian (Arnold Böcklin, 1896)

Odisean, Troiako Gerraren ondoren Odiseo greziar heroia eta bere gizonak Siziliako kostaldera iritsi zirenean, Polifemok harrapatu egin zituen. Haitzulo batean sartu zituen, jateko asmoz, eta sarrera harkaitz erraldoi batekin itxi zuen. Polifemok haren gizon batzuk jan ostean, Odiseok ziklopea mozkortzea lortu eta itsutu egin zuen, lo zegoela haren begi bakarrean sutan zegoen ilinti bat sartuz. Horrela, Odiseok eta bizirik zeuden lagunek ihes egitea lortu zuten, Polifemok bere ardiak bazkatzera ateratzean haien sabelaldeari helduz.

Orduan, Polifemok mendekua hartzeko eskatu zion Poseidon aitari, itsasoko jainkoari, eta hark itsasoa zakartu zuen Odiseok ezin izateko etxera itzuli hamar urtez. Istorioaren beste bertsio batzuek diote Polifemo guztiz maitemindu zela Galatea izeneko itsas ninfa batekin.