Urretxindorra (ipuina)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urretxindorra
"Urretxindorra", Robinsonen ilustrazioa.
Datuak
IdazleaHans Christian Andersen (1843)
Argitaratze-data1997
GeneroaFantasia-ipuina
Jatorrizko izenburuaNattergalen
HerrialdeaDanimarka
BildumaHemeretzi ipuin
Euskaraz
IzenburuaUrretxindorra

Hans Christian Andersen idazlearen ipuin ezaguna da "Urretxindorra". 1843ko azaroaren 11an argitaratu zen lehen aldiz Kopenhagen. Jatorriko bertsioa danieraz dago.


Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Bazen behin, Txinan, jauregi zoragarri bat, lorategi handi eta eder batekin, lore ederrez beteta. Lorategian barrena urrutira joaten zenak baso liluragarri bat aurkitzen zuen, zuhaitzez eta aintzira sakonez betea. Itsasoraino heltzen zen baso hura. Baso horretan urretxindor bat bizi zen, ikaragarri ondo abesten zuen txori txikitxo bat. Gauero, lanpetuta egon arren, arrantzale bat bere kanta entzuten zuen poz-pozik.

Munduko toki guztietatik joaten zen jendea kanta polit hura entzutera eta han ikusitakoak kontatzen zituzten. Jakintsuek jauregiaz eta lorategiez liburuak idazten zituzten, baina batez ere txoriari buruz idazten zuten, hura zen maitatuena. Liburuen arabera, animalia txikiaren kanta entzun eta negarrez hastea zen ohikoena.

Denboraren poderioz, liburu haietako batzuk enperadorearen eskuetara heldu ziren eta hau asko harritu zen txori horri buruz entzuten zuen lehen aldia zelako. Orduan, bere zerbitzari nagusiari txoria bilatzeko eta harengana ekartzeko eskatu zion, kanta polit hori entzuteko asmoz.

Hala ere, arazo bat zegoen, zerbitzari horrek ez zekien ezer txori horri buruz eta Gorteko jendeari galdezka ibili zitzaion, baina inork ez zeukan txori horren berri.

Orduan, sukaldean neskame batek esan zion berak bazekiela txori horren bizilekua non zegoen, gauero entzuten zuela bere amaren etxetik bueltatzean eta akordio bat egin zuten; neskameak zerbitzari nagusia hara eramaten baldin bazuen, mailaz igo eta sukaldari bihurtuko zuen.

Hala, neskameak Gorteko hainbat pertsona urretxindorrarengana eraman zituen eta bere kantua entzun eta asko gustatu zitzaien, arrakasta ziurra zela jakinda, enperadorearen aurrean abestera baiezkoa eman zuen txoriak.

Jauregia argitu eta apaindu zuten momentu hartarako. Enperadorea eserita zegoen aretoaren erdian urrezko tronuan, eta hainbeste gustatu zitzaion kanta, ezen hunkitu zen eta malkoak etorri zitzaizkion masailetan behera. Mundu guztiari asko gustatu zitzaion.

Enperadoreak gortean jarri behar izan zuen kaiolatxo batean, bi aldiz egunez, eta beste birritan gauez ateratzen zen paseatzera, baina urretxindorra ez zegoen oso pozik.

Beste egun batean, enperadorearen jauregira kutxa bat heldu zen, eta kutxa hori irekitzean ezusteko handia hartu zuen enperadoreak. Kutxa barruan urretxindor artifizial bat zegoen, zafiroz, diamantez eta errubiz egindakoa...

Orduan bi urretxindorrak batera abestera jarri zituzten, baina ez zen ondo atera biek modu ezberdinean egiten baitzuten kanta. Hortik aurrera, txori artifizialak bakarrik abestu zuen eta benetakoak bezain ondo egiten zuen. Harri bitxiz egindako urretxindorrak, hogeita hamahiru aldiz egin zuen kantu, eta urretxindor bizidunari aukera eman nahi izan ziotenean, honek ihes egin zuela ikusi zuten. Geroztik, urretxindorra esker gaiztoko animalia bihurtu zen.

Ez zioten garrantzi handirik eman beste urretxindor hobea zutelako. Musika-irakaslearen ustez askoz urretxindor hobea zen dena prestatuta zegoelako, eta edonork ikus zezakeelako nolakoa zen barrutik. Hurrengo igandean guztion aurrean jarri eta arrakasta lortu zuen txori artifizialak.

Musika-irakasleak urretxindorrari buruzko hogeita bost liburu idatzi zituen. Asko gurtzen zuten eta urtebete igaro zen horrela baina gau batean, enperadorea bere kanta entzuten ari zela, txori artifiziala apurtu egin zen. Medikuari eta erloju - konpontzaileari deitu zieten, eta azken honek esan zuen urtean behin bakarrik entzun ahal izango zela. Hala ere, musika irakasleak argitu zuen lehen bezain ondo egiten zuela kanta.

Bost urte pasatu ziren, eta herri osoa zegoen kezkatuta enperadorearen egoera zela eta, oso gaixorik zegoen. Horren ondorioz, enperadore berria izendatu zuten.

Enperadoreak hotz eta zurbil ematen zituen egunak bere ohean, baina denek hilda zegoela uste zuten arren, bizirik zegoen. Bere logelak leiho txiki bat zuen.

Enperadoreak ezin zuen ia arnasarik hartu, bular gainean zama astun bat balu bezala. Orduan, begiak ireki eta " Herio " bere bularraren gainean zegoela ikusi zuen. Bere ingurura begiratzean, enperadoreak buru asko ikusi zituen, bere mamu gaizto eta zintzoak ziren, batzuk atseginak eta beste batzuk, ordea, ez hainbeste.

- Oroitzen al zara ? -esaten zioten batak bestearen atzetik -. Oroitzen al zara ?

- Nik ez nekien hori - esaten zuen honek aurpegia izerditan blai. -. Jo musika! Jo musika !

Bat-batean, leihoan urretxindor bizia kanta egiten zuela entzun zuen. Enperadorearen egoera txarra zela jakinda, bera laguntzera joan zen, eta enperadoreak abesten jarraitzeko eskatzen zion behin eta berriro. Orduan, urretxindorrak abestearen truke urrezko ezpata eta bere koroa nahi zituela esan zion.

Orduan, Heriok bitxi guztiak bueltatu zizkion kantu baten truke. Txoriak abestu zuen, eta Herio leihotik kanpo botatzea lortu zuen. Urretxindorrak kanta eta kanta egin zion enperadoreari, loak hartu arte.

Enperadorea, esnatzean, osasuntsu eta pozik sentitzen zen eta txoriari berarekin betiko geratzea eskatu zion.

Txoriak, ordea, ez zuen hori nahi, eta proposamen bat egin zion; noizbehinka enperadorearen logelara joatea eta berarentzat kantatzea, bere gogoa suspertzeko. Orduan, enperadoreak proposamena onartu eta ere esan zion ez ziola inori ezer kontatuko, eta horrela amaitu zen istorioa.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]