Zarzuelako hipodromoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zarzuelako Hipodromoa» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Zarzuelako hipodromoa
Hipódromo de la Zarzuela-1.JPG
Kokapena
Herrialdea Espainia
Autonomia Madrilgo Erkidegoa
UdalerriaMadril
Koordenatuak 40° 28′ 04″ N, 3° 45′ 22″ W / 40.46777778°N,3.75611111°W / 40.46777778; -3.75611111Koordenatuak: 40° 28′ 04″ N, 3° 45′ 22″ W / 40.46777778°N,3.75611111°W / 40.46777778; -3.75611111
Historia eta erabilera
Jabea Sociedad Estatal de Participaciones Industriales Itzuli
Edukiera 17.000
Arkitektura
Arkitektoa Eduardo Torroja Itzuli
Carlos Arniches Moltó Itzuli
Martín Domínguez
Estiloa Arkitektura arrazionalista
Ondarea

Zarzuelako hipodromoa Madrilen kokatzen da, hiriburuaren kanpoaldean hain zuzen, El Pardo herritik gertu. Eduardo Torroja (Madril,1899ko abuztuaren 27a - Madril,1961ko ekainaren 15a) ingeniari espainarraren lana izan zen, Arniches eta Dominguezen laguntzarekin eta 1941.urtean bukatu ziren honen eraikuntza lanak. Arkitektura Sari Nazionala lortu zuen, eta 1980an Monumentu Historiko Artistiko bezala izendatu zen.

Lehiaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldirietako Kabinete Teknikoak antolaturiko lehiaketan garaile irten ostean, 1934ko udan baimendu zen Zarzuelako hipodromoaren eraikuntzaren hasiera. Carlos Arniches eta Martín Domínguezen zuzendaritzapean, Eduardo Torroja ingeniari madrildarrarena izan zen proiektu garailea aurkeztu ziren 9 proiektuen gainetik. Epaimahaiaren erabakia argitaratu baino lehen Torrojaren zuzendaritzapean editatzen zen “Hormigón y Acero” aldizkarian kaleratuak izan ziren aipaturiko 9 proiektuak, bakoitza artikulu independente bat izango balitz bezala non proposamen guztien xehetasunak adierazten ziren. Aipatu beharra dago ere bai, proposamen gehienetan ageri zela arkitekto eta ingeniari baten arteko elkarlana: Figueroa eta Zabalaren elkarlana bigarren klasifikatua izan zen eta Gutierrez Soto, Fernandez Conderekin batera hirugarrenak suertatu ziren.

Zarzuelako Hipodromoko lehiaketako programa puntuz puntuz zehaztua eskaini zitzaien parte hartzaile guztiei eta bertan oinarritu behar izan ziren eraikinaren diseinurako:

Lasterketetarako pista: jatorriz ibilbidea trazatua ageri zen eta berdin mantendu beharra zegoen.Lehentasunezko bi eta bi leihatila orokor

  • Lehentasunezko tribunak(40 pertsona, komisarioak eta komisarioentzako aretoa) eta orokorrak, bakoitzak 2.000 eserleku behar zituelarik
  • Entrenamendurako koadrak
  • Paddock-a harmailen atzealdean
  • Jockey-entzako aldagelak
  • Jatetxea
  • Harrera gunea
  • Atezaina eta langileentzako etxebizitzak
  • Osasun zerbitzua
  • Zirkulazio guneak eta komunikazioak espazioen artean
  • Aparkaleku edo estazionamendu guneak

Zaldi-lehiaketak: apustu eta lehiaketa zerbitzuetarako azpiegitura aurreikusi behar zen, ekitaldi berezietarako

  • Oztopo pista
  • Epaimahaiarentzako tribuna
  • Bisitari berezientzako taberna eta bilgunea
  • Zaldizkoentzako aldagelak
  • Apustu eta sarrera-zerbitzurako biltegia eta leihatilak

Arniches, Domínguez eta Torrojaren proposamena ezin hobea izateaz gain, proposamena aurkezteko era ere nabarmentzekoa izan zen. Oso proiektu xehatua aurkeztu zuten, non memoria deskribatzailean hipodromoak behar izango zituen sistema berezienak ere zehazturik geratzen ziren (bozgorailu eta mikrofonoen sistema, esaterako). Beste gauza askoren artean, funtzioa proiektuaren ardatz izatea bilatzen zutenez, animalien eta zaldi-gurdien kurbatura erradioa ere azterturik geratu zen, guztien irisgarritasuna bermatzeko helburuaz.

Hegalkinean garatuko den lehen tribuna izango da Espainiar Estatuan, Milanen kokaturiko San Siro Hipodromoan oinarrituta eta beranduago Arkitekturako Sari Nazionala lortuko du ezaugarri honengatik. Helburu nagusia Castellanako Plazan (Madril) kokaturiko ekipamendua ordezkatzea zen, non Ministerio Berriak eraikiak izan ziren beranduago. 1980an Monumentu Historiko Artistikoa izendatua izan zen.

Programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eduardo Torrojaren obra hoberen deskribatzen duen proiektutzat jotzen dute askok. Eraikinaren sekzio nagusian oinarriturik, erabilera guztien kokapen eta dimentsioak guztiz argudiatuta geratuko dira funtzio egituraldun eraikuntza-sistemaren bitartez. Aipagarria da egitura era oso zuhurrean ebazteaz gain, programaren betebeharrak ere modu funtzionalean diseinatuko dituela:

  • Harmailak: ikusle eta bisitariei zuzenduriko espazio nagusia, non pistarako ikuspegi panoramikoa gailendu beharko den. Eskailerak habe inklinatu batean eutsiak izango dira, baina harmailaren goialdea euskarri horizontal batean bermatuko da. Aipaturiko euskarrian ezkutaturik ageriko da bigarren habe bat, zurruntasun handiagokoa; azken euskarri zurrun honek mantenduko du pistara zabalduko den galeria. Graderioak oro har, estalkiko hegal izugarria kontrajartzeko helburua du, kontrapisuan funtzionamendu egokia izan dezan, zutabe itxuradun tiranteak aurreikusten dira gainera. Eraikinaren osotasunak portaera estrukturala erakusten du, solidaritatez.
  • Goi-galeria: pista eta atzealdean kokaturiko paddock-a harremantzen ditu bisualki. Trantsizio gune nagusia izango da eta bertan topatu ahal izango ditugu aurrerago zehaztuko diren tirante egituralak.
  • Apostu aretoa: sarrera atzealdetik egingo da, paddock-etik hain zuzen. Espazio honen sabaiak harmailen oinarriaren “intrados”-arekin bat egiten du; estanziaren altuera eta nortasuna hobetzeko kurboa izango da gainazal hau eta ondorio zuzen bezala, estalkiaren izaera kurboa sortuko da.
  • Estalkia: erabiltzaile guztien babesa bermatzeko beharrezko elementua, espazio erabilgarri guztiek estaliak egon beharko baitute. Hormigoizko egitura laminatuan oinarriturik diseinatuko da, egitura ahalik eta gehien optimizatuz.

Lehendabizi Zarzuelako hipodromoak izan beharreko espazio desberdinak aurreikusi ziren, bakoitzaren beharrizanak detektatu eta hauek ebazteko erak diseinatu ziren. Hau guztia oinarritzat harturik, eraikinen konjuntua izango den proiektua garatzen hasi zen: armaila erabilera izango duten 3 bloke ezberdinetik abiatu zen, 12 modulukoak alde bietakoak eta 5 modulukoa erdialdekoak (non bisitari berezientzako gunea erreserbatuko zen). 3 armaila-blokeak galeria nagusi jarraituarekin komunikatuko dira arku fatxada independienteak mugatuko dituelarik.

Hipodromo batek izan beharreko oinarrizko espazioez gain, programaren barnean bestelako erabilerak ere integratu behar ziren. Honetarako orubearen azaleraren barruan kokaturiko eraikin independienteetaz baliatuko da Torroja kasu batzuean:

  • Jatetxea: orubearen hegoaldean kokaturik, harmaila-bloketik hurbil.
  • Zaldientzako pistak eta pista nagusirako ibilbide sekundarioak
  • Kuadrak: eraikin autonomo batean kokatzen da, material ezberdin batez aurreikusi zen proiektuan.
  • Ur depositoa: berriz ere, geometriak eskaintzen duen forma bereziak probestu zituen Eduardo Torrojak ur-bitegi erabilera izango zuen eraikina diseinatzeko. Izan ere, paraboloide hiperbolikoaren formari erantzungo dion zatia izango da. 18m-ko diametroa izango duen oinean eta adreilu errefortzatuz garatua egongo da. Hasiera batean hormigoi armatuzkoa izan behar zuen arren, kostu ekonomiko altuagatik proiektuaren zati hau birplanteatu beharra ikusi zen. Itxura fisikoari dagokionez, hurrengo hamarkadetan eraikiko diren errefrigerazio dorreen aurrekari izan zen Zarzuelako Hipodromoko ur depositua. Goialdeko muturrean, altzairuzko errefortzu bat kokatzea proposatu zen, biltegia beteta dagoen kasuetan urak sorturiko trakziorako bultzada jasan zezan. Urak deposituan eragiten duen karga bertikala hormigoizko kupula baten bitartez adreiluzko hormetara transmititzen da, beranduago handik bertikalki lurzorura bideratzeko. Honako prozesuan deposituaren oinarrian kokaturiko tentsio-eraztunak laguntzen du.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra prozesua 1935. urtean hasi zen arren, 1936ko udan gelditu egin zen Gerra Zibilaren eztandagatik; bertan, eraikitako zatia hondakin hutsetara mugatu zen eta hori dela eta 1940 arte ez zitzaien obra lanei berriz ekin. Azkenik, 1941ean langileria militarrak proiektua eraikitzen bukatu eta inauguratua izan zen Zarzuelako Hipodromoa bere osotasunean. Gerra Zibilak ez zuen ondorio fisiko soilak bakarrik eragin, Arniches eta Domínguez beraien arkitekto tituluengatik aldenduak izan ziren Bando Nazionalaren eskutik eta itzalpean bizitzera kondenatuak izan ziren bere bizitza osoan zehar (Domínguez Cuban eta Arniches Espainian baztertuta).

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eduardo Torrojak orri bakarreko hiperboloidearen bururapena izan zuen junturetan zenbait eraldaketa izango zituelarik. 5 metroro errepikatzen den moduluaren forma jatorrizko hiperboloidea plano bertikal zehatz batzuekin moztean sortzen da, non aurrealde eta atzealdeko arku mugatzaileen arteko sortzailea zuzen bat izango den. Erradio ezberdineko eta korda berdindun 3 arku ezberdinek mugatzen dute markesinaren gainazala; estalkia eratzen duen gainazala ulertzeko erarik didaktikoena zeharkako ebaketaren bidez izango da.

Hasierako proposamenean argi somatu daiteke estalkiko hegala galeria nagusikoa baino handiagoa dela eta, hortaz, pisutsuagoa. Honek eraikinaren osotasunean sorturiko indar pareak, zutabe nagusiaren sekzioa handia izatea eragiten du bultzadari aurre egiteko. Hori dela eta, galeria nagusian hormigoizko tirante egituralak kokatuko ditu Torrojak eraikinak kontrapisuan lan egin dezan.

Lehiaketa bitartez esleituriko proiektua izanik, baldintza guztian era praktikoenean betetzen zituen proiektuak irten behar zuen garaile.  Torrojak erabileren kokapenaren lehen eskema bat zehaztu eta honen garapenean zetzan proiektu bat aurkeztu zuen. Hegal erraldoidun (12,8m) estalki bat proposatzen zuen, muturretan meheagoa izango zena momentuak ekiditeko eta zutabe nagusi zurrun batean eutsiko zena. Aipaturiko zutabe honek harmaila azpiko espazio nagusiak bananduko zituen: harmailetarako sarbidea edota trantsizio gunea eta apostuetarako areto nagusia. Argazkian hauteman daitekenez, tarte-solairu baten aurreikuspena egiten zen jada, hasiera batean leihatilak bilduko zituena egitura independiente batez eutsita.

Behin erabilera ezberdinak eta egitura nagusia finkatuta, eraikinaren osagai bakoitzaren nortasun independientetik, irakurketa orokor batera pasa nahi zuen ingeniari espainiarrak. Honetarako lagungarri izan zitzaion zutabe nagusiaren nortasuna zehaztea: izan ere, sekzio konstantea eta landapen zurrunen aplikazioak, kalteak eragiten zituen haizearen bultzada kontuan hartuz gero. Muturretako artikulazioak beharrezkotzat jo zituen.

Erresistentzia bermatzea lortu zenean, egonkortasunaren arloan oreka horizontala mantendu behar zela konturatu ziren. Honetarako, euskarri bertikalen artean zurruntasun handiko habe bat proposatu zuen Eduardo Torrojak, non tribuna bakoitzean egonkortasuna bermatu eta harmailari nortasun bateratua emango zion. Gainera, aldakuntza termikoen ondorioz eman daitezkeen dilatazioen aurrean ere solidaritatez lan egitea eragiten zion elementu osoari. Erdiguneko baoetan kokatuko zuen habe zurrunena eta alboetako bietan, aldiz, jarraitasuna emateko luzapenak dimentsio txikiagodunak.

Harmailen euskarri nagusiak habe inklinatu bat izan behar zuen baina honek azpian uzten zuen gunean ez zegoen espazio nahikorik eta ondorioz, gainazal kurbatuen bidezko sabaia eskaintzea erabaki zuen. Gauzak horrela, aipaturiko espazioan aurkituko litzatekeen tarte-solairu independientea eraikinaren osotasunera batzen du (zutabe nagusira eutsita, hain zuzen); hegal batean oinarrituko den gunea izango da non leihatilentzako ilara bikoitza erreserbatuko den. Gainera, behealde kurboa egiteak, estalkiko gainazalak ere kurboak izatea baldintzatzen zuen, irakurketa bateratuaren izenean.

Espazio jarraiak sortzeko asmoz, alderik aldera (pistatik paddock-era) zeharkatzen duen ikuspegia lortuko du, itxitura nagusiak deuseztaztu eta hegalen bidezko egitura proposatuz. Bai paddock-aren aldean eta bai pistaren alderdian, itxiturak beranduago kokatua izango dira erabilera kontuengatik, baina inolaz ere ez dute egituran parterik hartzen.

Era orokorrean, kontrapisura funtzionatuko duen eraikina diseinatu zuen Eduardo Torroja maisuak. Proiektatzerako garaian ageri zitzaizkion arazoei aurre eginez eta logika egiturala aplikatuz ebazten joan zena. Hala ere, estalkiaren izaerak prozesuko puntu zailenetako bat suposatu zuen: lehiaketarako proiektua aurkezteko ordu gutxi falta zirenean otu zitzaion Torrojari egitura laminatuak izan behar zuen geometria. Izan ere, estalki jarrai eta arin baten beharra argi zegoen arren, forma ez zegoen zehazturik.

Euskarrien arteko ganga arrunten segida batek (revoltó kataluniarraren antzekoa) arazo egituralak aurkezten zituen eta honen eraginez, konoidearen formak eskaintzen zituen onuretaz baliatu nahi zuen Torroja eta bere lan-taldeak. Estetikoki hain bortitza ez izateko, azken momentuan konoidea eta hiperboloidearen arteko integrazioa bururatu zitzaion ingeniariari. Eta horrela, geometrian oinarritutako egitura laminatuen forma berri bat proposatu zuen Eduardo Torrojak.

Asko izan dira denbora luzez Eduardo Torroja bezalako ingeniariak aztertu eta kritikatu dituztenak. Azaldu berri den lan-prozesuak imajinazioarekin zerikusirik ez duela leporatu diote askok, proiektuaren garapenean sorturiko ezusteko eta arazoak ebaztean baino ez delako oinarritu. Beste askok, aldiz, maisulantzat jotzen dute Torrojaren obren soiltasuna eta arazoak ekiditeko zuen erraztasuna.

Bakoitzaren kriteriora utzi beharko da imajinaziotik eratorritako forma teknikoa den edota arazo teknikoetatik ondorioztatutako ebazpen soila; hala ere, ezin uka daiteke Zarzuelako Hipodromoak hormigoia eta hormigoizko egitura laminatuen gaineko ezagutza sakona eskatzen duela, esperientzia zabaldun jakintsuen eskuetan dagoen ebazpen bat baita.

Azken Birgaitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004an JUNQUERA arquitectos estudioak Hipodromo de la Zarzuela S.A.-k antolatutako nazioarteko lehiaketa irabazi zuen, Zarzuelako Hipodromoko lasterketa esparruaren birgaitze eta berritzea helburu zuena. Proiektuak honakoak proposatzen zituen:

  • Eraikin historikoei urteetan egindako txertaketak kentzea, hauei balioa kendu besterik egiten ez zutelako;
  • Hipodromoaren ikur ziren tribunak birgaitzea.
  • Topografia moldatzea eta publikoaren eta zaldien zirkulazioak 1934ko proiektuaren arabera bi mailatan banatzea.
  • Zaldiak zelatzeko guneak hasierako kokapenean mantentzea, bere inguruan lasterketako, jockey-en, albaitarien… zerbitzuak kontzentratuz, lurperatutako eta lorategietara irekitako eraikin batean.
  • Konbentzio zentro lurperatu bat aurreikustea paisaia eta eraikin historikoen perspektiba eraldatu gabe.

2008an Zarzuelako Hipodromoa berritzeko lanak abiatu ziren tribunetako markesinen birgaitzearekin; denboraren, uraren eta aurretiko garaietan egindako hainbat eraikinen ondorioz kaltetuak zeudelako. Konponketa lan honek estalki gaina eta azpia hartu behar izan zituen. Estalkietan eraiki zirenetik egindako mantenu lanak nahiko eskasak izan ziren; hori dela eta hauen egoera nahiko kaskarra zen. Azpialdean hezetasunak eta beste arazo batzuk estaltzeko emandako hainbat pintura kapa ikus zitezkeen. Hori dela eta, pintura kendu zen, hormigoia xiringatu zen estalkian eraturiko pitzaduretan, mortero hidrofugoz betez denboraren poderioz sorturiko zartatze eta zuloak hormigoia saneatu zen eta antikarbonatazio pintura batez berriro margoztu zen. Gainaldeko iragazgaiztasuna zenbait tokitan altxatua zegoen eta zenbait hustubide trabatuak zeuden. Horregatik bazegoen iragazgaiztasuna kendu zen, fisurak injektatu ziren eta poliuretanozko iragazgaiztasun berria kokatu zen.

Markesinak birgaitu bitartean ikerketa lanak ere egin zituzten, jatorrizko eraikitze sistema eta balioak ezagutzeko; handipen eta sufritutako aldaketen ondorioz galduak baitzeuden. Azterketa honek egituran kalte garrantzitsuak azaleratu zituen eta kontsolidazio eta konponketa lanen beharra izan zuen egiturak.

Egitura konpondu ahal izan zutenean, multzo arkitektonikoa birgaitu eta berritu ahal izan zuten, helburu nagusiena Arniches, Dominguez eta Torrojak 1934an diseinaturiko esentzia berreskuratzea izan zen:

  • Eraikitako multzoaren ezarpena: eremura moldatu eta inguruarekin integratzea
  • Antolaketa funtzionala: erabilerak eta zirkulazioak
  • Multzoaren unitate eta eskala

Esanguratsua da gaur egun erabileran dagoen eraikin bat dela, jatorrizko nortasuna izaten jarraitzen duena eta erabiltzaileekiko jarrera bera bermatzen duena.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-FERNÁNDEZ ORDÓÑEZ, José Antonio, NAVARRO VERA, José Ramón. 1999, Eduardo Torroja Ingeniero. Ediciones Pronaos, 283 orrialde.

-COLEGIO DE INGENIEROS DE CAMINOS, CANALESY PUERTOS. 1979, La modernidad en la obra de Eduardo Torroja. Ediciones Turner, 137 orrialde.

-TORROJA MIRET, Eduardo. 1999, Las estructuras de Eduardo Torroja, CEHOPU, 195 orrialde.

-JORDÁ, Carmen. 2002, Eduardo Torroja, la vigencia de un legado. Editorial SPUPV, 394 orrialde.           

-TRABA DEZA, Cristina. 2017, Forma, proyecto y construcción en las cubiertas del Hipódromo de la Zarzuela. ETSAM, 48 orrialde.