Frantzia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Frantziako Errepublika
République Française
Frantziako bandera
Bandera

Frantziako armarria
Armarria

Goiburua: Liberté, Égalité, Fraternité
(Askatasuna, Berdintasuna, Senidetasuna)
Nazio ereserkia:
Marseillesa
Frantzia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Paris
48°51′39″N 2°20′43″E / 48.86083°N 2.34528°E / 48.86083; 2.34528
Hizkuntza ofiziala(k) Frantsesa1
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
François Hollande
Manuel Valls
Sorrera
- Erresumaren sorrera
- 5. errepublika

843
1958
Eremua
• Guztira
• Ura

675.417 km² (41.)
% 0,3%
Biztanleria
• Zenbatespena(2013[1])
• Errolda (2007)
• Dentsitatea

Herritarra

65.951.611 (22.)
64 102 000
115 biztanle/km² (89.)

frantses, frantziar
Dirua Euroa3 (€) (EUR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .fr
Telefono aurrezenbakia +33
1Frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra. Hala ere, bertako hainbat hizkuntza mintzatzen dira: euskara, bretainiera, korsikera, okzitaniera, galoa, tahitiera, nederlandera eta katalana.


2 horietatik 543.965, Metropolitar Frantzian.


3 Ozeano Bareko itsasoz haraindiko lurraldeetan CFP libera erabilzen da.

Frantzia, ofizialki Frantziako Errepublika (frantsesez: République française) Mendebaldeko Europan kokatutako estatua da, itsasoz haraindi beste uharte eta lurralde batzuk dituena. 675.417 km²ko eremua hartzen du eta 2013an 65.951.611 biztanle zituen[1]. Metropolitar Frantzia Mediterraneo itsasotik Mantxako kanala eta Ipar itsasora, eta Rhin ibaitik Ozeano Atlantikora hedatzen da. Bere mugak hauek dira: mendebaldean Ozeano Atlantikoa, iparraldean Mantxako kanala, ekialdean Belgika, Luxenburgo, Alemania, Suitza eta Italia, eta hegoaldean Espainia, Andorra, Monako eta Mediterraneo itsasoa. Europar Batasuneko kidea da.

Hiriburua Paris da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako geografia
Frantzia sateliteko irudian

Metropolitar Frantzia Europako mendebaldean dago. Frantziako estatuaren zati dira, halaber, Europatik kanpo diren hainbat lurralde: Ipar Amerikan, Antilletan, Hego Amerikan, Indiako ozeanoan, Ozeano Bareko hego eta iparraldean eta Antartikan.

Metropolitar Frantziak hexagono baten itxura du, eta 965 bat kilometro luze eta 935 bat kilometro zabal da. Bere mugak 2.970 km luze dira: Espainia (650 km), Belgika (620 km), Suitza (572 km), Italia (515 km), Alemania (450 km), Luxenburgo (73 km), Andorra (57 km) eta Monako (4,5 km). Guyanako mugak 580 km luze dira Brasilekin eta 520 km Surinamekin. Saint Martin uharteak (Antillak) 10,2 km luze den muga eraikigabea du Herbehereen uharte zatiarekin. Azkenik, Antartikan Frantziak beretzat duen Terre Adélie lurraldea (TAAF) muga du Australiak beretzat duen lurraldearekin.

Frantziako kostak lau itsasotara ematen dute (Ipar Itsasoa, Mantxako kanala, Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa), komunikazio eta kultura bidegurutze paregabea eratuz.

Metropolitar Frantziako paisaiak aniztasun handia du, ordoki zabalak ipar eta mendebaldean, eta mendigune handiak hego-mendebaldean (Pirinioak) eta hego-ekialdean (Alpeak). Frantziako Alpeetan dago Mendebaldeko Europako punturik gorena, Mont Blanc, 4 810 m gora dena. Beste lurralde menditsu batzuk ere badira, hala nola, Erdialdeko Mendigunea, Jura, Vosges, Morvan, Armorikako mendigunea eta Ardenetako mendigunea.

Ibai handiek zeharkatzen dute Frantzia. Garrantzitsuenak Loira, Rodano (iturburua Suitzan), Garona (iturburua Espainian), Sena eta, tarte batean behintzat, Rhin, Mosa eta Mosela dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako historia

Arkeologia ikerketetan duela 100.000 urte baino gehiagoko gauzakiak aurkitu dira. Paleolito garaitik honuntzako aztarnak daude, gizakia orduz geroztik bizi izan dela gaurko Frantziako lurraldeetan frogatzen dutenak. K. a. 625ean Joniako grekoek merkatari kolonia bat ezarri zuten Massilian (gaurko Marseilla), Frantziako hegoaldean ehunka urteetan izan ziren kolonietan aberatsena izan zena. Garai berean galli izeneko zeltak iritsi ziren eta La Tene kultura garatu zuten. K. a. III. mendetik aurrera Galiako zeltak ziren gaur egungo Frantziako biztanle gehienak, nahiz eta Akitanian, euskaldunekin (edo, hobeki esanda, baskoiekin) erlazioa zeukaten herriak bizi. Erromatarrek K. a. 13an hasi zuten Galiako konkista, Julio Zesarrek K. a. 54an bukatu zuena. Horrenbestez, Galian latina, frantses bilakatzekoa zena, eta Erromako kultura nagusitu ziren. Kristautasuna II. eta III. mendeetan sartu zen.

Klovis I.aren bataioa. Parisko Sainte-Chapelleko margoa.

Erromaren beherakadak zabalik utzi zuen Galia germaniarrek har zezaten. K. o. III. mendetik aurrera, Rhin ibaia zeharkatuta, tribu germaniar ugarik inbaditu zuten Erromatar Inperioa. Horietako bat frankoak ziren, Frantziari bere izena eman ziotenak. V. mendean saliar frankoek Loira ibaiaren iparraldea hartu zuten, bisigodoek Akitania eta Proventza beretu zuten, eta burgundiarrek Rodanoren bailara. Frankoek, merobingiarren gidaritzapean, ia Galia osoan nagusitu ziren. 498an Klovis I.a erregea katoliko bihurtu zen. Hortaz, Frantziak Elizaren alabarik zaharrena titulua jaso zuen.

VIII. mendean aginpidea karolingiarren eskuetan zegoen; haietan handiena Karlomagno izan zen. IX. mendearen hasierarako Karlomagnoren inperioak Erdialdeko Europako parterik gehiena bere mende zuen, baina haren heriotzak zatiketa ekarri zuen. Izan ere, Verdungo Hitzarmenaren bidez (843), Karolingiar Inperioa hirutan banatu zen. Inperioko mendebaldeko lurraldeek, gerora Frantzia izango zena, Francia Occidentalis izena hartu zuten. Azken errege karolingioa 987an hil zenean, Hugues Capet hautatu zuten errege. Kapetoen dinastiak, hasieran ahula izan bazen ere, 1328. urtea arte iraun zuen; ordurako erregearen aginpidean zeuden Frantzia modernoko lurralde gehienak, Flandes, Bretainia, Burgundia eta Akitania izan ezik. Urte hartan Filipe VI.a Valoiskoak hartu zuen erregetza, eta haren ondorioz piztu zen Ehun Urteko Gerra (1337-1453), Ingalaterraren kontra. Gerra bukatzean Valoistarrak indartuta irten ziren Frantziako erregetzan, eta ingelesek Franziako jabetza guztiak galdu zituzten, Calais izan ezik. Orduan erori ziren Lapurdi eta Zuberoa Frantziaren koroaren mende. XV. mendearen bukaeran Burgundia eta Bretainia Valoistarren eskuetan zeuden; era horretan, estatua gaur egun dituen mugetara hurbildu zen.

XVI. mendean protestantismoa hedatu zen Frantzian, eta, horren ondorioz, gerra zibilak eta erlijiozkoak izan ziren. Protestanteen (higanoten) eta katolikoen arteko gatazkaren ondorioz, 3.000 higanot hil ziren San Bartolome gaueko sarraskian (1572). Haren ondoren izan ziren egun nahasietan, Borboi etxeko higanota zen Henrike III.a Nafarroakoak hartu zuen erregetza, baina azkenean Frantziako errege izatearren, baldintza hori jarri baitzioten, katoliko egin zen. Hark emandako Nantesko ediktuak (1598), nolabaiteko askatasuna eman zien higanotei.

XVII. mendean, erregeen aholkularien trebeziari esker (Richelieu kardinala, Mazarin) Frantzia Europako nazio nagusi izan zen. Azken errege borboiek, batez ere Luis XIV.ak, Versaillesko jauregi handientsuarekin, eta erregetzaren ikusmolde erabatekoarekin (errege eguzkia), absolutismoa gorenera eraman zuten. Baina atzerriko gerra batzuetan izandako galeren ondoren, Frantziak itsasoaz bestaldeko lurraldeak galdu zituen, eta bankarrota jo zuen ia.

1789, monarkia eta nobleen bidegabekeriaren aurrean, Frantziako Iraultza gertatu zen: errege-erreginak hil zituzten, giza eskubideak aitortu eta Erregimen Zaharra suntsitu zen. Iraultza, ordea, gero eta gogorragoa egin zen, sarraski handiak izan ziren eta azkenean bost diktadoreren esku geratu zen gobernua, eta oso erraz erori zen Napoleon Bonaparteren eskuetan; Napoleon Frantziako agintari izan zen 1799tik 1814ra arte, kontsul gisa lehenbizi eta enperadore moduan gero. Haren agindupean, Frantziak Europako erresuma guztiak garaitu eta kontinenteko lurralde zabala bere mendean hartu zuen. Napoleonen konkista gerrak 1815ean amaitu ziren, Waterlooko porrotarekin.

1814an monarkia berezarri zen. Baina 1830eko eta 1848ko iraultzek erregimen aldaketa ekarri zuten. Bigarren Errepublikak 1848tik 1852ra iraun zuen, eta ondoren Bigarren Inperioa (1852-1870) iritsi zen. Osabari gertatu zitzaion bezala, gerra batean izandako porrotaren ondorioz (bere kasuan Frantzia-Prusia Gerra), Napoleon III.ak boterea galdu zuen eta Hirugarren Errepublikaren (1870–1940) sorrera ekarri zuen.

1871n frantsesek Alsazia-Lorrena galdu zituzten (Alemaniaren esku geratu ziren), baina Lehen Mundu Gerraren (1914-1918) amaieran itzuli ziren. Alemania Naziaren inbasioan ondoren, Bigarren Mundu Gerran, Vichyko gobernu kolaborazionista ezarri zen, Pétain mariskalaren gidaritzapean. Frantzia Askea izeneko erresistentzia higikunde bat antolatu zen Erresuma Batuan Charles de Gaulle jeneralaren gidaritzapean. 1944an askatu zuten Frantzia Aliatuek. Demokrazia parlamentarioa ezarri zen berriz Frantzian: Laugarren Errepublika (19461958).

Bigarren Mundu Gerraren ostean, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan munduko azaleraren %8,6 izatera iritsi zen Inperio Koloniala desegiten hasi zen. 1950eko hamarkadan inguruan errepublikak arazo handiak izan zituen, Indotxinako gerrillen kontrako gerrak eta nazionalismoen areagotzeak, Aljerian eta beste kolonia frantses batzuetan, zirela eta. 1958an de Gaulle aginpidera itzuli zen. Hura Bosgarren Errepublikako lehendakari zela galdu zituen Frantziak itsasoaz bestaldeko kolonia gehienak.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981ean Frantziak Bosgarren Errepublikako lehen lehendakari sozialista hautatu zuen, François Mitterrand. 1988ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Mitterrandek Jacques Chirac-i irabazi zion. Lehendakariak legegintzarako hauteskundeak deitu zituen; alderdi sozialistak irabazi zituen eta Michel Rocard izendatu zuten Lehen Ministro. Sozialisten politika ekonomikoa ez zen eskuinarenetik askorik aldendu. Langabeziak gora egiten segitu zuen (%9,5 1991n). Urte horretan bertan Edith Cressonek hartu zuen Rocarden lekua; gobernua bere gain hartzen zuen lehenengo emakumea izan zen. Ez zuen, baina, asko iraun. Bederatzi hilabete geroago Mitterrandek ekonomia ministro ohia, Pierre Bérégovoy, industria eta finantza agintarien babesa zuena, jarri zuen Cressonen ordez. 1992an, bestalde, poliziak ETAko buruzagiak atxilotu zituen Bidarten. 1993an ezkerrak berriro galdu zituen legegintzarako hauteskundeak eta Mitterrandek Edouard Balladur kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. 1994an, Balladurren hiru ministrok beren karguaren dimisoa eman behar izan zuten ustelkeriaz akusaturik. Urte hartan bertan, maiatzaren 6an, Mantxako itsasarteko urpeko tunela (Eurotunela) inauguratu zen.

1995eko lehendakaritzarako hauteskundeetan Chiracek irabazi zituen. Hark Alain Juppé kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. Abenduan funtzionario publikoen greba batek (1986az geroztik handiena) hiru egunez geldiarazi zuen herrialdea. Gizarte egoeran tirabira handiak zeuden oraindik, ez bakarrik langabezia gero eta handiagoa zelako, baita errentaren eta jabetzaren banaketan gorabehera handiak zeudelako biztanleen artean (biztanleen %20 baino gutxiagok irabazien %44 baino gehiago hartzen zituen, eta ondasun nazionalaren %69 frantsesen %20aren eskuetan zegoen). Juppéren gobernuak bere politika zorrotzari eutsi zion eta aurre egin behar izan zien sindikatuen erasoei. 1997an lege berri bat onartu zen etorkinen sarrera eta egonaldiak murrizteko. Otsailean neurri horren aurkako manifestazio handiak egin ziren. Ustekabean, Chirac-ek legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu zituen. Sozialistek irabazi zituzten (241 diputatu), komunisten (38 diputatu), berdeen (7 diputatu) eta ezkerreko beste 33 diputaturen laguntzarekin. Eskuineko koalizioak 256 diputatu lortu zituen eta Fronte Nazionalak bakarra. Lionel Jospinek hartu zuen Lehen Ministro kargua, komunistek bi ministerio, eta ekologistek bakarra, lehendakarigai ohi Dominique Voynetek hartu zuena. 1997an, langabeziari aurre egin nahirik, Jospinek 35 orduko lan astea ezartzea proposatu zuen. Hurrengo hilabeteetan manifestazio eta agerraldi handiak egin ziren neurri hori berehala ezar zedin eskatzeko.

Mende berriak aldaketa politiko handiak ekarri zituen Frantziara. 2002ko hauteskundeetan, Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko hautagaia Jospin hautagai sozialistari nagusitu zitzaion lehenengo itzulian. Gertaera horrek aztoramen izugarria sortu zuen Frantziako gizartean, eta eskuin muturraren gaitzespen erabatekoan bat egin zuten eskuinetik ezker muturrerainoko hautesle askok eta, hala, Chiracek, Le Penen aurkako hautagai bakarrak, botoen % 82rekin irabazi zituen hauteskundeak. Hauteskunde horiek beste ondorio batzuk izan zituzten: alderdi komunistaren gainbehera, ezker muturraren goraldia (%10), alderdi sozialistaren ahultasuna, eta eskuinaren berrantolamendua alderdi bakarrean (UMP). Hurrengo udal hauteskundeetan, ordea, alderdi sozialista nagusitu zen, eta sistema politikoak bipartidismora bideratu zen —ezkerrean, ezker muturreko hainbat alderdi, alderdi komunista eta alderdi berdeak; eskuinean, berriz, François Bayrouren UDF—.

2007ko hauteskundeetan, Nicolas Sarkozy hautatu zuten lehendakari, Segolene Royal hautagai sozialistarekin lehian ibili ondoren. Le Penen alderdiak gainbehera izugarria izan zuen, eta ezkerreko alderdiek ere behera egin zuten, LCRk izan ezik.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde eta departamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziaren banaketa administratiboa, Frantziako eskualde, eta Frantziako departamendu

Administrazioari dagokionez, Frantzia 22 eskualdetan banaturik dago eta eskualdeak 96 departamendutan. Departamendu gehienak Frantziako Iraultzaren ondoren finkatu ziren (1870), lurralde orekaren izenean eta erdigunearekiko hartu-emanak errazteko asmoz. Departamendu burua prefeta da. Eskualdeak 1964an sortu ziren, eta hauek dira:

Départements+régions (France).svg

Ipar Euskal Herriko hiru probintziak Pirinio Atlantikoak departamenduaren barruan daude, Biarnorekin batera. Pirinio Atlantikoak, berriz, Akitaniako eskualdearen barruan daude, Dordoina, Gironda, Landes eta Lot-et-Garonarekin batera. Azkeneko urteotan gero eta gehiago dira euskal probintzientzat departamendu bat eskatzen ari direnak.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako politika

Frantzia errepublika bat da, eta "zatiezina, laikoa, demokratikoa eta soziala" 1958ko konstituzioaren arabera (V. errepublika).

Alderdi politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • PCF Frantziako Alderdi Komunista ( Parti Communiste Français )
  • VF Berdeak ( Les Verts )
  • PS Frantziako Alderdi Sozialista ( Parti Socialiste Français )
  • PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala ( Parti Radical de Gauche )
  • MRC Mugimendu Errepublikar eta Hiritarra ( Mouvement Républicain et Citoyen )
  • UDF Frantziar Demokraziaren aldeko Batasuna ( Union pour la Démocratie Française )
  • UMP Herri Mugimenduaren aldeko Batasuna ( Union pour un Mouvement Populaire )
  • RPF Frantziaren aldeko Bateratzea ( Rassemblement pour la France )
  • RIF Frantziaren Independentzia eta Burujabetzaren aldeko Bateratzea ( Rassemblement pour l'Indépendance et la Souveraineté de la France )
  • MPF Frantziaren aldeko Mugimendua ( Mouvement pour la France )
  • FN Fronte Nazionala ( Front National )
  • LCR Liga Komunista Iraultzailea (Ligue communiste révolutionnaire)
  • LO Langile Borroka (Lutte ouvrière)
  • PT Langileen Alderdia (Parti des Travailleurs)
  • CPNT Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioak (Chasse - Pêche - Nature - Traditions)
  • Les Verts Berdeak
  • MNR Nazio Mugimendu Errepublikarra (Mouvement national républicain)
  • Abertzaleen Batasuna

Agintariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako ekonomia

Alemania eta Ingalaterrarekin batera, Europako herrialde ahaltsuena da Frantzia, eta munduko ahaltsuenetako bat. G8 taldeko kideetakoa da, hori da, munduko zortzi herrialde industrializatuenetako bat. Lehen sektore oso emankorra, askotariko industria eta hirugarren sektore gero eta indartsuagoa (Barne Produktu Gordinaren %79,2 2012an[1]) dira Frantziako ekonomiaren oinarri nagusiak.

Nekazaritza eta arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arto biltzea Paristik hurbil.

Lehen sektoreak biztanle aktiboen %3,8 besterik ez du enplegatzen[1], baina pisu handia du nazioaren ekonomian. Nekazaritzari dagokionez, laborea lantzen da gehienbat: garagarra, artoa eta batez ere garia. Garia iparraldean lantzen da nagusiki (Bretainian eta Alsazian) eta artoa, berriz, Akitanian batez ere, baina Loira eta Rodanora ere zabaltzen ari da. Arroza Rodanoren deltan lantzen da eta azukre erremolatxa, garia bezala, iparraldean. Hiri handien inguruetan fruitu arbolak jartzeko ohitura zabaltzen ari da. Ardogintzak garrantzi eta ospe handia du Frantzian. Mundu osoan ezagunak dira Bordele, Alsazia eta Champagneko ardoak (xanpaina). Abeltzaintzak nekazaritzak baino are garrantzi handiagoa du eta Europako inportanteena da, batez ere behi hazkuntza. Frantzia da Europako esneki ekoizle nagusia. Zerri eta ardi hazkuntzak ere garrantzi handia dute. Arrantzak bigarren mailako garrantzia du nazioaren ekonomian, baina garrantzitsua da iparraldeko eta ekialdeko kostaldean. Aipagarriak dira Dunkerque eta Boulogne portuak iparraldean, eta Douarnenez, Concarneau eta Lorient (Bretainia). Frantziako zur produkzioa, berriz, Europako Batasuneko handiena da, dituen 14 milioi hektarea baso baino gehiagori esker. Vosges, Jura eta Alpe mendietako basoetatik ateratzen da gehiena, baina zuhaitzez landatutako sail handiak daude, halaber, hegoaldean eta mendebaldean.

Meatzaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurpeko baliabideetan burdina da ugariena. Mea handienak Lorrenan daude eta aipagarriak dira Bretainia eta Normandia Beherekoak ere. Burdinaren ondoren harrikatza da mea nagusia; Lorrenan, Nord-Pas-de-Calais eta Massif Centralen aurkitzen dira meategi inportanteenak. Nolanahi ere, bai burdina bai harrikatzaren produkzioa gainbehera doa. Aitzitik, aluminioaren produkzioa handitzen ari da, Languedoc-eko bauxita hobi aberatsek hornituta. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzioa oso txikia da, eta kanpotik ekartzen da ia dena.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak biztanle aktiboen %24,3 enplegatzen du[1] eta barne produktu gordinaren ehuneko bera hartzen. Siderurgia indartsu bati esker munduko altzairu ekoizle handienetako bat da Frantzia, baina jardueraren pisua ekonomian gutxituz joan da azkeneko urteotan, sektorea birmoldatzen ari baita eta enpresa asko ixten. Siderurgia enpresa inportanteenak burdin eta harrikatz meategien inguruetan daude: Lorrena, Nord, Massif Central eta Normandian.

Sektore kimikoa oso egoera onean dago, gero eta handiagoa baita ongarri, plastiko eta garbikarien produkzioa. Fabrika nagusiak hiri handien industrialdeetan daude. Frantzia, bestalde, Europako herrialde aurreratuenetako bat da hegazkin eta kohete industrian. Guyana Frantsesean du Ariane koheteen probalekua.

Paris eta hiri nagusien inguruan (Lyon, Marseilla, Estrasburgo, Bordele, Grenoble) industria elektromekanikoak eta elektrikoak daude. Autogintza da garrantzi handiko beste alor bat: Renault eta Peugeot-Citröen enpresa buruak Frantzian daude. Auto produkzioan Alemania baino ez du aurretik. Proventzan eta Bretainian ontziolak daude. Bestalde, ez da ahaztu behar Paris dela munduko hiri nagusia modari dagokionez, eta, beraz, ehungintza-oihalgintza ere garrantzi handikoa da.

Industria tradizionalen artean aipagarriak dira zeramika (Limoges) eta beiragintza (Cognac, Nancy edo Lyon), besteak beste. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio handiak, noski, janariak eraldatzeko industria handia du atzean.

Energia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nogent-sur-Seineko zentral nuklearra.

Frantziak kontsumitzen duen energiaren %50,8 inguru zentral nuklearretan lortzen du[1], inportazioen mendean ez egoteagatik, ez baitu ez petrolioarik ez gas naturalik. Gainerakoa zentral termikoetan eta hidroelektrikoetan lortzen da. XX. mendearen bukaeran 56 erreaktore zeuden martxan, horietako asko 20 urte baino gehiagokoak. Frantzia da Estatu Batuen ondoren munduko bigarren energia nuklear ekoizle nasgusia.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren sektoreak gora egin du azkeneko urteotan. Gaur egun barne produktu gordinaren %79,2 ematen du, eta biztanle aktiboen %71,8 enplegatzen[1]. Merkataritza harremanek, bestalde, pisu handia dute ekonomian; munduko bosgarren herrialde nagusia da Frantzia merkataritza harremanetan. Energia produktuetan eta industriarako lehengaietan dituen gastu ikaragarriak ez dira kapital ondasunen, elikagaien, kimika gaien, garraiorako material eta kontsumo ondasunen salmentarekin orekatzen. Frantziaren bezero nagusia Alemania da, eta haren ondoren munduko bi herrialde ahaltsuenak (Estatu Batuak eta Japonia) eta Europar Batasuneko herrialdeak. Merkataritza balantzaren defizita beste sektore batzuen irabaziekin orekatzen da, urterik urte haziz joan diren turismoaren irabaziekin, adibidez. Barne merkataritzan aipagarria da enpresak kontzentratzeko joera (saltegi handiak), gero eta handiagoa, hiri inguruetan.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako demografia
Sakontzeko, irakurri: Frantziako hiri nagusien zerrenda

Frantziako biztanle gehienak Europako oinarrizko hiru taldeen nahasketaren ondorengoak dira: alegia, ipartarren, alpetarren eta mediterranearren nashasketaren ondorengoak. Biztanleen %7 inguru da jatorriz atzerritarra: Ipar Afrikakoa (Aljeria, Maroko eta Tunisia), Saharatik behera izandako kolonietakoa eta Europakoa (Espainia, Italia eta Portugal). Frantzia gehien hazten ari den herrialdeetako bat da Europan, Irlandaren ondoren: %0,5 urtean.

Demografiaren beste eragile nagusia immigrazioa da. Lehenengo etorkinak XIX. mendean iritsi ziren: italiarrak, belgikarrak eta espainiarrak. 1960 ondorengo urteetan afrikarrak hasi ziren iristen, Frantziaren kolonia izandako herrialdeetatik, eta portugaldarrak. Hurrengo hamarraldian, krisi ekonomikoak Frantzia jo zuen urteetan, etorkinen etorria gutxituz joan zen, baina erabat eten gabe hala ere.

Erlijioari dagokionez, biztanleen %51 katolikoak dira[2]. Bigarren erlijio nagusia, arabiar munduko etorkinena, islama da (%5), eta ondoren protestantismoa (%2) eta judaismoa (%1).

Hizkuntza ofiziala eta nagusia frantsesa da. Etorkinek zeinek berea hitz egiten dute: portugesa, arabiera, gaztelania eta abar. Bretainian bretainiera egiten da; Alsazia eta Lorrenan alemana; ipar-ekialdean, flandriera; hego-ekialdean, katalana; hego-mendebaldean, euskara; Proventzan, proventzera; Korsikan, korsikera.

Biztanleriaren banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen banaketa ez da berdina lurralde osoan. Alderdi batzuetan, nekazaritza-aldeetan batez ere, biztanle dentsitatea Frantziako batez bestekoa baino lau aldiz apalagoa da, eta beste batzuetan, berriz, askoz handiagoa, hala nola, iparraldean, Paris aldean, Alsazia eta Lorrenan, Lyon eta Saint-Étienne lotzen dituen ardatzean, eta Mediterraneoko itsasaldean. Lau biztanletik hiru hirietan bizi dira. Hauek dira hiri eta metropoli eremu handienak:

Hiria Metropoli eremua[3] Udalerria[4]
Paris 12223100 2243833
Lyon 2165785 484344
Marseilla eta Aix-en-Provence 1718281 850726
141438
Tolosa Okzitania 1232398 441802
Lille 1158306 227560
Bordele 1127776 239157
Niza 1001295 343304
Nantes 873133 284970
Estrasburgo 761042 271782
Rennes 671845 207178
Grenoble 669595 155637
Rouen 652898 110933
Toulon 606947 164532
Montpellier 549491 257351
Douai eta Lens 542918 42197
35032
Avignon 511277 89683
Saint-Étienne 508847 171260
Tours 477438 134817
Clermont-Ferrand 463891 139860
Nancy 434948 105421
Orléans 419211 114167

Hamar mila biztanle inguruko eta gutxiagoko herriak hazten ari dira azkenaldi honetan, hirian lan egiten duten profesionalek gero eta gehiago jotzen dutelako herrietako bake girora hiriko itomenetik ihes. Frantziako landa ingurunean bi habitat mota daude: bat sakabanatua, klima ozeanikoko eskualdeetan, eta beste bat bildua, Mediterraneo aldeko eskualdeetan.

Frantziako hiri nagusia, beraz, hiriburua da, Paris: 12 milioi biztanle baino gehiago ditu hiriguneak, aldiriak eta hiriaren eragin eremua hartuta. Izen bereko departamenduko hiruburua da, eta Ile-de-France eskualdeko erdigunea. Ekonomian eta politikan duen garrantzia kulturan eta historian duenaren parekoa da eta, beraz, munduko hiriburu nagusietako bat da, eta Europako hiri nagusia, Londres, Erroma eta Berlinekin batera.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantziako hizkuntzak

Frantsesa da Estatuko hizkuntza ofizial bakarra. Hala ere, honetaz gain, bertako hizkuntza gutxitu batzuk mintzatzen dira ere bai: alsaziera, bretainiera, euskara, kataluniera, korsikera eta okzitaniera, tartean.

Hauei gehitu behar diegu gero eta ugariago diren etorkinek erabilitakoak: arabiera, amazigh (berberea) eta Afrikako hainbat hizkuntza, besteak beste.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Futbola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Futbol Liga Txapelketa modu profesionalean 1932an sortu zuten, gizonezko mailan bi liga nagusitan banatuta. AS Saint-Etienne da txapelketa gehien eskuratu duen kluba (2007 arte 10 bider).

Frantziako futbol selekzio nazionalak 1904an jokatu zuen lehenengo partida ofiziala, Belgikaren aurka. Palmaresari dagokionez, Munduko Futbol Txapelketa behin irabazi dute (1998an) eta Europakoa birritan (1984 eta 2000n). Futbolari onenetarikoak:

Errugbia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako selekzioak Sei Nazioen Torneoa 4 aldiz irabazi ditu 2007 arte.

Errugbilari onenetarikoak:

Txirrindularitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde honetan 1903tik burutzen dute uztailero munduko lasterketarik ospetsuena, Frantziako Tourra alegia.

Txirrindulari onenetarikoak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Frantzia
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantzia Aldatu lotura Wikidatan

Euskal Diaspora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Euskal Etxeak