Edukira joan

Zenbatzaile (gramatika)

Wikipedia, Entziklopedia askea


Determinatzaile-motetako bat da zenbatzailea. Zenbatzaileak izen-sintagmaren erreferentzia zehazten laguntzen du, zenbatasuna markatuz. Zenbat galderari erantzuten dio:

  • ZENBAT gizon? a. Hamar gizon. b. Gizon gutxi. c. Gizon guztiak.

Hiru sail bereizten dira:

a) zenbatzaile zehaztuak edo numeralak

b) zenbatzaile zehaztugabeak

c) zenbatzaile orokorrak.

zenbatzaile zehaztuak zenbatzaile zehaztugabeak zenbatzaile orokorrak
bat, bi, hiru… hamar, mila…

bana, bina, hiruna, hamarna…

zenbait, aski, asko, anitz, gutxi, batzuk, honenbeste, horrenbeste, hainbeste, hainbat, franko, nahiko… dena, guzti, oro, bakoitz

Zenbatzaile zehaztuak edo numeralak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbateko zehatza adierazten dute: bat, bi, hamar, mila, etab. Zenbatzaile hauek kokagune aski finkoa dute sintagmaren barnean: BAT, BATZUK eta BI izan ezik, beste guztiek izenaren ezkerreko lekua maite dute. BAT zenbatzailea, ordea, beti izen-sintagmaren eskuin muturrean kokatzen da, mugatzailea bezala:

  • Etxe BAT erosi dugu.

Hain zuzen, horregatik, mugatzaile zehaztugabetzat ere hartua izan da, gizon bat / gizona bereizketa ezarriz, baina badirudi egokiagoa dela zenbatzailetzat hartzea. Nolabaiteko plural forma ere badu: BATZUK. Hark ere kokagune bera du: izenaren eskuinaldean:

  • Neska BATZUK etorri dira zutaz galdezka.

BI zenbatzailea ere berezi samarra da: ezkerrean nahiz eskuinean koka daiteke:

  • BI irakasle berri etorri dira ikastolara.
  • Irakasle berri BI etorri dira ikastolara.

Biak dira zilegi. Bi mutil, bi etxe etab. esaten dutenek ere, erdi bi, erdibitu etab. esaten dute. Eta mutil bi eta etxe bi esaten dutenek ere (Bizkaia aldekoek batez ere), bi bider esaten dute. Hortaz, bi hurrenkerak zilegi. Gainerako zenbatzaile zehaztuak izen-sintagmaren barruan izenaren ezkerraldean kokatzen dira, normalean izenaren ondo-ondoan, gainera:

  • HAMAR gizon etorri dira.
  • BOST MILA pezeta eskatu zizkidan.
  • Gasteizko HIRU neska ezagutu ditut.

Zenbatzaile zehaztuei eta ZENBAT galde-hitzari berari -NA atzizkia erantsiz, zenbatzaile banakariak lortzen dira:

  • bana, bina, hiruna, launa, bosna, seina, hamarna, hogeina, hogeita hiruna, mila bana, bosna mila...

Banakariek, hitzak berak salatzen duen bezala, «banatze» adiera dute:

  • Bina lagun ekar ditzakezue = bakoitzak bi lagun ekar ditzakezue.
  • Bosna goxoki eman ziguten = bakoitzari bost goxoki eman ziguten.

Beraz, X-na banakariak honako hau esan nahi du: «bakoitzak / bakoitzari / bakoitzean… X». Hori esan nahi da «banakari» hitzarekin. Eta jakina, banatu ahal izateko, zenbatzailea daraman sintagmak nolabait lotua, erlazionatua, egon behar du ‘aurrekari’ plural batekin. Gauza bat bakarra ezin bana daiteke. Horregatik, honako perpaus hau okerra litzateke:

  • *Mirenek denda horretan liburu bana erosi du.

Perpaus hori zuzena izango bada, izen-sintagma pluralen batekin erlazionatzeko moduan jarri behar da. Adibidez:

  • Mirenek eta Peruk denda horretan liburu bana erosi dute
  • Mirenek denda horietan liburu bana erosi du.
  • Mirenek denda horretan liburu bana erosi die gurasoei.

Zenbatzaileak eta mugatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz mugatzailea beti agertuko da, kontrako arrazoirik ez bada. Hain zuzen, kontrako arrazoi horietako bat, nagusia, zenbatzaileak agertzea da. Zenbatzaile zehaztu bat baldin badago sintagman, sintagmaren azken buruan mugatzailea ager daiteke edo ez. Beste zenbatzaile batzuekin hori ezina gertatzen da:

  • (a) BOST nobela berri atera ditu Izaro argitaletxeak.
  • (b) BOST nobela berriAK oso onak dira.

BOST zenbatzailea –eta erregela honek zenbatzaile zehaztu guztientzat balio du– (a)-n mugatzailerik ez duen izen-sintagma batean agertzen da, (b)-n, berriz, mugatzaile eta guztikoan. Zein da bien arteko diferentzia? Argi dago: mugatzailea izan edo ez izan, izen-sintagma horren erreferentzia aldatzen da. Bost nobela berri esanda, beste hainbaten arteko bost nobela aipatzen dira. Nobela horiek ez ditu hiztunak ezaguntzat ematen, lehenbiziko aldiz aipatzen dira. Ostera, (b)-n bost nobela berriak esanda, lehendik aipatuak diren edo, nolanahi ere, ezaguntzat ematen diren nobelak aipatzen ari dira. Hortaz, mugatzailedun sintagmaren eta mugatzailerik gabekoen arteko diferentzia ezagun / ezezagun diferentzia gisa aurkez daiteke.

  • Bost liburu idatzi ditu Josebak.
  • Bost liburuak Josebak idatzi ditu.
  • Bost liburu horiek Josebak idatziak dira.


Zenbatzaile zehaztua + mugatzailea = ezaguna edo aurretik aipatua.
Zenbatzaile zehaztua mugatzailerik gabe = ezezaguna edo lehenengoz aipatua

Baina zenbatzaile banakariekin –testuinguru oso bereziren batean ez bada– ez da mugatzailerik erabiltzen. Sintagma mugagabeak izango dira, hortaz:

  • Bina musu eman zioten elkarri.
  • *Bina musuak eman zizkioten elkarri.
  • *Bina musu horiek ez zaizkio gustatu.

Zenbatzaile zehaztugabeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbatzaile zehaztugabeek, izenak adierazten duen bezala, kopuru zehaztugabea ematen dute aditzera. Honako hauek dira erabilienak: ZENBAIT, ASKO, ANITZ, GUTXI, BATZUK, HONENBESTE, HORRENBESTE, HAINBESTE, HAINBAT, FRANKO, NAHIKO, ASKI, … Eta galderazko zenbatzailea bera ere, ZENBAT galde-hitza, alegia, zenbatzaile zehaztugabeen multzoan sartu beharrekoa da.

Zenbatzaile zehatugabeen kokagunea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokaguneari dagokionez, hiru multzotan banatu daitezke zenbatzaile zehaztugabeak:

a. Batzuk izenaren ezkerratara kokatzen dira, gainerako zenbatzaileen kokagune berean:

  • HONENBESTE neke, HORRENBESTE arazo, HAINBESTE petralkeria, HAINBAT garrasi, ZENBAT auto…

b. Beste batzuk, berriz, izenaren eskuinera kokatzen dira, izen-sintagmaren eskuin-muturrean:

  • gizon ASKO, diru GUTXI, harri BATZUK, etxe GEHIAGO, bizikleta GUTXIAGO, hitz GEHIEGI, babarrun LARREGI…

c. Eta beste batzuk, azkenik, alde batera nahiz bestera koka daitezke:

  • ZENBAIT liburu / liburu ZENBAIT; NAHIKO ikasle / ikasle NAHIKO; ANITZ haur / haur ANITZ; FRANKO diru / diru FRANKO

Zenbatzaileen arteko konbinazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbatzaile hauek, jakina, ez dute beste zenbatzailerik onartzen sintagma berean:

  • *Bost gizon batzuk ikusi ditut.
  • *Zenbait bi gizon bota dituzte kalera.

Hala ere, gutxi + batzuk konbinazioa onartzen da:

  • Ikasle gutxi batzuk bakarrik ikusi nituen.

Zenbatzaile zehaztugabeak eta mugatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbatzaile zehaztugabeek ez dute mugatzailerik onartzen:

  • *Zenbait auto hauek.

Baina batzuek, egitura bereziak osatzen dituztenean, mugatzailea agertzea eskatzen dute. Franko zenbatzaileak, adibidez, mugatzailea eska dezake:

  • Dirua franko irabazi zuen horrek Ameriketan.

Zenbatzaile hauetariko zenbait, bestalde, partitiboarekin batera ager daitezke, ordena honetan: [izen sintagma + -(r)ik + zenbatzailea]. Hori gertatzen da asko eta franko-rekin:

  • Eskerrik asko.
  • Gizonik franko ikusi dugu gaur merkatuan.

Zenbatzaile orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokor deritzen zenbatzaile hauek orokortasunaz mintzatzeko erabiltzen dira. Bost etxe esanda, izan litezkeen etxe guztietatik bosti egiten zaieerreferentzia. Zenbatzaile orokorraz baliatuz, etxe guztiak esanda, etxe posible horien multzo osoa hartzen da kontuan. Hauek dira zenbatzaile orokorrak: DENA, GUZTI, ORO eta BAKOITZ.

Zenbatzaile orokorren kokagunea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbatzaile orokor hauek izen-sintagmaren eskuineko muturrean kokatzen dira:

* Liburu guztiak erosi ditut.

* Ez ditugu neska guztiak ezagutzen.

* Pertsona bakoitzak bere arazoak ditu.

* Pertsona orori zor zaio begirunea.

Zenbatzaile orokorrak eta artikulua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena, guzti eta bakoitz zenbatzaileak beti izen-sintagma mugatuetan ageri dira. Edo, bestela esanda, mugatzailea agertzea eskatzen dute, baina ez erakuslea:

* Ikasgai guztia ikasi du / *Ikasgai guzti hau ikasi du.

* Lan bakoitza bere garaian egin behar da / *Lan bakoitz hau…

Oro, berriz, beti mugagabean agertuko da:

* Lanbide oro da errespetagarri / *Lanbide oroa da errespetagarri.

Egia da guzti-ren eta dena-ren kasuan erakuslea erabili beharra izan daitekeela, baina orduan aposiziora jotzen da; alegia, bi izen-sintagma elkarren ondoan jarri behar dira:

* Ikasgai hau guztia buruz ikasi al duzu?

* Pertsona hauek guztiak ezagutzen ditut.

* Gaztaina hauek denak ez ditut nahi.

Bestalde, dena/denak eta guztia/guztiak singularrean eta pluralean, bietan, ager daitezke.

  • Okela hori dena ezin dut jan / Gozoki horiek denak ezin ditut jan.
  • Arrain guztia minutu batean irentsi du / Arrain guztiak usteldu zaizkio.

GUZTI eta OSO

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitetan elkarren ordain izan daitezke. Hala ere, oso, batez ere zatitu daitekeen izen bati itsatsia erabiltzen dugu:

  • Pastel osoa, egun osoa, liburu osoa, …
  • Pastel guztia, egun guztia, liburu guztia, …

Kasu horietan, esan daiteke oso eta guzti baliokide direla. Baina, pluralean, gauzak guztiz bestela gertatzen dira.

  • Pastel guztiak ≠ pastel osoak.

Pastel guztiak esanda, guzti zenbatzailea da, eta ‘zenbat pastel?’ galderari erantzun diezaioke. Pastel osoak esanda, ostera, ‘nolako pastelak?’ galderari erantzuten zaio: pastel osoak, ez, apurtuak, ez, erdiak, adibidez. Kasu horretan, oso adjektiboa da.

Zenbatzaile-sintagma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbatzaileek izen-sintagmaren zenbatasuna adierazten dute. Bestalde, izena zenbakaitza denean, ezin da zenbatzaile zehazturik erabili. Baina izen zenbakaitz asko neurtu egiten dira, neurgarriak dira. Beraz, haien zenbatasuna edo kantitatea ere adieraz daiteke, eta, egiatan, adierazi beharra izaten da maiz. Hots: Zenbat olio?, Zenbat gari? etab. gisako galderei erantzun beharra gerta daiteke. Horretarako dago, hain zuzen, zenbatzaile-sintagma. Sintagma hau zenbatzaileaz eta neurri-izen batez (metro, kilo, litro, baso, botila, …) osatuak egon ohi da:

* Bost litro olio erosi zuen.

* Bi tona gari ekarri dute.

* Baso bat esne bero hartzen dut gauero oheratu orduko.

Adibideek ongi erakusten dutenez, zenbatzaile-sintagma duten izen-sintagmak mugagabean joan ohi dira. Beste ohar bat ere egin behar da zenbatzaile-sintagma dela eta, zeren:

* Baso bat esne ≠ esne(-)baso bat.

Gauza bat da zenbat esne? galderari erantzuten dion baso bat esne sintagma, non baso bat zenbatzaile-sintagma den, eta beste bat, nolako basoa? edo zer baso? edo antzeko galdera bati erantzungo liokeen esne(-)baso bat. Alegia, batean esne-kantitateaz ari gara, eta bestean, berez, baso batez ari gara. Baso hori hutsa ere egon liteke edo ardoz betea, esaterako. Azken batean, esne(-)baso izen-elkarte bat da, txoriburu edo esne-behi bezalaxe. Dena den, batzuetan esne(-)baso gisakoak kantitatea adierazteko ere erabiltzen dira. Horrela, jende askok honako bi perpaus hauen artean ez luke inolako bereizketarik egingo:

* Zenbat botila txanpan edan dituzue?

* Zenbat txanpan botila edan dituzue?

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]