Pop

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rolling Stones taldea.

Pop musika gaur egun jende askok entzuten duen musika da. Pop musika esamoldeak, berez, musika popularra esan nahi du, baina ez du zerikusirik herri-musikarekin edo musika folklorikoarekin; musika folklorikoa herriko jendearen musika eta kanta tradizionalak dira. Pop musikak, berriz, musikari profesionalek sortutako musika da, asko saltzen dena eta pop kantagintzaren negozioa diru asko mugitzen duen industria da mundu mailan.

Pop musika motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pop musika mota asko daude; ezagunenak honako hauek dira: rocka, country musika, rapa, rhythm and blues (R&B ere deitua), dance musika, bluesa, jazza eta reggaea. Mundu osoko jendeak entzuten ditu pop musika mota horiek.

Dena den, pop musika mota batzuk herrialde edo eskualde jakin batzuetan entzuten dira gehiago. Askotan, musika mota horiek leku horretako musika tradizionalean oinarritzen dira. Musika mota horietako batek munduan ospea hartzen badu, world music (munduko musika) deitzen zaio.

Oso ohikoa da pop musikako kantu bat denbora-tarte labur batez egotea bolandan (oso entzuna izatea). Denbora laburrean, etengabe ateratzen diren abesti berriek ordezkatzen dituzte abesti arrakastatsuak. Pop musika generoek ere ospea gal dezakete. Ragtime, vaudeville, big band, soul, funk eta disko generoek ospea galdu dute. Hala ere, abesti batzuek urte askoan zehar mantentzen dute noizbait lortutako ospea.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pop musikaren oinarriak musika erlijioso, Musika klasiko eta folk musika ezberdin askotan daude. XIX. mendean, banda sinfonikoek eta musika talde ibiltariek jende askori helarazi zioten pop musika.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Estatu Batuak bilakatu ziren pop musikaren erdigune nagusia. New Yorken, abestigileek kanta oso ospetsuak idatzi zituzten. Afro-amerikarrek jazza eta beste pop musika mota batzuk asmatu zituzten.

XX. mendearen hasieran, fonografoak agertu ziren; haiei esker, edozeinek entzun zezakeen musika etxean bertan. Denbora gutxira, irratia agertu zen, eta abesti ospetsuak jotzen zituzten orkestrak entzun zitezkeen etxeetan.

Rock and roll deritzan musika country eta blues musiken nahasketa bat da; 1950eko hamarkadan sortu zen eta ikaragarri gazteen gustukoa bilakatu zen berehala. Rocka da pop musikaren generorik ezagunena, baita gaur egun ere.

XX. mendearen amaieran, irratiari, telebistari, filmei eta Interneti esker, pop musika hazi eta aldatu egin da. Asmakizun horiei esker, milioika pertsonak musika entzun dezakete aldi berean; horretaz gain, baitarteko horiei esker, musika negozio ikaragarri handia da gaur egun.