Wikipedia, Entziklopedia askea

Sexismo

Eduki-taula

Emakumeen boto-eskubidearen aurkako kanpaina, AEBn, XX. mende hasieran

Sexismoa sexu bateko pertsonak besteak baino hobeak direla uste izatea da, bai eta uste horretan oinarritutako jarrera eta ekintzak ere; gure gizartean, batez ere emakumeek pairatzen dute sexismoa, oraindik ez delako lortu gizonen eta emakumeen arteko berdintasun osoa. Horregatik, sarritan, emakumeak baztertu edo ezberdin tratatzen dituzte, emakumeak izateagatik baino ez. Pertsona transgeneroek ere sexismoa jasaten dute.

Adibidez, sexismoan oinarrituta, pertsona batzuek pentsatzen dute emakumeak gizonak baino txarragoak direla zenbait alorretan, esaterako lanean edo kiroletan. Sexismoarengatik emakumeek aukera gutxiago dituzte bizitzan eta gizonen aldean gutxietsiak dira. Munduko herrialde askotan emakumeek gizonek baino eskubide gutxiago dituzte oraindik. Eta eskubide horiek aitortzen dizkieten herrialdeetan ere, genero-berdintasuna kontu berri samarra da; esaterako, Mendebaldeko herrialde askotan, XX. mendera arte emakumeek ezin izan zuten botoa eman edo unibertsitatean ikasi. Feminismoaren borroka oso garrantzitsua izan da gizonek eta emakumeek legez eskubide berberak izan ditzaten.

Alabaina, nahiz eta gurean legeek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aitortu, sexismoa jende ugariren aurreiritzi edo usteetan agertzen da; aurreiritzi horiek dauzkatenek zeregin edo jokabide batzuetara mugatzen dituzte pertsonak, beren sexuaren arabera. Kasurako, sexismoa da pentsatzea emakumeak umeak zaintzen eta etxe lanak egiten baino ez direla onak, edo pertsonak zaintzen lan egin beharko luketela pentsatzea.

Sexismoa benetan kaltegarria da, pertsonei aukerak mugatzen dizkielako eta bazterkeria eta bortizkeria eragiten dituelako; oraindik ere senar, mutil-lagun eta gizonezko senitarteko askok gaizki tratatzen dituzte emakumeak. Denok dugu errespetuz eta duintasunez tratatuak izateko eskubidea, edozein dela ere gure sexu edo generoa. Hortaz, garrantzitsua da pertsonak heztea jarrera sexistarik izan ez dezaten eta pertsona guztiak berdin errespetatu ditzaten.