Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal autoritateak

Aurkezpena Metodologia Arauak Zerrenda Baliabideak

Euskal autoritateak euskaratik bateratzeko proiektua da hau, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta mugaz gaindiko euskal diasporako liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesional batzuen artean abiarazitakoa. Wikiproiektu honek, egindako lana Wikipediaren baitan kokatu nahi du, autoritate horien erregistroak Wikipedia eta Wikidatara zabaltzeko asmoarekin.

Proiektuaren jatorria[aldatu iturburu kodea]

2017an, Euskal Herriko liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesional batzuek elkarrekin topaturik euskal bibliografiaren katalogatzean den arazoa aipatzen dute: euskal autoritateentzat behar den erreferentziazko tresna bateratua -- pertsona-autoritate zerrenda bat-- eskas da. Espainiako eta Frantziako Liburutegi Nazionalek gaztelania eta frantsesetik eginkizun hori betetzen dute, baina Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren faltan, euskaratik ez da lan hori modu bateratuan gaurdaino egin, ez bere osotasunean ezta gutxienez euskal autoritateei dagokienez ere.

Horrelako tresna baitezpadakoa dela ikusirik, pertsona horiek erabaki dute lantalde bat osatzea, euskal autoritateak lantzeko eta finkatzeko. Xedea da erreferentzia fidagarria, bateratua eta iraunkorra sortzea, profesionaleri, liburutegieri, baita nazioarte mailako egitura normatiboeri begira (BNE, BNF, VIAF…).

Lantaldea[aldatu iturburu kodea]

Lanketa horri lotzeko momentuan, eta kontsideratuz Euskal Herriaren lurralde osoko profesionalak hunkituak zirela, entseatu da ordezkaritza ahal bezain zabala segurtatzea. Horretarako, gaur egun lantaldean biltzen dira

  • BILKETA sareko 4 kide, Iparraldeko euskal liburutegiak biltzen dituen saretik.
  • HABE Liburutegiko kide 1.
  • Euskal Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzutik ordezkari bat eta Euskariana zerbitzutik ere bat.
  • Nafarroako liburutegietatik bi profesional.
  • EIMA Katalogoko kide bat.
  • Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako kide bat.
  • Renoko Jon Bilbao Liburutegiko kide bat.
  • Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegiko kide bat.

Euskal Herriaren lurralde osoko profesionalei eragiten dien proiektua den neurrian, hartutako zenbait erabakiren atzean profesional guzti horientzat erabilgarri izango den lan-tresna bat sortzeko beharra dago, jakinda Iparraldeko eta Hegoaldeko profesionalok ez ditugula erraminta eta katalogazio molde berdinak erabiltzen.

Hurraneko urratsak[aldatu iturburu kodea]

Lan honek euskarri profesional batean egon behar du eta, halaber, ezinbestekoa da nonahitik kontsultagai egotea Interneten. 2020ko martxoaren 5ean lantaldeko ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzaren Ondare zuzendariarekin eta bere taldeko arduradunekin elkartu zen. Bilera horretan adostu genuen Euskal Autoritateen Lantaldeak finkatzen zituen formak hobetsiko zirela AUBI (Autoritate Elebidunen Katalogoa) katalogo instituzionalean. Gaur egun, lantaldeak finkatutako 225 autoritate klasikoen formak AUBI katalogoan daude jasoak.

Egitasmoak beste luzapenik badu ere: Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin adosturik dago autoritate horien erregistroak Wikipedia eta Wikidatan oinarritzat hartuko direla.

Bestalde Frantziako liburutegiko ordezkariekin aipaturik, BNFak aintzat har litzake lantaldeak egin autoritateak bere autoritate zerrendan, prest liteke ere nazioarteko erakundeekin lotura egiteko (VIAF adibidez).