Edukira joan

Zafiro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Infotaula de mineralZafiroa
Ezaugarri orokorrak
KategoriaMinerala
FormulaAluminio oxidoa, Al2O3
Sistema kristalinoTrigonala
Identifikazioa
KoloreaEdozein kolore gorria salbu (azken hau errubia da)
HabitoaMasiboa eta bikortsua
EsfoliazioaEz
Gogortasuna
Mohs eskalan
9,0
DistiraBeirakara
PleokroismoaSendoa
Urtze puntuaUrtezina
DisolbagarritasunaDisolbaezina

Zafiroa korindoi mineralaren aldaera bat da, kolore urdin bereizgarria duena,[1] nahiz eta beste koloreak hain ohikoak ez diren beste batzuk ere badaude, oxido batzuen (Cr(III) eta Ti(III)) ezpurutasunengatik. Normalean rutilo, bauxita eta hematitan aberatsak diren gordailuetan aurkitzen da. Bere konposizio kimikoa aluminio oxidoan (Al₂O₃) oinarritzen da, eta burdin eta titanioaren ezpurutasunek ematen diote bere kolore urdin bereizgarria. Mohs eskalan 9ko gogortasuna du.

Errubiaren mineral familia berekoa da, hau da, korindoia, desberdintasun bakarra izendapen konbentzioa eta bere kolorea izanik. Korindoiak kolore gorria duenean errubi bezala izendatzen da, aldiz, beste edozein kolore duenean zafiro bezala izendatuko da. Kolorerik gabeko aldaerari leukozafiro deitzen zaio.

Ekoizle handienak Afrikan daude, eta gaur egun Hego Amerikan ere aurkitu dira hobiak. Thailandian eta Sri Lankan errubiekin batera aurkitzen dira, eta Kashmirren (India) eta Queensland erdialdeko eremu oso zabal batean (Australia) aurkitzen dira. Antartika aberatsa da mineral honetan, baina bere oreka ekologiko delikatua dela eta, ustiapena mugatua izan da. Bere erabilera bitxigintzan eta laser aplikazioetara mugatzen da.

ZAFIRO NATURALAK

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zafiroa korindoi harribitxien bi motetako bat da, bestea errubia izanik, kolore gorri bateko korindoi gisa definitzen dena. Zafiro-kolorerik ezagunena urdina bada ere, beste kolore batzuetan ere sortu daitezke, adibidez, grisa eta beltza, eta koloregabeak ere izan daitezke. Aipatzekoa da zafiro barietate laranja-arrosa bat ere dagoela, padparadscha deiturikoa.

Zafiro-biltegi garrantzitsuak daude Afrikan, Asian eta Ozeanian zehar sakabanatuak.[2] Zafiroa eta errubia sarritan ingurune geografiko berberetan aurki daitezke, baina normalean formazio geologiko desberdinak dituzte. Adibidez, errubia eta zafiroa Myanmarko Mogok Stone Tract herrian daude, baina errubiak marmoletan agertzen dira, eta zafiroak, berriz, pegmatita granitikoetan edo korindoizko sienitetan.[2]

Zafiro-meategi guztiek kalitate-maila desberdinetako harribitxiak ekoizten dituzte, eta jatorriak ez du haien kalitatean eragiten. Zafiroei dagokienez, Cashmir eskualdea da goraipamen handiena duena, baina Birmaniak, Sri Lankak eta Madagaskarrek ere kalitate handiko harribitxi ugari ekoizten dituzte.[3]

Zafiro naturalen kostua aldatu egiten da kolorearen, argitasunaren, tamainaren, ebaketaren eta kalitate orokorraren arabera. Erabat tratatu gabe dauden zafiroek tratatu direnak baino askoz gehiago balio dute. Jatorri geografikoak ere prezion eragin handia du.

PROPIETATE KIMIKO FISIKO ETA KRISTALOGRAFIKOAK

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1770 K inguruko tenperaturan dimorfismo-fenomenoa gertatzen zaio. Mohs eskalan 9ko gogortasuna du, korindoien berezko gogortasun handiarekin. Pisu espezifikoa 3,95 eta 4,10 bitartekoa da, eta urtze-puntua 2040 K ingurukoa.

Ez du klibaje nabarmenik eta beira-distira erakusten du. Hainbat aurpegi mota ditu: aupergi prisma hexagonala {2241}, bipiramide hexagonalak {2241} {2243}, erronboedrikoa {1011} eta pinakoideoa {0001}.

Zenbait kasutan, ildaskatze horizontala ikusten da, aurpegi pinakoideoan aurkitzen den makladuraren ondorioz. Batzuetan, izar formako opaleszentzia distiratsua du, zafiro izarra deiturikoa, orientatutako ezpurutasun mekanikoek eta mikroskopioz ikus daitezkeen inklusio ez-kimikoek eragindakoa.

ZAFIROAREN KOLOREAK

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zafiro hitza askotan kolore guztietan erabiltzen den arren, benetako zafiroa urdin bizia da, eta ñabardurarik onena kaxmirreko urdina deritzona da. Korindoi kolorge eta preziatua zafiro zuria da, korindoi horiari, berriz, zafiro horia, urre-kolorekoa edo Ekialdeko topazio deitzen zaio, eta korindoi arrosa zurbilak zafiro arrosak dira. Zafiroaren koloreak ezpurutasun-kantitate txikiei zor zaizkie, hala nola, kromoarenak, burdinarenak edota titanio oxidoarenak.


Barietateak: Ur-zafiroa: kordierita edo dikroitaren barietate urdina da. Zafiro zuria: korindoi kristaldua, kolorgea eta gardena da. Zafiro faltsua: kuartzo kristalizatuaren barietatea da, krozidolitazko kristal indibidualen mikrorinklusioen ondorioz kolore urdina duena. Ekialdeko zafiroa: oso balioetsia ekialdean duen distiragatik. Padparadscha: zafiroaren barietate oso arraroa da, kolore horia, arrosa eta laranja ezaugarri bezala dituena.

KOLOREAREN ZERGATIA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argiaren xurgapen lokalizatuarekin (“intra-atomikoarekin”) ez bezala, zeinak kromoaren eta banadioaren ezpurutasunek eragiten dituen, zafiroen kolore urdina interbalentziazko karga-transferentziaren ondorioa da. Interferentzia hau elektroi bat trantsizio-metal ioi batetik beste batera igarotzea eroankortasunaren edo balentzia-bandaren bidez.  

Balentzia aldaketa dela eta, energia maila zehatz bat egokitzen zaio aldaketa pairatu duen elektroiari, eta, horren ondorioz, energia elektromagnetikoa xurgatzen da. Xurgatutako energiaren uhin-luzera argi horiari dagokio. Argi horia argi zuri erasotzaileari kentzen zaionean, kolore urdina sortzen da. Batzuetan, espazio-atomikoa desberdina denean norabide ezberdinetan, dikroismo urdin-berdea sortzen da.

Errubiaren kolore gorria korindoiaren egitura kristalinoan gertatzen den aldaketa baten ondorioa da, eta bertan kromo aztarnek (Cr³⁺) aluminio ioia (Al³⁺) ordezkatzen dute.[4]

Gutxienez % 1eko kromoa izan behar du korindoiak errubiaren kolore gorri sakona erakusteko. Zafiro moreek, berriz, kromo, burdina eta titanio dituzte aztarna elementu bezala, eta, orokorrean, tonalitate desberdinetan agertu daitezke.  

Kromoforoen (molekula baten kolorea baldintzatzen duen atalaren) maila oso baxuak dituen korindoia ia kolorgea da. Izan ere, korindoi erabat kolorgea ez dago naturan. Zafiro ia kolorgeak, berez oso ohikoak ez direnak, garai batean diamanteen ordezko gisa erabiltzen ziren bitxietan, eta gaur egun erabiltzen dira azentuzko harri gisa. [5]

Burdin arrastoak izanez gero, kolore hori-berdea ikus daiteke. Hala ere, titanioa eta burdinaren ezpurutasunak batera agertzen badira eta balentzia egoera zuzenetan badaude, emaitza kolore urdina da. Esan bezala, zafiroen kolore bereizgarriena da urdina.[6]

Zafiroak zenbait metodoren bidez trata daitezke, adibidez, zafiro naturalak berotzean haien argitasuna eta kolorea nabarmendu eta hobetu egiten da. [2] Zafiroak labeetan berotzen dira 800 eta 1800° C (1073 eta 2073° K) arteko tenperaturan, hainbat ordutan edo asteetan zehar. Aipatzekoa da prozesu hau presio ezberdinetan burutu daitekeela.  

Berotzen denean, errutilozko inklusioen zati bat galtzen da eta,  horren ondorioz, arrokak kolore urdinagoa hartzen du. 1400°C baino gehiagoko tenperaturetara heltzean, errutilozko inklusioak disolbatu eta kolorge bihurtzen dira lupapean. Prozesu horretan, errutiloaren konposizioan dagoen titanioa soluzio solidoan sartzen da, eta titanio hau burdinarekin elkartzean, kolore urdina sortzen du.[7]  

Harri naturaletako inklusioak erraz ikusten dira bitxigile lupa batekin. Tratamendu termikorik gabeko harri naturalak ez dira oso ohikoak, eta askotan laborategi gemologiko independente baten ziurtagiri batekin batera saldu behar dira, "tratamendu termikorik ez dagoela" egiaztatzeko.

Adibidez, Yogo zafiroek, Montanako Yogo Gulch meategiko zafiro finek, ez dute tratamendu termikorik behar, arto loreak duen kolore urdin erakargarria erakusten dutelako hasieratik[8]. Ezaugarri hau daukate inklusiorik ez dutelako eta haien argitasuna oso uniformea delako.  

1980ko hamarkadan, Intergem Limited enpresak, Yogoko zafiroak tratamendurik gabeko munduko zafiro bakarrak, merkaturatzen hasi zen. Garai horretan tratamendu termikoa ez zegoen oso zabaldua; 1980ko hamarkadaren amaieran, berriz, tratamendu termikoa arazo garrantzitsua bihurtu zen. [9]Intergemek Yogoko zafiro ez tratatuak merkaturatzeak gemen industriako beste enpresa askori aurre egitera behartu zituen. Gai hau Wall Street Journaleko azalean agertu zen 1984ko abuztuaren 29an, Bill Richardsen artikulu batean, “Carats and Schticks: Sapphire Marketer Upsets The Gem Industry” izenekoa. [9]Hala ere, Yogoko meategien arazo nagusia ez zen zafiro berotuen lehia. Aitzitik, Yogoko harriak, behin moztuta, kilate bat baino handiagokoa ezin izatea zen arazo nagusia. Ondorioz, talde bideratu bati zuzendutako produktu izaten jarraitu du, neurri handi batean AEBetan bakarrik existitzen den merkatu batekin.[2]

ERREFERENTZIAK

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «zafiro | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (kontsulta data: 2025-11-06).
  2. a b c d Hughes, Richard W.. (2017). Ruby & Sapphire: A Gemologist's Guide.. RWH Publishing/Lotus Publishing ISBN 978-0-9645097-1-9..
  3. (Ingelesez) «Sapphire Gemstone | Sapphire Stone – GIA» www.gia.edu (kontsulta data: 2025-11-06).
  4. «Red Ruby | Causes of Color» www.webexhibits.org (kontsulta data: 2025-11-06).
  5. (Ingelesez) «Sapphire Description» www.gia.edu (kontsulta data: 2025-11-06).
  6. «Blue sapphire | Causes of Color» www.webexhibits.org (kontsulta data: 2025-11-06).
  7. (Japonieraz) «Identification of heated / unheated status on ruby and sapphire» www.gaaj-zenhokyo.co.jp (kontsulta data: 2025-11-06).
  8. Kane, Robert E.. (January–February 2003). «The Sapphires of Montana – A Rainbow of Colors» Gem Market News 22: 1-8..
  9. a b Voynick, Stephen M.. (1985). Yogo, The Great American Sapphire. Mountain Press Publishing., 151-181 or. ISBN 978-0-87842-217-3..

.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]