Uitziko ezkontza fedea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Uitziko ezkontza fede euskarazko testu arkaiko bat da, 16. mende hasierakoa, Nafarroa Garaian erresuma oraindik burujabe zen garaikoa, eta euskarazko ezkontza fede dokumentuetan zaharrena. 1509an idatzitako latinezko lekukotasun batean ageri da testua, lekukoek 1506an esandako aitortza baten atranskribapena[1]. Euskarazko testu arkaikoen hurrenkeran (esaldi solteak albora utzita), 3. edo 4. zaharrena litzateke Ander Ros Cubas filologoak 2020an egindako sailkapenaren arabera[2], Ene laztan gozo ederra olerkiaren transkribapenaren garai bertsukoa izanik (izkribu honen datazioa ez da hain zehatza, 1508 eta 1521 urteen artean kokatu dute).

Kontestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milia Leitzako andereak Uitziko Martin Arano bati salaketa jarri zion, harekin ezkondu ondoren. Jakin zuen Miliak lehenik ezkondua zela Martin Arano, eta bere ezkontza baliogabea zela beraz. Lekukoek eman zuten epaitegietan lekukotza, baietz, Martin Arano lehenago ezkondu zela Juana Uitzikorekin. Hitzezko zin edo ezkontza fede batekin ofizialtzen zirelarik ezkontzak garai hartan, entzundako fede ezkontza horren hitzak jasoak geratu ziren epaiko izkribuetan.

Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honela transkribatu izan da ezkontza fedea:

Hic, Martie Arano, arçen duc Johana, presentean dagoenau, eure emazteren? [...].
[...] Arçen dut neure semazteren Johana hau eta hon eta leyal nayçacan, ala dudanas eta duquedanas[...].
[...] Bada, hic, Martin, arcen duc Johana hau eure semazteren? [...].
[...] Bay, ala mia fede, eta horren senarr hon eta leyal içateco. Ala ene fedea, ala ene fedea, ala ene fedea [...].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Reguero Ugarte, Urtzi. (2017). Goi-nafarrera arkaiko eta zaharra: azterketa eta testuak. , 80-82 or. (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  2. «Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa» oinati.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).