Wikipedia, Entziklopedia askea

Telegrafo elektriko

1837ko Morse telegrafo bat

Telegrafo elektrikoa urrutitik komunikatzeko tresna bat da, XIX. mendean asmatutakoa. Argindarra erabiltzen du mezu kodetuak kableen bidez bidaltzeko. Asmatu zenean, telegrafoa zen urrutitik komunikatzeko modurik azkarrena.

Nork asmatu zuen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko bi telegrafo erabilgarriak ia aldi berean asmatu zituzten, 1830eko hamarkadan. Britainia Handian, sei kable eta bost orratz erabiltzen zituen telegrafo bat asmatu zuten bi asmatzailek. Transmisore izeneko pieza batek korronte elektrikoa bidaltzen zuen kableetatik. Beste muturrean, korronte elektrikoek hargailu izeneko pieza baten orratzak mugitzen zituzten. Hargailuak letrak eta zenbakiak zituen plaka berezi bat zuen. Orratzek letrak eta zenbakiak erakusten zituzten, mezuak letraz letra adieraziz.

Samuel Morseren erretratua (1865 eta 1880 bitartekoa)

Bitartean, Estatu Batuetan, Samuel Morse telegrafo berri bat asmatzen ari zen, bere kontura. Morsek telegrafoaren bidez mezuak bidaltzeko sistema berri bat sortu zuen: puntuak, marratxoak eta hutsuneak erabiltzen zituen, letrak eta zenbakiak irudikatzeko. Sistema honi Morse kodea deitzen zaio. Morsek eta Alfred Vail izeneko bere kideak kable bakarreko telegrafoa sortu zuten. Transmisoreak tekla izeneko beso bat zuen. Mezua bidaltzen zuen pertsonak tekla sakatzen zuen mezuak Morse kodean bidaltzeko.

1843an, Estatu Batuetako gobernuak Morseri distantzia luzeko lehen telegrafo-linea edo konexioa sortzeko eskatu zion. Konexio hura 60 kilometro luze zen, eta Washington eta Baltimore hiriak konektatzen zituen. Hurrengo urtean bidali zuen Morsek lehenengo mezua sistema horren bitartez. Mezua "Zer ekarri du Jainkoak!" izan zen.

Morseren telegrafoak industria berri bat jarri zuen martxan. 1861 bukaerarako, telegrafo-linea batek herrialde osoa zeharkatzen zuen Estatu Batuetan. XIX. mende amaierarako, telegrafo-lineek mundu osoa zeharkatzen zuten. XX. mende hasieran, mezuak inprimatu egiten zituen telegrafo-mota berri bat asmatu zuten. Geroago, kablerik erabili gabe mezuak airez bidaltzen zituzten telegrafoak ere asmatu zituzten. Kablerik gabeko telegrafoa lehenengo irratietako bat izan zen. XX. mende amaierarako, ordenagailu bidezko komunikazio tresna azkarragoek telegrafoa ia guztiz ordezkatu zuten.