Urrutia jauregia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Urrutia jauregia
Ozaeta 07.JPG
Kokapena
kokapenmapa

Urrutia edo Iduia jauregia Barrundiako Ozaeta herrian dagoen jauregia da.

2009ko martxoaren 30ean Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregi barroko soila da, apaindura gutxikoa. Eraikinak oinplano karratua du eta lau isuriko estalkia, malda handikoa. Estalkia zeramikazko teila arabiarrekoa da. Beheko solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua ditu. Eraikina harlangaitzez egina dago, eta harlandua du izkinetan eta baoen inguruan. Jauregiaren eskantzuetan, lehen solairuaren eta teilatupearen artean, harrizko mentsula apaingarri batzuk daude, fatxaden elkarguneetan. Mentsula horiek goialdea etzana dute. Fatxada bakar batean ere ez da inposta horizontalik erabili solairuen arteko bereizketa nabarmentzeko.

Fatxada nagusia hegoaldera begira dago, eta laua, simetrikoa eta ardatz zentralekoa da. Ondo antolaturiko konposizioa du: hiru bao-ardatz bertikal ditu, eta solairuak ongi hierarkizatuta. Lehen solairuan, atetzar bat dago ezkaratzera sartzeko. Dintelduna da, eta ingurua hareharriaz nabarmenduta du. Sarbidearen bi aldeetara leihotxo altu batzuk daude, ezkaratzaren argizulo gisa. Alboetan, gainerako bi bao-ardatzak osatuz, leiho bertikal bana dago. Leiho horiek dinteldunak dira, harlandu handiz inguratuak, orejetarik eta moldurarik gabe. Leihoek burdineria dute, fatxadaren planotik zertxobait aterata. Ezkerreko aldeko burdineriak apaindurak ditu goiko aldean; frontoi kurbo gurutzedun bat, hain zuzen. Eskuineko aldekoak, berriz, galduta du hori. Solairu horretan bertan, duela gutxi eginiko leiho bat dago. Lehen solairua solairu nagusia da, eta hor, beheko solairuko ardatzekin lerrokatuta, hiru hutsarte handi daude, harlanduz inguratuak. Erdiko baoak, sarbideko atetzarraren gainean, sekzio angeluzuzeneko moldura du aurrealdean eta fatxadako balkoi bakarrera irteten da. Alboko baoak, berriz, leiho lauak dira, apaindurarik gabeak. Balkoia hareharrizkoa da, hiru mentsula edo harburu zertxobait kiribildutan bermatzen da, eta burdina forjatuzko karela du. Balkoiaren eta alboko leihoen artean, beheko argizuloen ardatz berean, armarri bana dago, baoak baino altuagoak eta handiagoak. Bi armarriek larru erlaitzdunak eta hauts-babes molduratuak dituzte eta horman txertaturiko deskarga-arkutxuen azpian daude. Ezkerreko armarriak irudi hauek ditu: fruta-arbola bat, gaztelu bat -atean txakur bat kateatuta duela-, bi otso ibiltari, hiru zerrenda eta lehoi zutitu bat. Eskuineko armarriak, berriz, hauek ditu: gaztelu bat -atean txakur bat kateatuta duela-, bi otso ibiltari, hiru zerrenda eta lehoi zutitu bat. Teilatupeko solairua altuera txikikoa da eta hiru bao karratu ditu, harlanduz eginak, ardatz bertikalei jarraiki. Estalkiaren isurialdeak ez du elementu irtenik. Aurrealdeko eremu libreak fatxada nabarmendu egiten du. Bertan, putzu biribil bat dago, bai eta finka ixteko zenbait elementu ere.

Ekialdeko fatxada laua da eta 4 bao-ardatz bertikal ditu. Baoak dinteldunak dira eta apaindurarik gabeko harlandua dute inguruan, hareharrizkoa. Erdiko baoen arteko tartea txikiagoa da. Beheko solairuan, hiru leiho daude; burdineriazko itxitura dute, fatxada nagusiko burdineriaren antzera apainduta. Erdiko leihoko burdineria-itxitura altuera txikiagokoa da eta sarrera-ate bat du ondoan, bigarren ardatzean (ezkerretik hasita). Lehen solairuan, lau baoak antzekoak dira: leiho bertikal lau eta kareldunak dira. Karela bi harlandu handiz osatuta dago. Ez dago armarririk, ezta balkoirik ere, eta nolabaiteko erregulartasuna hautematen da. Teilatupeko solairuan, lau bao txiki daude; hiru karratuak dira eta bestea, berriz, bertikala.

Mendebaldeko fatxadak gorputz bat du erantsia, eta horrek eragin handia du fatxadaren egituran. Eranskin horretan, jatorrizko eraikinean erabilitako harlangaitzari eutsi zaio eta zurez estaliriko beste gorputz bat erantsi, lehen solairua osatzeko. Eginkizunari dagokionez, jauregiarekin lotura du eta aurretik zegoen beste eraikin bat ordezten du. Fatxada horretan, kanpotik, teilatupeko solairuko horma itsutua (harlangaitzezkoa), erdiko bao txikia, harlanduzko eskantzuak eta angeluetako mentsulak daude. Halaber, harrizko hiru mentsula daude, golazko moldurak dituztenak, eta jauregirako sarbide zahar bat.

Atzeko fatxada iparraldera begira dago. Horma horrek oso bao gutxi ditu, ia erabat itsututa dago-eta. Lehen solairuan, hiru bao txiki daude. Horietatik bi etzanak dira, harlanduz inguratuta daude eta zeihartasun handia dute barrualdean. Laugarren baoa gerora eraikia da. Teilatupeko solairuan ez dago baorik, eta lehen solairuan, berriz, antolaketarik gabeko zenbait bao daude, harlanduz inguratuak: hiru bao karratu, tamaina txikikoak, altuera ezberdinetan; ezkerreko muturrean, balkoi bat hormaren arrasean; erdian, leiho bertikal bat. Halaber, harlanduz inguratu gabeko bao bat ere badago, aurretik aipaturiko bao karratuen artean.

Barne-banaketa erdiko nukleo baten inguruan antolatzen da. Nukleo horretan, eskailera dago. Lehen solairuan, ezkaratzetik ezkerralderantz aurrera eginda, eskailera nagusiaren nukleora iristen da. Eskailera bi atalekoa da. Lehen ataleko mailak eta eskailera-burua harrizkoak dira. Bigarren atalean berriz, mailak zurezkoak dira eta balaustrada bat dago, tornuan landua. Lehen solairuan bizitegi-eremua zegoen, bai eta fatxada nagusiarekiko korridore paralelo bat ere -eskailera pasillo horretan amaitzen da. Korridore horretatik, areto nagusietara heltzen da. Aretoak hegoaldeko fatxadarantz lerrokatuta daude. Atzeko aldean, berriz, zenbait zerbitzu-gela daude. Eraikuntzaren egitura karga-horma perimetralek eta barneko hiru barne-hormak (fatxada nagusiarekiko paralelo daude) osatzen dute. Hiru horma horiek teilatupeko solairuaren zati bat ere hartzen dute. Fatxada nagusiarekiko paralelo dauden lehen eta bigarren hormarteak zurezko forjatuz estalita daude. Forjatuko habexkak fatxadarekiko zut daude. Hirugarren hormartean, berriz, habexken norabidea aldatzen da eta habeak erabiltzen dira egituran. Estalkiak zurezko egitura du, eta honako hauek osatzen dute: txarrantxa-habe horizontalek, besoek, aho-mihiztadurek eta eskuaira-listoiek. Hormen izkinetan eta barneko hutsarteen inguruan zein ateburuetan, harlandua dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa