Ugalkortasun-tasa emakumeek beren aldi ugalkorrean (haurdun gera daitezkeen adin-tartean) duten batez besteko seme-alaba kopurua da. Leku jakin bateko biztanle-kopurua egonkorra izan dadin, ugalkortasun-tasa osoak emakume bakoitzeko 2,1 seme-alabakoa izan behar luke, ez immigraziorik ez emigraziorik ez badago.
Ez dira gauza bera ugalkortasun-tasa eta jaiotza-tasa: jaiotza tasak lurralde jakin batean mila pertsonako izan den jaiotza-kopurua azaltzen du.
Zer informazio ematen digu ugalkortasun-tasak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalkortasun-tasari esker, lurralde jakin bateko biztanleria nola aldatu den ikus dezakegu. Adibidez:
- Lurralde batean, batez beste, emakumeek bi haur izan eta haur horiek 15 urtera arte bizirauten badute, lurralde horretako biztanleria egonkorra izango da. Demografiako terminologian, ordezkatze-tasa lortzea deitzen zaio honi. Horrela deitzen zaio bi gurasoak hil ondoren haien ordezko izango diren bi pertsona egongo direlako bizirik.
- Ugalkortasun-tasa emakume bakoitzeko 2 haur baino gehiago denean, lurralde horretako biztanleria hazi egingo da, bi gurasoak hil ondoren bi seme-alaba baino gehiago egongo direlako haien ordez.
- Aldiz, ugalkortasun-tasa 2 baino txikiagoa bada, lurralde jakin horretako biztanleria gutxitzen joango da pixkanaka.
Hala ere, lurralde bateko biztanleria beste hainbat faktorerengatik ere alda daiteke, hala nola immigrazioagatik eta emigrazioagatik.
Ugalkortasun-tasak aztertuz, gobernuek lurralde horietako biztanleriaren eboluzioa kudeatu dezakete eta horren arabera baliabide eraginkor eta onuragarriak jarri martxan. Esate baterako, herrialde batek oso ugalkortasun-tasa handia badu luzaroan, eskola edota haurtzaindegi gehiago eraiki beharko ditu.
Aldiz, denbora luzean ugalkortasun-tasa txikia izan bada, biztanleria zahartu egingo da urte gutxian. Hori kaltegarria izango da lurralde horretako ekonomiarentzat, osasun-laguntza eta gizarte-segurantza garestitu egingo direlako.