Wikipedia, Entziklopedia askea

Uagadugu

Uagadugu Afrikan dagoen hiri bat eta Burkina Fasoko hiriburua da. Herrialdeko horretako hiririk handiena ere bada, bai eta garrantzitsuena ere herrialdeko ekonomiaren, kulturaren eta administrazioaren ikuspegitik.
2015eko datuen arabera 2,2 milioi biztanle ditu, gutxi gorabehera.

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uagadugu hiria Burkina Faso herrialdeko erdialdean kokatuta dago, Volta Zuria ibaiaren ondoan.

Klima erdibasamortutarra du. Bi urtaro ditu: lehorra bata eta euritsua bestea.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da segurua hiria noiz sortu zen, baina ikertzaileen ustez, badirudi XI. mendean sortu zela, eta Mossi Inperioko hiriburu bihurtu zela 1441. urtean. Mossi Inperio hori XI. mendetik XIX. mendera iraun zuten hiru estatuk osatu zuten. Mossi erregeek jauregi bat eraiki zuten eta hiria pixka bat handitzen hasi zen. Hala ere, Mossi herria nomada zen, eta horregatik XIX. mendearen bukaeran oraindik 5.000 biztanle inguru zituen herrixka bat besterik ez zen; etxe gehienak, gainera, buztinez egindakoak ziren.

1896an, frantsesak Afrikako lur haiez jabetu ziren eta Volta Garaia izeneko kolonia frantses bat eratu zuten Mossien lurraldearekin eta beste lurralde batzuekin; Uagadugu izendatu zuten Volta Garaiko hiriburu. Frantsesen agintepean, hiri itxura hartzen joan zen, eta biztanle kopurua ere handitu zen. 1960an, herrialde osoak independentzia irabazi zuen eta, 1984an, Burkina Faso izena eman zioten.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak bi museo ditu:

  • Musikaren museoan, Burkina Fasoko musika-tresnak daude ikusgai.
  • Manega museoan, musika-tresnak eta kulturarekin lotutako beste objektu asko ikus daitezke.