Wikipedia, Entziklopedia askea

Politikak/Hiztegi Batuko hitzak eta sinonimoak

Politikak
Wikipedia:Politikak
Lasterbidea
WP:HiztegiBatua
Politika formalak
Politika informalak
Beste politika batzuk

Izenburuetarako eta agerikotasun handia duten beste toki berezietarako —artikuluen eskuinaldean ageri diren informazio tauletarako, adibidez—, Hiztegi Batuan inolako euskalki eta lurralde markarik gabe ageri diren hitzak hobetsiko dira. Esate baterako, esnatu hitzak «Gip.» (gipuzkera) marka duenez, iratzarri erabiliko dugu toki berezi horietan; eta altuera hitzak «Heg.» (Hego Euskal Herria) marka duenez, garaiera edo goratasun erabiliko dugu toki berezi horietan.

Artikuluaren barruan, ordea, Hiztegi Batuan onartutako hitz guztiak erabili ahal izango dira. Euskalki edo lurralde marka baldin badu ere, lankide batek erabiltzen duen euskara batuko hitz zuzena errespetatu behar da, eta hitz horren ordez ez da sinonimo bat jarri behar, hiztegiaren aberastasunaren izenean.

Gogoan izan, hala ere, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan hitz bati «h.» (hobe) edo «e.» (erabil) marka jartzen badio, marka horren ezkerretara doan hitza ez dela erabili behar, baizik eta markaren eskuinetara ageri dena.