Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal autoritateak/Arauak

Aurkezpena Metodologia Arauak Zerrenda Baliabideak

1900 aurretik zendutako autoritateen multzoa[aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza arrazoibideak[aldatu iturburu kodea]

Autoritate multzo hau euskararen normalizazio prozesua hasi aurretik zendutako pertsonek osatzen dute. Katalogazio arau orokorra da, pertsona autoritate izena aukeratzerakoan, egilearen nahia errespetatzea eta egileak berak bere hizkuntzan argitaratu dituen lanetan erabili duen izenik ezagunena hartzea autoritate forma onartua sortzeko.

Hori horrela izanda ere, hizkuntza bakoitzak bere normalizazio prozesua eduki du eta egile klasikoen forma arautuak hizkuntzaren forma estandarretara egokitu dira; adibidez, Espainiako Biblioteka Nazionalak egokitu egin du Miguel de Cervantes egilearen abizenaren grafia, gaur egungo gaztelania estandarraren arabera (ez du Çervantes idazten).

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Katalogazio arauen arabera, pertsona autoritateen izena aukeratzerakoan “Sarreraren oinarria izango da egileak bere hizkuntzan argitaratutako lanen arabera duen izenik ezagunena” baina ohar osagarri batekin adierazten du euskal deituren grafiaren kasuan hizkuntzaren normalizazio berantiarraren ondorioz sortzen diren arazoei erantzun bat emateko beharra eta zehazten du Euskaltzaindiak onartutako grafiak hobetsi beharko direla​.

Era berean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko autoritateak sortzeko eskuliburuak, egile klasiko, hildakoen eta pertsonaia historikoen kasuan, katalogazio arauetako puntu honi egiten dio erreferentzia. Frantzian AFNOR (Frantziako normalizatze erakundea) NF Z 44-061 araua pertsona autoritatearen eraikitzeari dagokio. Dio atxikitzen den forma idazleak berak gehienik erabili duena dela.

Guzti hori kontuan hartuta, arau bezala ondokoa ezartzen da:

  • Euskal deiturak dituzten egileen kasuan forma euskalduna lehenetsiko da​, eta forma hori emango da onartutzat.

Erreferentziak: Euskaltzaindiaren euskal izendegia, bereziki ​Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)​ deitura, pertsona izenentzat eta toponimiarentzat. Ikus euskal deituren Euskaltzaindiaren ​zerrenda telekargatua​. Nafarroako toponimia : “Nomenclator de Navarra”.

  • Deitura frantsesak, gaskoiak edo gaztelaniazkoak bere horretan uzten dira​. Erdara

bakoitzaren (gaztelania eta frantsesa gehienetan) grafia mantenduko da. Dena den, kasu batzuetan, aztertu beharko da deitura/izenak euskaratu behar diren ala ez.

  • Izenarentzat​, arreta emanen zaie irizpide haueri

1. Erabilera. Adibidez forma euskalduna ez bada inoiz erabilia, ez da izena euskalduntzen (tileta atxikitzen ahal da).
2. Euskarazko iturrietan zein forma ematen den.
3. Idazleak berak erabili forma.

Salbuespenak (Hizkuntza arrazoibideei dagokienean)[aldatu iturburu kodea]

Aitzinean zerrendatu arauak oinarri hartzen dira kasu bakoitzean. Salbuespen batzuk egin dira, hauek ere baldintza berdin-berdinetan aplikatzekoak:

  • Deitura batzuen kasuan ez da Euskaltzaindiak finkatu grafia hobesten, forma horrek ez duelarik (inongo) tradizio ez erabilerarik. Adibidez: Baroja/Baroxa. Horretarako kontuan hartu da azken 40 urtetan forma arautu horiek gizartean izan duten erabilera eta onarpena.
  • Deitura frantsesa edo espainola da, bainan euskarazko forma batekin erabilera edo tradizio bat sortu dira. Adibidez, Belapeire, Materra.

Forma arrazoibideak (euskarazko forma onartuentzat)[aldatu iturburu kodea]

Autoritate izenak euskaraz ematea erabaki delarik, horiek emateko orduan onartutako formari dagozkion hainbat arau finkatzen dira:

  • Autoritatearentzat bi abizen izan daitezke: erabilera hobetsiko da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “de” partikula kentzea erabaki da, izena eta abizenaren artean dagoenean. Adibidez: ​Agirre, Manuel (1748-1800) eta ez Aguirre, Manuel de (1748-1800).
  • Halere, abizen konposatuak badaude (adibidez, Lopez de Abetxuko, Lopez de Aretxaga, etab.) Erdi Aroko abizen sistematik datozenak. 1600. urtetik aurrera, gutxi gora behera, fosildu egin ziren abizen bakarra osatuz. Horren adierazle izan daiteke zenbaitetan bigarren abizena ere azaltzea. Euskaltzaindiak ere abizen konposatu bezala ematen ditu. Ikus EODA - Deiturak datubasea(abizen konposatu guziak ez dira zerrendatuak).
  • Beste kasu bat dira Erdi Aroko abizen sistema jarraitzen duten deiturak. 1600. urte arte, gutxi gora behera, kasu askotan bi izen erabiltzen ziren, deituraz gain. Gerora bigarren izen hori, kasu batzuetan eta lurralde batzuetan, Araban bereziki, deituraren parte bihurtu da, “de” partikula gehituta. 1600. urtea baino lehen jaiotako egileen kasuan, kontuan hartuko da usadio hau. Horren baitan Salazar, Lope Gartzia eman dugu, eta ez Gartzia de Salazar, Lope.
  • Abizen konposatu euskarazkoak direnean (Martinez de Ubago Mitxelena, Luis adibidez) tiletik gabe idazten dira. Berriz, abizen konposatua erdarazkoa denean (Fernández de la Cuesta, adibidez), tilet hori mantendu egiten da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “y” eta “e” juntagailuak kentzea erabaki da.

Adibidez: Armona Murga, José Antonio (1726-1792) eta ez Armona y Murga, José Antonio de (1726-1792)

  • Berdin “-tar” eta “-dar” atzizkiak kentzea erabaki da, gaurko grafia eta erabilera normalizatutik kanpo dagoelako.
  • Autoritatea izendatzeko jatorria adierazten den kasuetan, “-koa” atzizkia erabiliko dugu kasu guztietan. Adibidez: Diego Lizarrakoa, Joanes Etxeberri (Sarakoa), Joanes Etxeberri (Ziburukoa), Ignazio Loiolakoa, Jaime Corellakoa, Joan Salaberri (Ibarrolakoa), Diego Jose Altzokoa, Prantzisko Elizondokoa. Salbuespen bakarra Pernando Amezketarra da; izan ere, bere garaian horrela izendatu izan zuten, tradizioan horrela jasoa izan da eta horrela erabili izan da berari buruzko aipamen guztietan.
  • Erlijio ordenen laburdurak (O.F.M. adibidez) ez dira erabiliko forma onartuan. Erabaki hau hartzen da arrazoi hauek direla medio: Iparraldean erabiltzen diren katalogazio moldeetan ez dago horrelako erabilerarik. Frantziako Biblioteka Nazionalak, ordena erlijiosoa aipatzen duenean, ez du latinezko laburdurekin egiten, baizik eta izen frantsesarekin. Eta, beste kasu batzuetan, autoritateari buruzko informazio gisa ematen du.

Adibidez: Bartolome Santa Teresa (carme déchaux ; 1768-1836) Bestalde, gaur egun nekez ulertzen da laburdura hauen esanahia. Erlijio ordenari buruzko informazioa garrantzitsua bada, ohar batean jaso daiteke autoritate erregistroan.

  • Ezizenen eta erlijio izenen kasua:

- Bertsolarien kasuan kontuan hartu beharrekoa da bertsolari klasikoak ezizenez zirela ezagunak kasu askotan eta hori dela formarik zabalduena.
- Forma ezagunena ezizena denean, hori hartuko da onartutzat.
Adib: Bilintx (1831-1876)
eta ez Bizkarrondo, Indalezio (1831-1876)
- Ezizena delarik forma onartutzat hartzen, seinalatuko da ez dela hori deitura/izena. Horretarako forma baztertu batean jasoko dira izen-abizenak.
Adibidez: Bilintx (1831-1876)
< Bizkarrondo, Indalezio (1831-1876)
< Bizcarrondo Ureña, Guillermo Joaquín Indalecio (1831-1876)
< Bizcarrondo, Indalecio (1831-1876)
< Bilints (1831-1876)
< Vilinch (1831-1876)
< Bilinch (1831-1876)

- Forma ezagunena erlijio izena denean, hori hartuko da onartutzat: Adib: Diego Lizarrakoa (1524-1578)
eta ez Ballestero de San Cristóbal y Cruzat, Diego (1524-1578)
- Autoritate bat izendatzeko, erlijio izena, ezizena eta baita benetako izen-deiturak erabili izan direnean, eta ez bada erabileran forma horietakoren bat nagusitzen, kasu horretan, benetako izen-abizena(k) hobetsiko d(ir)a autoritatearen forma onartua erabakitzeko. (Ikusi, adibide gisa: Astibia, Erramun). - Ezizena bi hitzez osatua dagoenean izen berezia bezala emanen da autoritatean. Pernando Amezketarra eta ez Amezketarra, Pernando Halere, kasu batzuetan ezizenak izen/deitura bezala funtziona dezake, hori delako nagusitzen den forma katalogoetan. Adib: Axular, Pedro (1556-1644).

  • Kasu batzuetan, dela homonimia saihesteko, dela tradizioz hori delako formarik ezagunena, abizena, izena egiturari bestelako elementuak gehituko zaizkio :

Adibidez : Etxeberri, Joanes (Sarakoa) (1688-1749) Etxeberri, Joanes (Ziburukoa) (ca. 1580-1665?) Etxeberri Dorre, Piarres (1636?-17..), (Dorre ez da deitura, baina tradizioan abizenarekin lotuta erabiltzen da).

  • Noblezia tituluaren kasua: forma onartua euskaraz modu ulergarrian emate aldera, titulua atzean jartzen da beti.

Adibidez: Munibe, Xabier Maria, Peñafloridako Kondea (1729-1785) eta ez Peñafloridako, Xabier Maria Munibe, Kondea (1729-1785)

  • Errege-erreginen kasua: izenordea (Antso Nagusia, Antso Handia) ez da kontutan hartzen forma onartuarentzat, titulua baizik (Iruñeko Erregea, Nafarroako Erregea...).

Adibidez: Antso Gartzeitz III.a , Iruñeko Erregea (ca. 992-1035) eta ez Antso Nagusia Iruñeko Erregea (1004-1035)

  • Santuen kasua : atzean jartzen da, euskaraz.

Adibidez: Frantzisko Xabier, Santua eta ez San Frantzisko Xabier

Datak[aldatu iturburu kodea]

  • Daten forma hau izanen da (1811-1858) sortze urtea eta hil urtea ezagunak direlarik.

Beste kasu batzuetan, forma hauek ere izan daitezke:

  * 15.. ez bada mendea baizik ezaguna.
  * 158. hamarkada batean izanik ez bada urtea ezaguna.
  * 1580? urtearen segurtamenik ez delarik .
  * ca 1580, edo ca. 1580 urte baten inguruan (+/- 5) kokatzen bada
  • “fl.” edo “l.” (adibidez fl.1580) laburdurak aurki daitezke katalogoetan obra baten argitaratze

urtea seinalatzeko. Kasu horretan ez da horrelako aipamenik eginen, batetik, urlergaitza daitekeelakoan publikoarentzat, bestetik, Iparraldeko katalogazio moldeetan ez dagoelako horrelako erabilerarik. Autoritatea bere mendean kokatuko da 15.. forman idatziz.

1900-1978 bitartean zendutako autoritateen multzoa[aldatu iturburu kodea]

Talde honetan sartzen dira 1978a baino lehenago hildako egile garaikideak. Talde hau osatzeko kontuan hartu da euskara batuaren lehen arau-multzoak 1968. urtean eman zirela. Nolabait arauak finkatze aldera 10 urte epe nahiko fidagarria dela uste dugu, izen baten finkatzearen aldeko apustua egiteko.

Hizkuntza arrazoibideak[aldatu iturburu kodea]

Autoritate multzo hau, euskara normalizatzeko lehen saiakerak hasi, baina lehenengo arau multzoa finkatu eta gizarteratu baino lehen hildako egileek osatzen dute. Horregatik, beren obra euskararen normalizazioaren aurretik ekoiztu zutelarik, aplikagarriak zaizkie, orohar, lehen multzoko autoritateentzat finkatutako irizpide eta arrazoibideak.

Guzti hori kontuan hartuta, arau bezala ondokoa ezartzen da:

  • Euskal deiturak dituzten egileen kasuan forma euskalduna lehenetsiko da​, eta forma hori emango da onartutzat.

Erreferentziak: Euskaltzaindiaren euskal izendegia, bereziki ​Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)​ deitura, pertsona izenentzat eta toponimiarentzat. Ikus euskal deituren Euskaltzaindiaren ​zerrenda telekargatua​. Nafarroako toponimia : “Nomenclator de Navarra”.

  • Deitura frantsesak, gaskoiak edo gaztelaniazkoak bere horretan uzten dira​. Erdara bakoitzaren (gaztelania eta frantsesa gehienetan) grafia mantenduko da. Dena den, kasu batzuetan, aztertu beharko da deitura/izenak euskaratu behar diren ala ez.
  • Izenarentzat​, arreta emanen zaie irizpide haueri:

- Erabilera. Adibidez forma euskalduna ez bada inoiz erabilia, ez da izena euskalduntzen (tileta atxikitzen ahal da).
- Euskarazko iturrietan zein forma ematen den.
- Idazleak berak erabili forma

Salbuespenak (Hizkuntza arrazoibideei dagokienean)[aldatu iturburu kodea]

Aitzinean zerrendatu arauak oinarri hartzen dira kasu bakoitzean. Salbuespen batzuk egin dira, hauek ere baldintza berdin-berdinetan aplikatzekoak:

  • Deitura batzuen kasuan ez da Euskaltzaindiak finkatu grafia hobesten, forma horrek ez duelarik (inongo) tradizio ez erabilerarik. Adibidez: Baroja/Baroxa.
  • Deitura batzuen kasuan, nahiz eta jatorriz frantsesak edo espainolak izan, euskarazko forma batekin erabilera edo tradizio bat sortu da; kasu horietan, aztertu beharrekoa da euskarazko grafiarekin emango diren.

Adibidez: Alegria, Blas (1883-1947) Eta ez Alegría, Blas (1883-1947)

Forma arrazoibideak (euskarazko forma onartuentzat)[aldatu iturburu kodea]

Autoritate izenak euskaraz ematea erabaki delarik, horiek emateko orduan onartutako formari dagozkion hainbat arau finkatzen dira:

  • Autoritatearentzat bi abizen izan daitezke: erabilera hobetsiko da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “de” partikula kentzea erabaki da, izena eta abizenaren artean dagoenean. Adibidez: Adibidez: Madinabeitia, Miguel (1828-1903) eta ez Madinabeitia, Miguel de (1828-1903)
  • Halere, abizen konposatuak badaude (adibidez, Lopez de Abetxuko, Lopez de Aretxaga, etab.) Erdi Aroko abizen sistematik datozenak. 1600. urtetik aurrera, gutxi gora behera, fosildu egin ziren abizen bakarra osatuz. Horren adierazle izan daiteke zenbaitetan bigarren abizena ere azaltzea. Euskaltzaindiak ere abizen konposatu bezala ematen ditu. Ikus EODA - Deiturak datubasea(abizen konposatu guziak ez dira zerrendatuak).
  • Abizen konposatuen kasuan, euskarazkoak direnean tiletik gabe idazten dira. Berriz, abizen konposatua erdarazkoa denean (López de Robles, adibidez), tilet hori mantendu egiten da.
  • Forma onartua euskaraz ematen delarik, “y” eta “e” juntagailuak kentzea erabaki da.

Adibidez: Altzola Minondo, Pablo (1841-1912) eta ez Alzola y Minondo, Pablo de (1841-1912)

  • Berdin “-tar” eta “-dar” atzizkiak kentzea erabaki da, gaurko grafia eta erabilera normalizatutik kanpo dagoelako.
  • “Koa” atzizkia atxik daiteke izen batzuetan. Adib: Diego Jose Altzokoa (1894-1964). Kasu horietan, izen berezia bezala kontsideratua da.
  • Erlijio ordenen laburdurak (O.F.M. adibidez) ez dira erabiliko forma onartuan. Erabaki hau hartzen da arrazoi hauek direla medio: Iparraldean erabiltzen diren katalogazio moldeetan ez dago horrelako erabilerarik. Frantziako Biblioteka Nazionalak, ordena erlijiosoa aipatzen duenean, ez du latinezko laburdurekin egiten, baizik eta izen frantsesarekin. Eta, beste kasu batzuetan, autoritateari buruzko informazio gisa ematen du.

Adibidez: Mitxelena, Salbatore (O.F.M.) (1919-1965) (AUBI)
Mitxelena, Salbatore (1919-1965) (BNF)
Franciscain, missionnaire en Amérique. - Poète, essayiste.

Bestalde, gaur egun nekez ulertzen da laburdura hauen esanahia. Erlijio ordenari buruzko informazioa garrantzitsua bada, ohar batean jaso daiteke autoritate erregistroan.

  • Ezizenen eta erlijio izenen kasua:

- Bertsolarien kasuan kontuan hartu beharrekoa da bertsolari klasikoak ezizenez zirela ezagunak kasu askotan eta hori dela formarik zabalduena.
- Forma ezagunena ezizena denean, hori hartuko da onartutzat.
Adib: Bilintx (1831-1876)
eta ez Bizkarrondo, Indalezio (1831-1876)
- Ezizena delarik forma onartutzat hartzen, seinalatuko da ez dela hori deitura/izena. Horretarako forma baztertu batean jasoko dira izen-abizenak.
Adibidez: Xalbador (1920-1976)
< Aire, Ferranddo (1920-1976)
< Aire, Fernando (1920-1976)
< Aire Etxart, Fernando (1920-1976)

- Forma ezagunena erlijio izena denean, hori hartuko da onartutzat:
Adib: Aita Emiliano (1904-1967)
eta ez Barandiaran Cortázar, Julián

- Ezizena bi hitzez osatua dagoenean izen berezia bezala emanen da autoritatean.
Adib: Patxi Bakallo
eta ez Bakallo, Patxi

Halere, kasu batzuetan ezizenak izen/deitura bezala funtziona dezake, hori delako nagusitzen den forma katalogoetan.
Adib: Atano, Jose Mari (1858-1940).

1978 ondoren zendutakoak eta gaur egun bizirik dirautenen multzoa: finkatzekoa[aldatu iturburu kodea]

Katalogazio arau orokorra da, pertsona autoritate izena aukeratzerakoan, egilearen nahia errespetatzea eta egileak berak bere hizkuntzan argitaratu dituen lanetan erabili duen izenik ezagunena hartzea autoritate forma onartua sortzeko. 1978 geroztik hona nahikoa finkatuta dago euskarazko grafia eta hizkuntzaren normalizazioa. Bestalde, nolabait arauak finkatze aldera 10 urteko epea (1968-1978) nahiko fidagarria dela uste dugu, izen baten finkatzearen aldeko apustua egiteko. Ondorioz, autoritate hauen kasuan katalogazio arau orokorra jarraituko dugu:

  • 1978. urtearen ondorengo egileen kasuan, euskara batuaren lehen arau-multzoak finkatu zirenetik 10 urtera, alegia, egileak berak aukeratu duen forma hobetsiko da.

Adibidez: Haritschelhar, Jean (1923-2013) eta ez Haritxelar, Jean (1923-2013) Borda, Itxaro (1959-)

  • Egileak erabilitako formak aldaketak izan ditzake eta, kasu horietan, bere obra guztiaren azterketa egin beharko da.
  • Zentzu horretan, kontuan hartzekoa da deitura ofiziala (dokumentu ofizialetan azaltzen dena) eta egileak erabiltzen duen deitura beti ez datozela bat grafiari dagokionean. Lan akademikoen egileen kasuan garrantzitsua da hori, askotan lehen lan argitaratua tesia izaten delako, eta tesia aurkezterakoan deitura ofizialak erabiltzen direlako.