Ene laztan gozo ederra...

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ene laztan gozo ederra» orritik birbideratua)

Ene laztan gozo ederra...
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna
Argitaratze-dataXVI. mendea
Aurkikuntza lekuaGipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa
Aurkikuntza data2020
Ezaugarriak
Genero artistikoaolerkigintza
Hizkuntzaeuskara

Ene laztan gozo ederra... XVI. mendeko euskara arkaikoan idatzitako olerki bat da, 2020an Oñatiko Gipuzkoako Probintziaren Artxibo Historikoan aurkitua[1]. Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan eta hitz artean[1]. Datatzea zaila bada ere, 1515 inguruan idatzi zela proposatu da[2].

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen eskuizkribua 2020an, hain zuzen ere, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan, Oñatin, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere. Hortik aurrera, eta Ramon Martin zuzendaria buru zutela, artxibategiko lantalde osoa murgildu zen agiriaren prestaketan eta azterketan, Iago Irijoa historialariaren laguntzarekin —berak egin zuen testuaren behin-behineko lehen transkripzioa—[1].

Izkribua erakusgai Koldo Mitxelena Kulturunean, 2020ko abenduan.

Publiko egin aurretik, Foru Aldundiak ikerlariekin kontaktatu eta aurkikuntza ebaluatu zuten hauek. Jose Valderrey argazkilariak definizio handiko irudiak egin zituen, eta Gordailua instituzioan digitalizazio gehigarriak egin zituzten euskarazko testua hobeto berezi eta irakurtzeko[3]. Aurkikuntza 2020ko Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, egin zen publiko, eta idazkia bera publikoan erakutsi zuten Koldo Mitxelena Liburutegian bi astez[1].

Oinarria eta datazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzok Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustirenean lan egin zuen eskribautzarako ikasle bat izan zela. Azkoitiko notario-protokolo edo testamentu bat da azpiko erdarazko testua. Insausti eskribaua Azkotiko alkate ere izan zen[4]. Euskarazko olerkia idatzi zuenak testuko hutsuneak (goialdean, eta ezker eskuin) erabili zituen berea idazteko, baina erdarazko testuaren erditik ere pasatzen da beheko partea. Euskarazko testuak lauki baten forma hartzen du, gainerakotik askatuz gero.

Euskarazko testua, jatorrizkoan digitalki nabarmendua.

Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean[1].

Testuaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko testua, gainerakoa garbituta.

Testuak munta handia dauka, oro har, oraindik ere garai hartako euskal testuak oso urriak direlako[5]. Heldu zaizkigun gehienak labur-laburrak dira, gehienetan esaldi solteren baten edo kopla txiki baten tamaina gainditzen ez dutenak. Ezkontza fede banaka batzuk gorabehera, oso testu gutxik euskara arkaikoaren muga —1600az aurretikoak izatea, alegia— gainditzen dute[6].

Oñatin agerturiko bi poemak euskararen historia osoko (gutxieneko luzerako) hirugarren edo laugarren testu zaharrenak ditugu, 1416ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta Pater Noster txikiaren atzetik —beranduenik, 1425ekoa bide da—, 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsukoa. Testu nafarren atzetik, zaharrena, beraz, eta haiek baino luzeagoa. Historia urri horretan, lehendabiziko testu lirikoa ere badugu; izan ere, Nafarroako kondestablearen kanta aurretikotzat jartzen da, agian 1494koa baita baina, egiari zor, Moretek 1715ean transmitituriko koplatxo bat da[5].

Bestalde, erdialdeko euskararen aurrekaritzat har litekeen Gipuzkoako hizkera zaharretan idatziriko testu bakanetakoa dugu. Zazpi testu esanguratsu genituen aurretik: alde batetik, ekialderagoko 1557ko Tolosako ezkontza fedea eta 1620ko Isastiren errefrauak; bestetik, denak ere Azkoitiko poemen eremutik gertuago, Debako seroraren gutuna (1596), Estibalitz Sasiolakoaren poemak (Lazarragaren eskuizkribuan gordeak), 1614ko Azkoitiko Sumario brebea, 1622ko Azpeitiko gutuneria eta Bretainiako kanta, 1489-1491. urteetan gertaturiko pasadizo historiko baten berri ematen duena (azken hori, 1491-1510 bitartean ondua da agian,[7] baina 1590an hildako Diego Velez Idiakezek papereratutakoaren 1626ko kopia batean iritsi zaigu)[5]. Azkoitikoa bertakoa delako (eta zahartasunagatik) besterik ez bada, aipatzekoa da 1566ko Domingo Arangurenen ziri-bertsoa ere.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen transkripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuaren transkripzio paleografikoa honako hau da[8]:

«

Ene laztan gozo ederra penaz penaçen naçu
orreyn culez nindulçula / nola amora nençaçun ori escuan ezpata
çeure escuoz naraçu andicoz eta ebeticoz /
barçaçio diqueçut ezcutaria usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea /
Amore minez penaçen olloa lumaz estari ni amorez yçerdi ene barco negarre/tan çal/diac […]ue/ri leyara /
Niri […]uan / çatan ne/ure amo/rea le(o)/na […] ez/quero / oy […]adu/cat neu/re vioçean barruna
[…] bat/ean ni/joeala
Goyçean / goy/çic jaqui / ninça / astean / egun / vatean / astean e/gun vatean / da astele/en goy/çean ne/ure laztan / velagay / au[…] çequidan / arrean / Neurc / nay ene/ban / vian, çe/onçan aldean / colpe andi/ac jo nen/guian Vio/ç onen e/erdian /
Eliçara va/niejoean / colpea(u) / arr neçane/an Velau/rico jarri ninçan, Alderean aurrean. Neure pecatuaz confesatu eguin e/ba[…] bequela, penetençia eman çidan, Vide nevan bequela.
Vitarteco ema[...] ni[...]gon...[oh 1]

»


Interpretazioari dagokionez, Ander Ros Cubasek eta Iago Irijoa Cortesek behin-behineko proposamen hau plazaratu zuten[8]:

«

Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu

- Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?

Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz

- Barcaçio diqueçut[oh 2] ezcutaria,
usatu eztet arma guiza erayten
lecobidi[oh 3] guiçon gaztea

Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco[oh 4] negarretan
çaldiac [ag]ueri leyara

- Niri [j]uan çatan neure amorea
leena [on]ezquero
oy [d]aducat neure vioçean barruna.

[Egun] bat/ean ni/joeala

Goyçean goyçic jagui ninçan, astean egun batean, astean egun batean, da asteleen goyçean neure laztan velagay au[si] çequidan arrean neurc nay eneban vian, çeonçan aldean colpe andiac jo nenguian, vioçonen erdian.

Elizara vanijoean, colpea[u] ar neçanean Velaurico jarri ninçan, alderean aurrean neure vecatuaz confesatu, eguin [n]eba[n] bequela penetençia eman çidan, vide nevan bequela.

Vitarteco em[en] ni[a]gon[oh 5]

»


Lehen edizio kritikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argitaratutako lehen edizio kritikoan, aldiz, beste irakurketa bat proposatu du Borja Ariztimuño filologoak:[9]

«

A
—Ene laztan gozo ederra,
penaz penaçen naçu;
orreyn çulez[oh 6] ninduçula,
nola amora nençaçun?
Ori[oh 7] escuan ezpata,
çeure escuoz naraçu[oh 8];
andicoz eta ebeticoz
barcaçio diqueçut.
—Ezcutaria, usatu eztet
armaz guiza erayten,
leco bidi guiçon gaztea
amore minez penaçen.

»
«

B
Olloa lumaz estari,
ni amorez yçerdi,
ene barco[oh 9] negarretan
çaldiac ygueri.

»
«

C
Leyara niri juan çatan
neure amorea, leena;
arrezquero oy daducat
neure vioçean barruna.

»
«

D
Goyçean goyçic jagui ninçan astean egun vatean,
astean egun batean da asteleen goyçean.
Neure laztan Velagayau sar çequidan arrean,
neurc nay eneban vian, çeonçan aldean.
Colpe andiac jo nenguian vioçonen erdian.
Eliçara vanijoean colpeau ar neçanean,
velaurico jarri ninçan alderean aurrean.
Neure pecatuaz confesatu, eguin neban bequela,
penetençia eman çidan, vide nevan bequela.
Vitarteco eman niagon[oh 10] (...)

»


Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Irakurtezina.
  2. 'emango dizut'
  3. 'salbu eta'. Ikus Lekobide.
  4. 'malko'; ikus 9. oharra.
  5. 'nagon' (noka); ikus 10. oharra.
  6. 'zurez(ko), gogor, sorgor'
  7. 'tori'
  8. 'hil nazazu'
  9. 'bartko'
  10. 'nion'

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Gurrutxaga Uranga, Amagoia. «Duela 500 urteko maitasun hitzak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  2. cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander. «Ene laztan gozo ederra..., dokumentu testuinguruaren eta paleografiaren analisia» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  3. «'Ene laztan gozo ederra...', argazkiak» oinati.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  4. «Azkoitiko notario-protokoloan agertu dira euskaraz idatzitako eta gordetako maitasun olerki zaharrenak» azkoitia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  5. a b c cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander. «Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  6. Lakarra, Joseba Andoni. «Euskararen historia eta filologia: arazo zahar, bide berri» ASJU Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" ISSN 0582-6152. (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  7. (Gaztelaniaz) Otazu, Alfonso. «El cantar de Bretaña: un poema inédito de fines del siglo XV en la lengua vasca» Fontes Linguae Vasconum, nº 19 (1975), pags. 43-70 (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  8. a b cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander; Iago Irijoa Cortes; Ramon Martin Suquia. «Ene laztan gozo ederra... lehen transkripzioa eta interpretazioa» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  9. Ariztimuño Lopez, Borja. (2020 [2022]). «Ohar filologikoak Azkoitiko testu aurkitu berriaz: irakurketa proposamena» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 54 (1-2): 1–18.  doi:10.1387/asju.23317. ISSN 2444-2992..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]