Almirante gorri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Almirante gorria
Vanessa atalanta edo almirante gorria
Vanessa atalanta edo almirante gorria


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Arthropoda
Klasea: Insecta
Ordena: Lepidoptera
Familia: Nymphalidae
Azpifamilia: Nymphalinae
Generoa: Vanessa
Espeziea: Vanessa atalanta
Linneaus, 1758

Almirante gorria edo bulkana (Vanessa atalanta) Euskal Herrian aurki daitekeen tximeleta bat da, eta ia mundu guztian hedaturik dago. Kontraste handiko koloredun hegoak ditu, eta kamuflatzeko teknika ugari erabiltzen ditu. Almirante gorri izena, hegoetako lerro gorriarengatik eman zitzaion, itsas uniforme bateko zintaren antza duelako.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina nahiko handiko tximeleta da almirante gorria, 5 zentimetroko luzera eta 7 zentimetroko zabalera izatera iritsi baitaiteke. Hegoen kolorea iluna da eta lerro gorrixka batek zeharkatzen ditu. Lerro gorrixka eta hegoaren ertzaren artean hainbat orban txuri agertu ohi dira. Hegoen atzealdeko ertza ere gorri-laranja kolorekoa izan ohi da eta orban beltz txikiak izan ohi ditu. Uda inguruan kolore argiagoa izan ohi dute eta gorputz-masa handiagoa izaten da. Hegoaren azpialdea arrea izan ohi da, lurzoruaren tonuak imitatuz. Gorputza eta hankak nahiko iletsuak izan ohi dira.

Beldarra zilindrikoa izaten da eta arantzak izaten ditu gorputz guztian barreiatuta. Kolore ilunekoak izan ohi dira normalean, baina nahiko kolore aldakorrak izan ohi dituzte. Krisalidaren kolorea ere apala izan ohi da, marroi edo arrea, hain zuzen ere.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia mundu guztian hedaturik dagoen tximeleta da. Ingurune oso hotzetan salbu, gainerako lurralde guztietan aurkitzen da, Hawaii eta Zeelanda Berria bezalako irletan barne. Hotz handia jasateko gai ez direnez, negua ingurune epelagoetan igarotzeko migratzen dute iparraldean bizi ohi diren populazioek. Migrazio garaian ingurune subtropikaletik hasi eta tundraraino aurki daitezke.

Euskal Herrian ere edozein txokotan aurki daiteke mendi altuenetan salbu.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia ingurune guztietan aurki daitezke tximeleta hauek, baso, urmael, larre, lorategi eta abarretan. Beldar gazteak sahats, zurzuri eta zumarretako hostoetan bizi ohi dira eta helduek hosto eta zetazko habia eraikitzen dute aipaturiko zuhaitzetan. Normala izan ohi da bulkana beldarrak asun artean aurkitzea, baita ere, aipatu landarearen hostoez elikatzen baitira. Hotz handiak jasateko gai ez direnez, normalean 2.000 metroko altueratik behera bizi ohi dira.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almirante gorri arrak tximeleta lurraldekoiak dira. Arrek 4-13 metro zabal eta 8-24 metro luze den lurraldea kontrolatzen dute. Horretarako, beren lurraldearen ertzak patruilatzen dituzte eta sutsuki babesten dute gainerako tximeletengandik.

Maniobra arinak egiteko gai den tximeleta da eta hegaldian zehar norabide aldaketa bortitzak egin ditzake. Aktibitate handiena udaberrian azaltzen dute, apirila eta maiatza aldean, batez ere, nahiz eta martxoa eta azaroa bitartean hegaz ikus daitezkeen. Indibiduo helduek neguan hibernatu egiten dute.

Harrapariengandik babesteko kamuflajea da tximeleta honek erabiltzen duen teknikarik esanguratsuena. Lurrean pausatzen denean, hegoak itxi egiten ditu hegoaren azpialdeko kolore eta marrazkiak lurrarekin nahas daitezen. Landaredi eta lore asko dagoen inguruan pausatzen bada, ordea, hegoak ireki eta hauen goialdea erakusten du.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indibiduo arrek beren lurraldearen inguruko lurrak patruilatzen dituzte eme bila. Leku eguzkitsuetan pausatu ohi dira arratsalde erdi aldera ingurutik igarotzen diren emeen zain. Baten bat ikusiz gero, bere atzetik hegan egin ohi dute. Ernalkuntza gertatu ostean, emeak hostoren baten goialdean uzten ditu arrautzak.

Vanessa atalanta gehienek bi generazio izaten dituzte. Lehenengoa uztaila inguruan izaten da eta bigarrena irailean.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imagoa, tximeleta heldua alegia, zuhaitzen sapa eta loreen nektarraz elikatu ohi da, batez ere. Beldarra, berriz, asun eta lupulu hostoez elikatu ohi da.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  •  

Alberdi Estibaritz, Antton, Almirante gorria, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzia., http://www.euskalnatura.net/index.php?option=com_content&task=view&id=314&Itemid=354 .

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Almirante gorri Aldatu lotura Wikidatan