Ameslariak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ameslariak
Datuak
JatorriaBergara (Gipuzkoa)
Musika motafolk
Urteak1967 - 1969
Produkzioa
Diskoetxea(k)Cinsa
Taldekideak
Jose Luis Mendia
Ramon Arbizu
Justo Idigoras
Javier Arbizu
Iñaki Arriaran
Badok: ameslariak Musikasten: ameslariak

Ameslariak taldea Bergaran sortu zen, Gipuzkoan, 1967. urtean. Jose Luis Mendia, Ramon Arbizu, Justo Idigoras, Javier Arbizu eta Iñaki Arriaran ziren taldeko abeslariak. Herrietako jaietan, dantzalekuetan eta antzeztokietan aritu ziren emanaldiak egiten.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartako abeslari askok bezala, herri kultura suspertzeko orduan kantuak zeregin garrantzitsua jokatu behar zuela iritzita ekin zioten Ameslariak taldekoek kantatzeari. "Kantaria bera ere herria da. Herriak sortua. Haren kantuak, beraz, herriaren espresio izan behar dute. Abeslariak herriaren poza, maitasuna, herriaren haserrea eta ezinegona ditu kantagai. Eta herriak atzera jasotzen ditu kantarien doinu eta letrak, bere eginez", adierazi zioten Joxemari Iriondo kazetariari.

1968an Eibarren (Gipuzkoa) Radio Juventud irratiak antolatutako lehiaketa batera aurkeztu ziren, Primer Premio de Interpretes de la Cancion en Euskara lehiaketara, eta bigarren saria eskuratu zuten taldeen atalean, Oskarbiren atzetik. Hurrengo urtean berriz aurkeztu ziren, eta atzera bigarren geratu ziren, Azpeitiko Unai taldearen ondoren. 1969. urtea bitartean ehundik gora emanaldi eskaini zituzten. Urte horretan bi EP grabatu zituen boskoteak, Cinsa argitaldariaren eskutik. Lehenengoan, Zarauzko Naia orkestrak lagunduta, atzerriko pop taldeen doinuak grabatu zituzten, horien artean Espainiako Los Brincosen "Berriro hasi", Madagaskarko Les Surfs taldearen "Baby nerea" -jatorrizkoa, berriz, Ronettes soul taldearen Be my baby zen- eta Los Marchelos Ferialen "Arren jauna". "Bihotz, anima eta bizitza" herri kantuak osatzen zuen disko txiki hura.

Bigarren singlerako, Xabier Idigoras sartu zen taldean, Javier Arbizu ordezkatzeko, eta bi kantu propio grabatu zituzten: "Biafra", Nigerian 1967an independentzia aldarrikatu zuen eskualdeari buruzkoa, eta "Martin Luther-i kanta". Munduko gertakizunak eta arazo politiko-sozialak jorratzeko euskal kantagintza berriaren joerarekin bat egin zuen Ameslariak taldeak. Bi kantuen hitzak J.A. Letamendiak idatzi zituen. Beste bi abestiak atzerriko kantu ezagunen moldaketak ziren: Danimarkako Nina & Frederick bikotearen "Bidean galduak" eta "Go marchinin'" Ingalaterrako herri kantua (jatorrizko izenburu osoa, When the saints go marchinin').

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1969: Arren Jauna, Berriro Hasi, Baby Nerea eta Bihotz, Anima, Bizitza. 45 rpm, CINSA, Bilbo.
  • 1969: Martin Luther-i kanta, Go Marchinin, Biafra eta O gu hemen. 45 rpm, CINSA, Bilbo.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]