Wikipedia, Entziklopedia askea
Nerabe batzuk.

Pubertaroa bizitzaren aro edo garai bat da, non giza gorputzak heldutasun sexuala eta ugaltzeko ahalmena lortzen dituen. Heldutasun sexuala lortzeak esan nahi du emakumeak haurdun gera daitezkeela, hau da, seme-alabak izan ditzaketela, eta gizonek haurdun utz ditzakete emakumeak.

Noiz da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pubertaroa bederatzi urteetatik aurrera hasten da, gutxi gorabehera; nesken kasuan, lehen hilekoarekin hasten da, eta mutilen kasuan, pubiseko ileen agerpenarekin. Une horretan, gorputzak zenbait hormona kantitate handiagoan sortzen dituenean eta odolean askatzen ditu.

Hormona horien ondorioz, sekulako aldaketak izaten ditu gorputz osoak. Gorputza azkar hazten da; baina hori ez da gertatzen adin berean bi sexuetan. Mutilen gorputzak pubertaroaren hasierarekin hasten dira luzatzen; nesketan lehenago gertatzen da hori. Mutilen muskuluak handitu egiten dira eta nesken gorputzean lipido kantitate handiagoa metatzen da. Bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzen dira, eta gonada eta genitalak hazten. Aldaketa psikologiko eta emozionalak ere gertatzen dira.

Dena dela, esan behar da gorputz batetik bestera desberdintasun handiak daudela, luzatzearen hasiera eta iraupena direla eta, baita erabat osasuntsu dauden umeen artean ere. Askotan, gurasoek eta nerabeek ez dute hori kontuan hartzen, eta etengabe besteekin konparatzen egoteak antsietatea sor dezake. Mutilen kasuan, bat-batean luzatze hori 9 urterekin gerta daiteke; batzuk, hala ere, 15 urterekin hasiko dira bat-batean luzatzen. Prozesu hori, nesken kasuan 7 edo 8 urterekin has daiteke, edo 12, 13, edo baita 14 urtera arte atzeratu.

Nolakoa da mutilen pubertaroa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon gazteei bizarra ateratzen zaie. Hamabi urte inguru dituztenean, iletxo leunak ateratzen zaizkie goiko ezpainaren gainean, eta geroago masailetan. Zakilaren inguruan ere ilea ateratzen zaie, ile pubikoa. Ondoren, besapeetan eta hanketan. Zakila eta barrabilak azkar hazten dira. Laringea ere hazi egiten denez garai honetan, ahotsa aldatu egiten da eta lodiagoa edo sakonagoa egiten da.

Pubertaroan, barrabilak hazia edo esperma sortzen hasten dira. Hazian espermatozoideak egoten dira, gizonen sexu-zelulak.

Nolakoa da nesken pubertaroa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neskei bularrak hazi egiten zaizkie, ilea ateratzen zaie pubisean eta besapeetan. Ugalketarako organoak garatzen dira. Obuluak obulutegietan sortzen dira eta ernaldu egin daitezke: obulazioa gertatzen da. Pelbisa zabaldu egiten da, haurrari behar adina leku emateko eta erditzea errazteko.

Pubertaroan, lehen obulazioaren ondoren hasten da lehen hilekoa. Honek, bere izen propioa du, eta menarkia deitzen da. Honen ondoren, neska gazteak haurdun gera daitezke eta seme-alabak izan ditzakete.

Nola aldatzen dira sentimenduak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da gorputza bakarrik aldatzen dena. Pertsonen sentimenduak ere aldatu egiten dira: gazte askok berehala nabaritzen dute beren sentimenduak nola aldatzen diren. Batzuetan pozik egoten dira, beste batzuetan oso triste edo haserre. Batzuetan uste dute edozer gauza egin dezaketela eta indartsu sentitzen dira, eta beste batzuetan ahul sentitzen dira eta ez dute beren buruarengan konfiantzarik ezer egiteko. Gehienetan, nerabeek ezin izaten dute azaldu zergatik dituzten sentimendu horiek. Nerabeek umore aldaketa horiei aurre egiten ikasi behar dute pubertaroan.

Nerabe asko gurasoengandik ere urruntzen dira. Ez diete gurasoei dena kontatzen, baizik eta nahiago dute lagunei kontatu. Erabaki asko hartu nahi dituzte beren kabuz, ia heldu sentitzen direlako. Ez dute gurasoen aholku gehiagorik nahi. Guraso asko beren seme-alaben beldur dira, adibidez, etxera gaueko ordu txikietan iristen direnean. Orduan, gurasoek eta nerabeek beren artean eztabaidatzen dute.

Pubertaroaren garaia lehen maitemintzearena ere izaten da: beste mutil edo neska batek erakarrita sentitzen dira eta berarekin denbora asko igaro nahi dute. Hala ere, batzuetan nerabeak oso segurtasunik gabe sentitzen dira eta zaila egiten zaie harremanetan jartzea; ezin dute onartu maiteminduta daudela. Aldi berean, fisikoki maiteminduta dauden pertsonarengandik hurbil egon nahi dute. Gero, pertsona musukatu nahi dute edo sexu-harremanak izan. Horrek ere eztabaidak sortzen ditu gurasoekin.