Arku (arkitektura)

Arkua egitura kurbo bat da, zutabe edo euskarriren arteko hutsunea estaltzeko[1] eta pisu jakin bat eusteko ahalmena duena. Eraikuntza elementu honek hainbat itxura eduki dezake: erdizirkularra, zorrotza, parabolikoa eta abar. Izena arku deritzon armatik datorkio, horren eite kurboa baitu[1].
Arkuak jasotzen dituen kargak (bai berezko kargak bai gainkargak) alboetara bideratzen ditu arkua bera eusten duten zutabe edo horma zatietaraino. Konpresioan egiten du lan, eta, horregatik, ekidinezina da eusten den puntuetan bultzada horizontalak sortzea; beraz, horma edo zutabeen berezko masa ez bada nahikoa bulkada horizontal horiek eusteko, ostiko-arku edo hormabular bidezko txarrantxatzea behar izango du arkua irauli ez dadin.
Arku jarrai batek ganga eratzen du, azalera bat estaltzen duen sabai biribildua[2]. Arkuen erabilera oso antzinakoa da, K.a. 2. milurtekoan agertu baitziren Mesopotamiako adreilu arkitekturan[3], baina erabilera sistematikoa Antzinako Erroman hedatu zen, askotariko egituretan aplikatuz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkua erromatarren garaian egin zen ezagun, eta, batez ere, Europako eraginarekin batera zabaldu zen, nahiz eta askoz lehenago ezagutzen eta noizean behin erabiltzen zen. Antzinako arkitektura askok saihestu zuten arkuen erabilera, bikingoek eta hinduek barne[4].
Bronze Aroa, Antzinako Ekialde Hurbila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Benetako arkuak –arku izunak ez direnak, alegia– Antzinako Ekialde Hurbil eta Sortaldeko hainbat zibilizaziok ezagutzen zuten, baina erabilera urrikoa eta, batez ere, lurpeko egituretara konfinatua zen, non bultzada horizontalaren arazoa ez den garrantzitsua[5]. Horren adibide Nippur-eko arkua da[6]. Salbuespen dira pezozko etxe-sarrera bat K.a. 2000n Tell Tayan eta Brontze Aroko Axkelon hiri-sarrera arkuduna, egungo Israelen, K.a. 1850ekoa[7][8]. Dobela baten lehenego adibideetakoa da Greziako Rodasko zubioinean ageri dena[9]. Arku izunak beste hainbat lekutan ere aurkitu dira: Asian, Afrikan, Europan eta Amerikan. 2010ean, robot batek pasabide arkudun luze bat aurkitu zuen Quetzalcoatlen piramidean, antzinako Teotihuacan hirian, Mexikon, K.o. 200aren inguruan eraikia[10].
- Sakkarako Heb-sed-eko ganga-eraikina, apaingarrizko arku segmentatu bat erabiliz (zaharberritua, K.a. 2650 inguruan)
- Kazarmako tholos hilobiaren hondakinak (K.a. 1500 inguru), Mizenako erlauntza teknika erakusten dutenak
- Arkadikoko zubia (K.a. 1300-1190 inguru): mentsula-arkua, harlandu ziklopeoa
Persia eta Grezia klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Persian, Akemenestar Inperioak kanoi ganga txiki bat eraiki zuen (berez, bata bestearen ondoan eraikitako arkuak) iwan bat egiteko, gerora, Partiar Inperioaren garaian, egitura erraldoi eta monumentalak bihurtuko zirenak[11][12][13]. Arkitektura-tradizio horrek Sasandar Inperioan jarraitu zuen, non Taq Kasra eraiki zen Ktesifon hirian VI. mendean, garai modernoa arte eraiki den gangarik handiena[14].
Antzinako Erroma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako erromatarrek etruriarrengandik ikasi zuten arkua erabiltzen, berdefinituz eta ahalmen guztiez etekina hartuz lur gaineko eraikuntzetan. Horrela, Europako lehenak izan ziren –agian, mundukoak ere bai– arkuen, ganga eta kupulen onura guztiak erabiltzen[15]. Erromatar Inperio osoan zehar, erromatar ingeniariek zubiak, akueduktuak, ateak eta garaipen arkuak eraiki zituzten. Gangak erabiltzen hasi ziren espazio handiak estaltzeko, hala nola areto eta tenpluak, K.a. I. mendetik aurrera kupulak ere erabiliz horretarako. Arku beheratua erromatarrek erabili zuten lehen aldiz, konturatu baitziren zubi bateko arkuek ez zutela zertan erdizirkularrak izan behar[16][17]. Etxeen eraikuntzan ere, usu erabili ziren, Ostian, esaterako.
- Jupiterren atea Falerii Novi-n (K.a. 300 inguru)
- Segoviako akueduktuaren arkuak
- Koliseoaren arkuak
- Erromako Minerva Medicaren tenpluko arkuak
- Efesoko Hadrianoren tenpluak erdi-puntuko arkua eta ateburuak konbinatzen ditu (K.o. 117)
- Jupiterren tenplua Sbeitlan (K.o. 150. urte inguruan)
- Erromako Santa Sabinako nartexeko arkuak (K.o. 425 inguru)
- Arkuak eta kupula, Sant'Apollinare in Classe (K.o 534-536)
- Segmentuzko arkuak Ostian insula batean
Antzinako Txina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta Antzinako Txinako eraikuntza asko ez iritsi gaurdaino egurrezkoa zelako, antzinatik erabiltzen ziren arku eta gangak, baina, gehienetan, lurpean. Gaur arte zutik dirauen harrizko zubi arkudun zaharrena Zhaozhou zubia da, 595 eta 605 urteen artean eraikia, Sui dinastian. Munduko zubirik zaharrena da, harriz egindako arkuarte irekiko arku beheratua duena[18][19].
- Anji zubia: arku segmentatua, arkuarteko diseinua
Islama
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitekto islamiarrek arku erromatarrak bereganatu zituzten, baina azkar erakutsi zuten beren asmamena: VIII. menderako, arku erdizirkular sinplea ia erabat ordezkatu zen forma dotoreagoekin, omeiatar arkitekturan lehenengoaren adibide on gutxi egon arren (ikusi Damaskoko meskita handia K.o. 706-715). Lehenengo arku zorrotzak K.o. VII. mendearen amaieran agertzen dira jada (Al-Aqsa meskita, Ukhaidhir jauregia, Ramlako meskita zuriko zisternak[20][21])). Haien aldaerak azkar eta zabal hedatu ziren: Ibn Tulun meskita, Kairon (K.o. 876-879); Nizamiyya madrasa, Khar Gerd-en (gaur egun, Iran, XI. mendea); Kongo meskita, Diani hondartzan (Kenya, XVI. mendea)[22][21].
Arkitektura islamikoak arku forma ugari ekarri zituen: eraikin islamiarren ezaugarri bihurtu zen ferra-arku biribila, gila-arkua, arku tontorduna eta arku mistilineoa (non arku konopial kurbatua bihurgune bortitzekin tartekatzen den)[21]. Kordobako meskita handiak, arku islamiarren katalogotzat har daitekeena, baditu alde ia zuzenak, gingil, elkarlotuak eta koskadun arkuak ere. Ibn Tulun meskitak arku zorrotzaren lau erdiko eta goratuaren bertsioa gehitzen du[22].
- Arku erdizirkularrak omeiatarren meskitan.
- Ramlako meskita zuriaren zisternetan arku zorrotzak.
- Kordobako meskitako hirusta arkuak
- Arku gurutzatuak Kordobako meskitan
- Ferra-arkuak Kordobako meskitan
- Arku konopiala Kordobako meskitan
- Arku tontorduna Kordobako meskitan
- Arku segida Kairuango meskita nagusian (Tunisia).
Mendebaldeko Europa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan, arku erdizirkularen ondoren, arku zorrotza (gotikoa) erabiltzen hasi zen, zeinaren bultzada lerroak bertikalagoak diren eta, hortaz, hain horma edo hormabular sendoak behar ez dituen. Legenagoko esperientzetatik ikasitako egitura da, denboraren poderioz erromatar egitura batzuk zapalduz eta beheratuz joan baitziren giltzurrunetatik erasanez. Horrela, giltzurrun hain irtenik ez zuen arku bat bilatu zen, eta arku zorrotza edo ojibala aurkitu.
Hormigoi eta altzairuaren orokortzearekin XX. mende hasieran, arkuen eraikuntza pieza txikiekin egin ordez atal jarraiekin egiten hasi zen. Horrela, argi luzeko arkudun zubiak agertu ziren, ehunka metrokoak.
India
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indian, oso luzea da arkuen historia (antza denez, arku batzuk Kosambiko indusketetan aurkitu ziren K.a. II. milurtekoan). Hala ere, historia jarraitua hasten da Lomas Rishi haitzuloko harkaitz-zuloetako arkuekin (K.a. III. mendea)[22]. Harappa garaiko hilobi-ganbera goiztiar baten ganga-sabaia ikusi da Rakhigarhin[23]. S.R Raok Lothaleko etxe bateko ganbera txiki baten ganga-sabaia aipatzen du[24]. Kanoi-gangak ere Harappa garaiko hilerri H kultura berantiarrean erabili ziren, K.a. 1900-1300 urte artekoak, metala lantzeko labearen sabai osatzen zutenak. Aurkikuntza Vats-ek egin zuen 1940an, Harappako indusketetan[25][26][27].
XII. mendean, Indiako konkista musulmana arte, arkuen erabilera noizbehinkakoa izan zen, arrokan zizelkatutako tenpluetan (Karla kobazuloak, K.a. I. mendekoak) arku konopialak eta kanoi-gangak erabiltzen zirelarik, eta apaingarriak ziren gavaksha arku zorrotzak. V. menderako, dobela-gangak adreiluzko eraikuntzan erabiltzen ziren. Bizirik dirauten adibideen artean daude: Bhitargaongo tenplua (V. mendea) eta Mahabodhi tenplua (VII. mendea); azken horrek arku zorrotzak eta erdi-puntuko arkuak ditu[22][28]. Gupta garaiko arku-ganga sistema horiek asko erabili ziren geroago Pyu eta Bagango tenplu budista birmaniarretan, XI. eta XII. mendeetan[29].
Islamiar eta mendebaldeko Asiako beste eragin batzuen etorrerarekin, arkuak nabarmendu egin ziren Indiako arkitekturan, nahiz eta zutabe eta dinteldun eraikuntza oraindik ere nahiago izan. Arku zorrotz eta lobulatuen barietatea izan zen indo-islamiar arkitekturaren ezaugarria, Buland Darwazaren adibide monumentalarekin, arku tontordun txikiz apaindutako arku zorrotza duena.[22].
- Lomas Rishi haitzuloaren barrualdea.
- Karleko arkuak (Chaitya handia, K.o. I. mendea))
- Arku konopial apaingarriak (Gavaksha) Ajantako haitzuloetan
- Mahabodhi tenpluko ganga zorrotza
- Buland Darwazako arkuak (K.o. XVI. mendea)
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1. Giltzarria,
2. Ziriharria/dobela
3. Arkugainera/Estradosa,
4. Inposta,
5. Arkubarnera/Intradosa,
6. Gezia,
7. Argia (baoa),
8. Hormabularra
Arku baten osagaiak eta atxikiak[30]:
- Ziriharri edo dobelak: Erpinik gabeko falka formadun piezak, arkua osatzen dutenak. Posizioaren arabera, izen ezberdinak dituzte:
- Giltzarria: Arkuaren erdiko dobelak, arkua goialdean ixten duenak.
- Kontra-giltzarriak: Giltzarriaren kontra daudenak.
- Salmerrak : Ertzetako dobelak, kargak hartzen dituztenak, inpostaren kontra.
- Inposta: Arku bat bermatzen den irtengune edo moldura. Arkua abiatzen den lerroa. Ez da arkua bera.
- Hormabularra: Bultzada horizontalak eusteko behar den horma zatia. Arku itxura badu, ostiko-arkua deritzo. Ez da arkua bera.
- Arkuartea: Arkuaren eta muga laukizuzen baten (alfiza esaterako) arteko gainazala edo horma zatia. Bi arkuren arteko gainazala ere izan daiteke. Ez da arkua bera.
- Arkibolta: Arkuaren kanpoaldean, apaingarritzat jartzen den moldura-multzoa, arku zentrokidez osatua.
Arku baten ezaugarriak:
- Zentroa: Inpostaren gainetik edo azpitik egon daiteke. Zentro bat baina gehiago egon daiteke.
- Inposta-lerroa: Arkua hasten den lerroa, inposten eta salmerren arteko lerroa
- Gezia: Arku baten barneko garaiera da, inposta-lerrotik giltzarriraino neurtua.
- Argia: Arkuaren argia horren zabalera da, salmerretik salmerrera dagoen distantzia. Argiak baoaren zabalera definitzen du.
- Lerdentasuna: Gezi eta argiaren arteko erlazioa da, normalean zatiki eran ematen delarik (1/2, 1/3 etab.).
- Arkubarnera edo intradosa: Arkuaren barneko azalera
- Arkugainera edo estradosa: Arkuaren gaineko azalera
- Arku-uztaia: Arkubarneraren eta arkugaineraren arteko material zerrenda da.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zentro bakarrekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erdi puntuko arkua edo Arku erdizirkularra: Zirkunferentziaren zentroa inposta lerroan dago; beraz, geziaren neurria argiaren erdia da.
- Arku apaldua edo beheratua: Geziaren altuera argiaren erdia baino txikiagoa bada.
- Arku goratua: Geziaren altuera argiaren erdia baino handiagoa bada.
- Ferra arkua: Arkuaren goragunea kurba bat bada, eta, orduan, arkuaren kurba zirkunferentzia erdia baino gehiago da. Arkuaren erdigunea inposta lerrotik gora dago.
Bi zentrokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arku zorrotza: Arkuaren bi kurbak angelu zorrotz osatzen dute giltzarrian. Zentroaren kokapenaren arabera, izen desberdinak hartzen dituzte:
- Puntu osokoa: Kurben bi zentroak arkuaren abiapuntutan daudenean inposta lerroan.
- Heren-puntukoa: Argia 3 zatitan banatuko bagenu, kurben zentroak erdiko herenaren ertz puntuetan daudenean.
- Laurden-puntukoa: Argia 4 zatitan banatuko bagenu, kurben zentroak erdiko bi laurdenen ertz puntuetan daudenean.
- Arku zorrotza
- Puntu osoko arku zorrotza
Hiru zentrokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arku karpanela: Bi zentro inposta lerroan eta beste bat lerro horren azpitik.
- Trankil arkua: Salmerrak altuera desberdinean daudenean.
- Arku hanpatua: Ferra-arku zorrotza. Arku arabiar ere esaten zaio.
- Trankil arkua
Bestelakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste irizpide batzuen arabera, arkuak beste era batera izenda daitezke:
- Arku txaranbeldua: Horma baten azal batetik bestera argia handitzen edo txikitzen doan arku-mota. Asko erabili izan da arkitekturan leihoak eta atariak osatzerakoan. Leihoetan, txaranbeldu laua da arruntena; atarietan, ordea, ohizkoagoa da apaindutako arkiboltez egindako txaranbeldua.
- Ostiko-arkua: Ostiko batetik sortzen den arrapala-arkua, beste arku baten edo ganga baten bultzada horizontalak eusten dituena. Arkitektura gotikoan erabili zen, batez ere katedral handietan.
- Deskarga-arkua: Ateburu, leihoburu edota beste arku baten gainean kokatzen den arku itsua kargen zati bat eusteko, azpiko elementuak jasan behar dituen kargak gutxituz.
- Arku elkarlotuak: Txandakako zutabeetan sortzen diren arku gurutzatu edo gainjarriak, arkuteriak egiteko erabiliak, baina baita dekorazio gisa ere .
- Hiruki arkua
- Hiru gingileko arkua
- Elipsi arkua
- Alderantzizko arkua
- Alderantzizko arku konopiala
- Arku parabolikoa
Arku artikulatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arku-zubi praktikoak arku finko, bi giltzadun edo hiru giltzadun arku gisa eraikitzen dira[31]. Arku finkoa, gehienetan, hormigoi armatuko zubi eta tuneletan erabiltzen da, tarte laburrak baitituzte. Hedapen eta uzkurdura termikoengatik barne-tentsio gehigarria jasaten duenez, arku mota hori estatikoki zehaztugabea da (barne-egoera ezinezkoa da kanpoko indarren arabera soilik zehaztea)[32].
Bi giltzadun arkua, gehienetan, tarte luzeak gainditzeko erabiltzen da[32]. Arku mota horrek, oinarrian, lotura finkoak ditu. Arku finkoaren aldean, oinarri finkoak biratu egin dezake[33], eta, horrela, egitura libreki mugi daiteke, eta kanpoko tenperaturaren aldaketek eragiten dituzten hedapen eta uzkurdura termikoak konpentsatu. Hala ere, horrek tentsio gehigarriak sor ditzake, eta, beraz, bi giltzadun arkua ere, estatikoki, zehaztugabea da, nahiz eta ez arku finkoa bezainbeste[32].
Hiru giltzadun arkua ez dago oinarrian bakarrik giltzatuta, bi giltzadun arkua bezala, baita erpinean ere. Konexio apikal gehigarriari esker, hiru giltzadun arkuak bi norabide kontrajarritan mugi daiteke, eta edozein hedapen eta uzkurdura konpentsatu. Beraz, arku mota hori ez dago aldaketa termikoengatiko tentsio gehigarriaren menpe. Beste bi arku motek ez bezala, hiru giltzadun arkua estatikoki zehaztua da[31]. Gehienetan, erdiko luzerako tarteetarako erabiltzen da, hala nola eraikin handien teilatuetarako. Hiru giltzadun arkuaren beste abantaila bat da oinarri finkoen erreakzioa arku finkoarena baino aurresangarriagoa dela, eta horrek oinarri mota azalekoak eta euskarri-motak ahalbidetzen ditu erdiko luzerako tarteetan. Hiru giltzadun arkuan, «arkuaren hedapen eta uzkurdura termikoak mugimendu bertikalak eragingo ditu gailurreko giltza junturan, baina ez du eragin nabarmenik izango oinarrietan», eta horrek are gehiago errazten du zimenduen diseinua[32].
Eraikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arkuak eraikitzeko beharrezkoak dira zintrak: zurezko (edo metalezko) egitura osagarri bat, ziriharrien euskarri direnak giltzarria jarri aurretik. Euskarri horrek sareta forma du, eta arkuaren elementuen pisua jasatea du helburu, harik eta giltzarria ezartzen den arte[34]. Arkua ixten duen erdiko dobela hori ezartzean, dobelen ahokatze solidarioa sortzen du.
Behin azken harri hori ahokatuta, zintra desmuntatu eta egituratik askatua, arkua kargan sartzen da. Zurezko zintrak kentzean, arkuaren dobelak elkarren artean konpresioan sartzen hasten dira. Horregatik, arretarik handienaz eta ordena zehatzean egiten zen. Horrela, arkuari ez zitzaion tentsio erantsirik edo deszentraturik ezartzen. Historian zehar, badira zintragabetze-prozesuko arkuen erorketaren adibideak.
Zintrak zurezkoak izan ohi ziren, eta, oro har, arkuen eraikuntza garestitzen zuten. Horregatik, arkuak egiteko azterlanaren zati handi bat zintra sinple, merke eta arinak bilatzean zetzan.
Arku bat erortzen da eusten duten ziriharriak oreka mekaniko izatetik mekanismo izatera igarotzen direnean. Philippe de la Hire ingeniari frantziarra izan zen arku bat nola pitzatzen den aztertzen lehena. Zintragabetze-prozesuak nahitaez sortzen ditu pitzadurak arku baten egituran, giltzarriaren jaitsieraren eta haren finkapenaren ondorioz. Zintra kendu ondoren, harlanak jaisteko joera du, eta, horren eraginez, pitzadurak agertzen dira giltzarriaren barruan eta arkugaineran[35]. Dobeletako egokitze-pitzadura horiek normalak dira, eta hasieran kalkulatutakoaz bestelako oreka egoera bat sortzen dute. Oro har, egitura erori egiten da arkuen euskarri, ostiko edo hormabularrak gaizki kalkulatu direlako, arkua ahuldu eta desorekatzen baita.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arku baten erabilera tradizionalena, antzinatik, eraikin baten paramentuan bao edo irekidura bat gainditzeko modu bat izan da. Eraikinaren pisuaren bultzada bertikalak osagai «horizontalagoak» bihurtzeko duen gaitasun bereziaren ondorioz, euskarri gisa erabili da, eta, aldi berean, hormak irekitzeko modu gisa erabili da. Kasu askotan, leiho bat, ate bat edo sarbide bat sortzen da. Horixe da arkuek katedralen kontrahormetan euskarri gisa duten funtzioa. Funtsezkoa izan da zubiak eraikitzeko erabiltzea (zubien arkuak izenekoetan). Sekuentzia batean kateatutako arku-multzoak erabiltzea: arkupeak.
Pixkanaka-pixkanaka eraikuntzako material berrien agerpenarekin, arkua bere erabilera esklusiboa murriztuz joan zen ingeniaritza zibileko obra batzuetan. Arkuak, gaur egun, oso gutxitan erabiltzen dira; kasu askotan, euren funtzio nagusitik urrun dauden apaingarriak dira. Kasu batzuetan, oroitzapenezko monumentu gisa erabiltzen dira.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Arku sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Kontsulta: 2020-10-19
- ↑ Ganga sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Euskaltzaindia.
- ↑ (Ingelesez) Ancient Mesopotamia: Architecture. The Oriental Institute of the University of Chicago.
- ↑ Woodman & Bloom 2003, History.
- ↑ (Alemanez) Rasch, Jürgen. (1985). «Die Kuppel in der römischen Architektur. Entwicklung, Formgebung, Konstruktion» Architectura 15: 117–139..
- ↑ (Ingelesez) John P. Peters, University of Pennsylvania Excavations at Nippur. II. The Nippur Arch, The American Journal of Archaeology and of the History of the Fine Arts, vol. 10, no. 3, pp. 352–368, (Jul. – Sep., 1895)
- ↑ Lefkovits, Etgar. (2008-4-8). «Oldest arched gate in the world restored» The Jerusalem Post (Jerusalem) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-08-14).
- ↑ Reade, J.E.. (1968). «Tell Taya (1967): Summary Report» Iraq 30 (2): 234–264. doi:..
- ↑ (Galliazzo 1995, 36 orr. ); (Boyd 1978, 91 orr. )
- ↑ (Ingelesez) Jorge Barrera. (2010-11-12). «Teotihuacan ruins explored by a robot, AP report in the Christian Science Monitor, 12 November 2010» Christian Science Monitor jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-05-11) (kontsulta data: 2013-06-08).
- ↑ (Ingelesez) Brosius, Maria (2006), The Persians: An Introduction, London & New York: Routledge, 128 or., ISBN 0-415-32089-5.
- ↑ (Ingelesez) Garthwaite, Gene Ralph (2005), The Persians, Oxford & Carlton: Blackwell Publishing, Ltd., 84 or., ISBN 1-55786-860-3.
- ↑ (Ingelesez) Schlumberger, Daniel (1983), "Parthian Art", in Yarshater, Ehsan, Cambridge History of Iran, 3.2, London & New York: Cambridge University Press, 1049 or., ISBN 0-521-20092-X.
- ↑ (Ingelesez)Wright, G. R. H., Ancient building technology vol. 3. Leiden, Netherlands. Koninklijke Brill NV. 2009. 237 or. Print.
- ↑ (Ingelesez) Robertson, D.S.: Greek and Roman Architecture, 2nd edn., Cambridge 1943, 23 or.
- ↑ (Galliazzo 1995, 429–437 orr. )
- ↑ (O'Connor 1993, 171 orr. )
- ↑ (Ingelesez) Knapp, Ronald G. (2008). Chinese Bridges: Living Architecture From China's Past. Singapore: Tuttle Publishing. 122–127 or. ISBN 978-0-8048-3884-9.
- ↑ (Ingelesez) Needham, Joseph. The Shorter Science and Civilisation in China. Cambridge University Press, 1994. ISBN 0-521-29286-7. 145–147 or.
- ↑ Saoud 2002, 5 orr. .
- 1 2 3 Graves 2009.
- 1 2 3 4 5 Woodman & Bloom 2003, Indian subcontinent and Islamic lands.
- ↑ (Ingelesez) McIntosh, Jane. (2008). ABC-CLIO, 293 or. ISBN 978-1-57607-907-2..
- ↑ (Ingelesez) Rao, Shikaripur Ranganatha; Rao, Calyampudi Radhakrishna. (1973). Asia Publishing House, 77 or. ISBN 978-0-210-22278-2..
- ↑ Tripathi, Vibha. (2018-02-27). «METALS AND METALLURGY IN THE HARAPPAN CIVILIZATION» Indian Journal of History of Science: 279–295..
- ↑ Kenoyer, J.M; Dales, G. F.. Prehistory Press, 185–262 or..
- ↑ Kenoyer, J.M.; Miller, Heather M..L.., 124 or..
- ↑ (Ingelesez) Chihara, Daigorō. (1996). Brill ISBN 978-90-04-10512-6. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-07-02) (kontsulta data: 2018-04-01).
- ↑ (Ingelesez) Le, Huu Phuoc. (2010). Grafikol ISBN 978-0-9844043-0-8. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-04-02).
- ↑ Arkitektura Hiztegia - gaztelania-euskara, EHUko Arkitektura Saila
- 1 2 Reynolds, Charles E. (2008). New York: Psychology Press, 41 or. ISBN 978-0-419-25820-9..
- 1 2 3 4 Ambrose, James. (2012). Hoboken, NJ: John Wiley & Sons, Inc., 31 or. ISBN 978-0-470-54260-6..
- ↑ Luebkeman, Chris H.. MIT.edu Architectonics: The Science of Architecture (MIT.edu) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-10-28) (kontsulta data: 2013-02-03).
- ↑ Herbert A., Mann. (1964). A History of Civil Engineering: An Outline from Ancient to Modern Times. MIT Press ISBN 0262690055..
- ↑ Woodward Skinner, Frank. (1904). Types and Details of Bridge Construction: Arch spans. (1. argitaraldia) McGraw publishing company, 162 or..
Iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Allen, Edward; Ochsendorf, John; West, Mark. (2016). «Structural Intelligence In Flexible Materials» Routledge, 39–47 or. ISBN 9781315675022..
- American Technical Society. (1908). 1 American technical society (kontsulta data: 2025-03-14).
- Au, T.. (1960). Elementary Structural Mechanics. Prentice-Hall (kontsulta data: 2024-01-02).
- Beall, C.. (1987). Masonry Design and Detailing for Architects, Engineers, and Builders. McGraw-Hill ISBN 978-0-07-004223-0. (kontsulta data: 2024-01-01).
- Benaim, Robert. (2019-12-14). «The Design and Construction of Arches» The Design of Prestressed Concrete Bridges. CRC Press ISBN 978-0-367-86572-6. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-02-02).
- Bond, Francis. (1905). Gothic Architecture in England: An Analysis of the Origin & Development of English Church Architecture from the Norman Conquest to the Dissolution of the Monasteries. B. T. Batsford (kontsulta data: 2023-12-15).
- Boyd, Thomas D.. (1978). «The Arch and the Vault in Greek Architecture» American Journal of Archaeology 82 (1): 83–100. doi:..
- Bradley, R.A.; Gohnert, M.. (2022-09-02). «Parametric study of the catenary dome under gravity load» Current Perspectives and New Directions in Mechanics, Modelling and Design of Structural Systems. London: CRC Press doi:. ISBN 978-1-003-34844-3..
- Calvo-López, José. (2020). «Arches» Stereotomy. 4 Cham: Springer International Publishing, 265–329 or. doi:. ISBN 978-3-030-43217-1..
- Clarke, Michael; Clarke, Deborah. (2010-01-01). The Concise Oxford Dictionary of Art Terms. Oxford University Press doi:. ISBN 978-0-19-956992-2..
- Curl, James Stevens. (2006). (2. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-860678-9. (kontsulta data: 2024-01-03).
- Davies, N.; Jokiniemi, E.. (2008). Dictionary of Architecture and Building Construction. Taylor & Francis ISBN 978-1-136-41025-3. (kontsulta data: 2024-01-05).
- Davies, N.; Jokiniemi, E.. (2012). Architect's Illustrated Pocket Dictionary. Taylor & Francis ISBN 978-1-136-44406-7. (kontsulta data: 2024-02-20).
- DeLaine, Janet. (1990). «Structural experimentation: The lintel arch, corbel and tie in western Roman architecture» World Archaeology 21 (3): 407–424. doi:. ISSN 0043-8243..
- Galliazzo, Vittorio. (1995). I ponti romani. 1 Treviso: Edizioni Canova ISBN 978-88-85066-66-3..
- González, Genaro; Samper, Albert; Herrera, Blas. (2018). «Classification by Type of the Arches in Gaudí's Palau Güell» Nexus Network Journal 20 (1): 173–186. doi:. ISSN 1590-5896..
- Oxford University Press 2020 doi:. ISBN 978-0-19-883248-5..
- Graves, Margaret. (2009-07-02). «Arches in Islamic architecture» Oxford Art Online. Oxford University Press doi:. ISBN 978-1-884446-05-4..
- Heyman, Jacques. (2015). «Strainer arches» Construction History (The Construction History Society) 30 (2): 1–14. ISSN 0267-7768. (kontsulta data: 2024-01-25).
- Hourihane, C.. (2012). «Arch» 1 Oxford University Press, 129–134 or. ISBN 978-0-19-539536-5. (kontsulta data: 2024-12-24).
- Lyttleton, Margaret. (2003). «Trabeated construction» Grove Art Online. Oxford University Press doi:..
- Mallgrave, Harry Francis. (1988). «Introduction» Modern Architecture: A Guidebook for His Students to this Field of Art. Getty Center for the History of Art and the Humanities, 1–54 or. ISBN 978-0-226-86939-1. (kontsulta data: 2024-02-07).
- Mark, Robert. (1996ko uztail-abuztua). American Scientist (Sigma Xi, The Scientific Research Honor Society) 84 (4): 383–389..
- Martinez Nespral, Fernando Luis. (2023). «Islamic Presence in Latin American Architecture. Three Periods - Three Ways» The Bloomsbury Handbook of Muslims and Popular Culture. Bloomsbury Publishing, 13–24 or. ISBN 978-1-350-14541-2. (kontsulta data: 2024-02-20).
- O'Connor, Colin. (1993). Roman Bridges. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-39326-3..
- Osserman, Robert. (2010eko otsaila). Notices of the American Mathematical Society 57 (2): 220–229. ISSN 0002-9920..
- Punmia, B.C.; Jain, Ashok Kumar; Jain, Arun Kumar. (2005). Building Construction. Laxmi Publications ISBN 978-81-7008-053-4. (kontsulta data: 2024-01-23).
- Quirarte, Jacinto. (1989). «The Art and Architecture of Mesoamerica: An Overview» Austin, TX: Texas Univ., Austin. Inst. of Latin American Studies, 27– or. ISBN 0-86728-012-3..
- Rasch, Jürgen. (1985). «Die Kuppel in der römischen Architektur. Entwicklung, Formgebung, Konstruktion» Architectura 15: 117–139..
- Roth, Leland M. (1993). Understanding Architecture: Its Elements History and Meaning. Westview Press, 27–28 or. ISBN 978-0-06-430158-9..
- Royster, Paula D.. (2021-01-01). Decolonizing Arts-Based Methodologies: Researching the African Diaspora. BRILL doi:. ISBN 978-90-04-44612-0..* Saoud, Rabah. (2002-01-17). «The Arch That Never Sleeps» Muslim Heritage (kontsulta data: 2024-01-25).
- Slivnik, L.. (2013-06-27). «Three–hinged structures in a historical perspective» Structures and Architecture. CRC Press, 1129–1136 or. doi:. ISBN 978-0-429-15935-0..
- Sturgis, Russell; Davis, Francis A.. (2013). «Triangular Arch» Sturgis' Illustrated Dictionary of Architecture and Building: An Unabridged Reprint of the 1901-2 Edition. Dover Publications ISBN 978-0-486-14840-3. (kontsulta data: 2023-12-15).
- Vieitez, Fátima Otero. (2020). «Past and Present for Arch Executions» Proceedings of ARCH 2019. 11 Cham: Springer International Publishing, 604–611 or. doi:. ISBN 978-3-030-29226-3..
- Wilkins, H.S.C.. (1879). A treatise on mountain roads, live loads, and bridges. E. & F.N. Spon (kontsulta data: 2023-12-16).
- Woodman, Francis; Bloom, Jonathan M.. (2003). «Arch» Oxford Art Online. Oxford University Press doi:. ISBN 978-1-884446-05-4..