Zubi-garuntxo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zubi-garuntxoa» orritik birbideratua)
Garuntxoa: kanpo morfologia eta kokapena

Garuntxoa erdiko nerbio sistemaren parte da. Erronbentzefaloko metentzefalotik dator, eta garezurreko atzeko hobian kokatzen da, IV. bentrikuluaren atzean. Honek hainbat eferentzia bidaltzen ditu, eta beste hainbat aferentzia jasotzen ditu, denak anatomikoki ezberdintzen ez diren goiko, erdiko eta beheko pedunkuluen bidez. Aferentzia horiei dagokionez, garun kortexetik datozenak sinapsia egiten dute zubiko nukleoetan, eta bide horri zubi-garuntxo deritzogu. Zubi-garuntxoa (cerebrocerebelo) garuntxoak garun kortexarekin duen konexioa da. Horretarako, zubian dauden nukleoetan egiten dute sinapsia zuntzek, eta horregatik esaten zaio zubi-garuntxoa.

Aferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aferentzia: kortex - zubi nukleo - garuntxo

Aferentziak hemisferioek hartuko dituzte eta eferentziak hemisferioetatik irtengo dira. Atal honekin erlazionatutako nukleo sakona horzdun nukleoa da.

Aferentziak: zuntzak kortex-bizkarmuin traktuko hainbat lekuetatik irtengo dira. Ezagunenak bekoki lobulua eta loki lobulua diren arren, zuntzetako batzuk pareta lobulutik ere aterako dira. Zuntzak beherantz abiatu, eta mesentzefaloan, garun pedunkuluen oinen erdialdetik eta albotik bideratzen dira. Zubira helduko dira eta ipsilateralki sinapsia egingo dute zubi nukleoetan. Ondoren, alde kontralateralera joko dute, eta erdiko garuntxo pedunkulutik sartuko dira garuntxora, hemisferio osoan zehar zabalduz.

Eferentzia: garuntxo - talamo - kortex

Eferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eferentziak garuntxo hemisferioetatik irteten dira. Gero, nukleo horzdunean egingo dute sinapsia. Ondoren, zuntzak alde kontralateralera joango dira, nukleo gorriaren atal parbozelularrean sinaptatzeko. Jarraian, zuntzak beheko olibara bideratuko dira. Beste zuntz batzuk, aldiz, talamora helduko dira, eta bertatik garun kortexera.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mugimenduen predikzioan eta patroien ezarpenean parte hartzen du. Egitera ohituta gauden gauzak garuntxoak ikasita ditu, eta predikzioak egingo ditu. Hau da, garun kortexa aktibatu baino lehen, garuntxoa aktibatuta egongo da.
  • Mugimenduen koordinazioan parte hartzen du.
  • Informazio sentikorra balioztatuko du: zein mugimendu egin den, ondo egin den...
  • Funtzio kognitiboak ere ditu.
  • Diskriminazio sentikorrean parte hartzen du: eskua immobilizatzen badigute, eta lija bat pasatzen badute esku gainetik, erresonantzian ikusi daiteke zelan nukleo horzdunak apur bat aktibatzen diren. Gainera, pazienteari eskatzen badiogu zein motatako lija (lodia, fina...) pasatu diogun identifikatzea, askoz gehiago aktibatuko dira. Beste adibide bat jartzeagatik: zaku baten barruan dauden objektuak ukitzean ez dira nukleoak asko aktibatuko. Baina pazienteari zein objektu diren identifikatzeko eskatzen diogunean, nukleo horzdunak askoz gehiago aktibatuko dira.
  • Badirudi garuntxoak ekintza motorren indarra, gradua, erritmoa eta modulazioa erregulatzen duen moduan, prozesu kognitibo eta emozionalen abiadura, gaitasuna, sendotasuna eta egokitasuna erregulatzen duela. Hala ere, azken funtzio hauek ikerketa fasean daude oraindik.

Disfuntzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubi-garuntxoaren disfuntzioak daudenean, disinergia eta hipotonia agertzen dira.

  • Disinergia mugimenduen deskonposizioari deritzogu, eta pazienteak mugimenduak burutuko ditu “marioneta” moduan.
  • Hipotonia, bestalde, gihar tonuaren eta erreflexu tendinotsuen murrizketa da.
  • Intentzioari lotutako dardara ere sortuko da: ukitu nahi dugun objektura zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta handiagoa izango da dardara.
  • Dismetria (diana gainditzea) eta disdiadokozinesia (mugimendu txandakatu arinak egiteko ezintasuna) ere ohiko sintomak dira.
  • Disartria (hitz egiteko ezintasuna) eta errebotea ere ager daitezke. Azken honetan, pazienteari eskua sostengatzen badiozu indarra kanporantz eginez, eskua libre uzterakoan pazientea ez da gai eskua mantentzeko.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]