1950eko Annapurnako frantziar espedizioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
1950eko Annapurnako frantziar espedizioa
Map
Motaespedizio
HerrialdeaFrantzia
Annapurnaren ikuspegia behe kanpamentutik.

1950eko Annapurnako frantziar espedizioa, Maurice Herzog buru zela, Annapurna I-en gailurrera (8.091 metro) iritsi zen 1950eko ekainaren 3an. Gizakia zortzimila metrotik gorako garaierako mendi batera igo zen lehen aldia izan zen. Maurice Herzogekin batera, Louis Lachenalek zapaldu zuen tontorra.

Espedizioa kontatzen duen liburu bat idatzi zuen Maurice Herzogek: Annapurna, premier 8.000. Alpinismoaren literaturan gehien salduriko liburua da, eta orduko generazio berriengan eragin handia izan zuena.[1]

Annapurna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annapurna Himalaia mendilerroan dago, Nepalen. Lau gailur ditu eta handienak, Annapurna I izenekoak, 8.091 metroko altuera dauka. Garaierari erreparatuta Himalaiako mendirik altuena ez den arren, 4.000 metroko desnibela du behe kanpamentutik tontorreraino, eta elur-jausi arriskua oso handia izaten da mendiaren hainbat eremutan. Tontorrera mendizale gutxien iritsi den zortzimilako mendia ere da. Horren arrazoietako bat gertatutako istripu eta ezbeharrek alpinisten artean sortu duten errespetuari zor zaio; estatistiken arabera, igotzen saiatzen diren mendizaleen % 40k galtzen dute bizia bertan. Herzogek eta haren taldeak, ordea, ez zuten gaur egungo informaziorik.[1]

Annapurnako ipar aurpegia honela deskribatu zuen Herzogek aurrenekoz ikusi zuelarik: "Annapurnak bere sekretuak erakutsi dizkigu lehenengo aldiz. Bere ipar isuri handiosa, bere izotz errekekin argiz bete betean ageri da. Inoiz ez dut ikusi hain mendi handirik. Mundu distiratsu eta mehatxatzailea da aldi berean".[2]

Espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maurice Herzog buru zela, garai hartako alpinistarik indartsuenek osatu zuten frantziarren espedizioa. Alpeetako eskalatzailerik onenen selekzio bat izan zen taldea: Lionel Terray eta Louis Lachenal uztarririk indartsuena, Alpeetan inoiz izan den sokaldirik onenetako bat. Lehenbiziko igoera asko egin zituzten, garai hartarako pentsaezinak. Gaston Rébuffat, Chamonixko gidarien taldekoa eta Alpeetako zeharkaldirik entzutetsuenen egilea. Jean Couzy eta Marcel Schatz, ohiko soka-lagunak hauek ere, eskalatzaile bikainak. Jacques Oudot medikuak, Marcel Ichac zinemagileak eta Francis de Noyelle interpreteak osatu zuten taldea.[3]

Tukucha herrixka.

Hasiera batean, Dhaulagiri (8.167 metro) igotzea zen espedizioaren helburua. Kali Gandaki ibaiak sortutako bailaran, Tukucha herrixkan ezarri zuten kanpamentua, eta handik abiatzen ziren euren esplorazioak egitera. Herritarrek beste mundukotzat hartu zituzten mendizaleak; beste garai batzuk ziren. Espedizioan zehar, hala ere, berebiziko garrantzia izan zuten mendiko biztanleok. Baina zituzten krokisen zehaztasunik ezak eta Dhaulagiriko hego-mendebaldeko ertzak eta hego paretak gorputzean sortu zien izuak eraginda, atzera bota zuten hasierako asmoa, eta Annapurnara hupatzea erabaki zuten.[1][3]

Baldintzak eta mendizaleen sentipenak mendi batetik bestera asko aldatu ez baziren ere, denbora amaituz zihoan, bai baitzekiten Bill Tilman eta haren taldea inguruan zebiltzala, lehen zortzimilakoa igotzeko lehian. Borroka hori ez zen soilik alpinisten artekoa, ordea, nazioen arteko lehia zantzuak ere nabariak ziren. Bada, frantsesek lehen zortzimilako mendia igotzeko desira handia zeukaten, berak izan baitziren alpinismoaren sortzaileak. Frantzia ez zen bere garairik onenean orduan, Bigarren Mundu Gerrak eragin handia izan baitzuen lurralde osoan. Hori aipatzen zuen Herzogek, beste batzuen artean, Annapurnaren gailurrera iristeko indarra eman zion arrazoietako baten moduan.[1]

Igoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat jatorritako hogei espediziok nahi zuten igo lehen zortzimilakoa; frantziarrak, Dhaulagiriko ertzetan eta Miristi Kholako inguruetan gora eta behera ibili ondoren, altuerara egokituta zeuden ordurako, baina maiatzeko bigarren astea azkenekotan zen Annapurnako magalean kanpamentu nagusia paratu zutenerako. Montzoia mendiaren beste kantoian zegoen ordurako.[2] Herzog bera, Louis Lachenal, Lionel Terray eta Gaston Rebuffat ziren altueran lan egiteko arduradunak. Herzog izan ezik, beste hirurak mendiko gidari profesionalak ziren, eta orduko alpinista onenetarikotzat jotzen ziren.[1]

Glaziar pitzatuak erakutsi zien ustez biderik logikoena. Izotzezko erreka eta serac erraldoien artean bidea zabaltzeko euren teknika eta abilezia guztia baliatu behar izan zuten Alpeetako gidari trebatuek. Herzog eta Terray izan ziren bidea ireki eta kanpamentuak jartzeko arduradunak; Herzogek gailurrera iristeko erasoan Terray nahi zuen bidelagun. Terray, ordea, ez zuen bere lorpen pertsonalak arduratzen gehien, espedizio osoaren funtzionamendu onak baizik.[1] Maiatzaren 29an, Lionel Terray eta Gaston Rebuffatek, bakoitzak 20 kiloko zama bizkarrean hartuta, III. kanpamentutik IV.erako igoera egin zuten. Iristeko zazpi ordu baino gehiago behar izan zituzten, elurrarekin eta haizearekin borrokan. Rebuffatek, gainera, ez zituen oinak sentitzen, eta biharamunean jaistea erabaki zuten.[2]

Lachenal eta Herzogena izan zen hurrengo txanda. Ekainaren 2an, neke handiz, V. kanpamentua ezarri behar zuten lekura iritsi ziren. Ang-Tharkey eta Sarki xerpak ere aritu ziren mendizaleei laguntzen eta, Herzogen arabera, gailurrera igotzeko aukera eskaini zieten, baina ez zuten igo nahi izan, eta aurreko kanpamentura jaitsi ziren. Ekainaren 2tik 3rako gaua ez zen gozoa izan Lachenal eta Herzogentzat. V. kanpamentuan, 7.500 metrotan, elurra denda txikia zanpatzeko zorian... Eguna argitu ahala, ordea, eguraldia ere argitu egin zen, eta gailurrerantz atera ziren.[2] Ordu batzuen buruan, iritsi zen une erabakigarria: Lachenalek, bere gidari senari kasu eginez, gailurrera igo aurretik buelta eman nahi izan zuen, baina Herzogen egoskorkeriak gora bultzatu zuen, kidea bakarrik ez uztearren. Eta, arratseko 2:00etan, biek erdietsi zuten Annapurnako gaina.[1]

Beherako bide gogorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotzak eraginda. bere onetik aterata beherantz abiatu zen Lachenal: Herzog geroxeago hasi zen jaisten. Halako batean bizkar-zorrotik eskularruak jausi eta maldan behera joan zitzaizkion. Tontorraren poztasunak itsuturik, une hartan ez zen asko jabetu izotzaren hozkek betirako maingu utziko zutela. Behe-lainoa sartu zitzaien, eta bakoitza bere aldetik iritsi zen V. kanpamentura. Behetik etorrita, zain zituzten Terray eta Rebuffat. Une latzak izan ziren: Herzog hatz guztiak zuri-zuri, odolik gabe eta hilda; Lachenal oinak izozteekin hanpaturik...[2]

Rebuffatek Herzogekin igaro zuen gaua eta Terray Lachenalekin. Gailurreko bi "garaileen" oinak eta eskuak igurtzen eta jotzen igaro zuten gaua, zirkulazioa berreskura zezaten. Biharamunean, Terray izan zen lehena egoeraz jabetzen: "Alde egin behar dugu, azkar!". Ekaitza gainean, eta Herzog eta Lachenal egoera hartan, ihes egin behar zen goi haietatik. Serac arteko "kartzela" zurian barneratu ziren, desesperazioaren eta indarraren muga-mugan. IV. kanpamentua bilatu ezinik etorri zitzaien gaua, eta, iluntzear zegoela, Lachenal artesi batean erori zen. Miraria!: hura baino babes hobeagorik nekez topatuko zuten gaua igarotzeko.[2]

Biharamunean, artesi-ahoa elurrez estalirik zegoela. ahalegin izugarria egin behar izan zuten argitara ateratzeko. Lachenal burutik erabat joanda zegoen, eta Herzog hilzorian: "Zertarako eutsi? Onena, bakean joatea. Nire bihotza harri puska bat da. Izoztuta nago erabat. Nire mendian geratuko naiz". Dena galdutzat jotzen zutenean, ordea, Marcel Schatz taldekidea iritsi zen laguntzera. Eta gero Couzy eta xerpak. Bizitzeko gogoa berriro. Bizitzarako bidean, ordea, heriotza zuriak berriro egin zien hozka elur-jausi moduan, baina handik ere bizirik atera ziren.[2]

Bidean, Jacques Oudot medikuak oinetako behatzak moztu behar izan zizkien Herzog eta Lachenali; baita eskuko hatzak ere lehenengoari. Ekainaren 5ean heldu ziren beheko kanpamentura, eta handik hilabete eta erdira iritsi ziren Frantziara. Terray izan zen zutik eta bere kabuz etxeratu zen bakarra, eta argi utzi zuen espedizio osoan zehar indartsuena izan zela, gailurra zapaldu ez zuen arren. Espedizio horren ostean, alpinismoa utzi egin behar izan zuen Herzogek, izozteek eragindako kalteengatik, eta politikari moduan jardun zuen orduz geroztik.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h Iribarren, Oier. Maurice Herzogen Annapurna. Berria, 2013ko urtarrilak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-22).
  2. a b c d e f g Olasagasti, Ramon. Annapurna: 50 urte eta gero hau (2). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko ekainak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-23).
  3. a b Olasagasti, Ramon. Annapurna: 50 urte eta gero hau (1). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko ekainak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]