Atezain (kirol-postua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Belar-hockeyko atezaina eta bere ekipamendua.

Atezaina, taldekako zenbait kiroletan, bere taldearen atea babesteko lana duen jokalari berezia da. Kirol askotan arerioaren atean pilota edo antzekoren bat sartuz lortzen dira puntuak, eta atezainaren helburu nagusia arerioek puntuak lortzea ekiditea da, atea zuzenean zainduz. Atezainak beste jokalariek ez dituzten mugak eta eskumenak izan ditzake, baita jokatzeko tresna edo ekipamendu berezia ere.

Atezaina duten kirol edo jokoak aipatzekotan honakoak aipa daitezke: futbola, eskubaloia, waterpoloa, lacrosse-a, hockeya... Bestalde, "atea" edo antzekorik baduten arren, joko askok ez dute atezain postu berezirik, saskibaloiak eta errugbiak, esaterako.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskubaloia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudian, eskubaloiko atezaina (gorriz) arerioaren puntuaketa saiakera oztopatu nahian.

Eskubaloiko atezaina da pilota eskuan duela eta botatu beharrik gabe nahi beste urrats egin ditzakeen jokalari bakarra da, ate inguruko 6 metroko eremuaren barruan betiere. Pilota zango edo oinekin ere jo dezake, baina arerioen jaurtiketak gelditzeko soilik. Ate inguruko eremutik kanpo, aldiz, beste jokalariek bezala jokatu behar du. Normalean galtza luzeak eta ankarteko babesa erabiltzen ditu, beste jokalariek ez bezala.

Futbola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Atezain (futbola)»

Futbolean, atezainak ate inguruko eremuan eskuekin har dezake baloia. Eskularru bereziak erabiltzen ditu, baita taldekideekiko kolore ezberdinak ere.

Areto-futbola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol honetan atezainaren funtzioa futbol 11ko atezainak betetzen duenaren antzekoa da funtsean; hala ere, jokoaren ezaugarriak direla eta askoz gehiago parte hartzen du jokoan. Ekipamentuari dagokionez, kolore ezberdineko kamisetaz gain, babes gehigarriak erabili ohi ditu atezainak (belaunetakoak, ukondokoak...). Eskularrurik ez dute janzten, baina lesioak ekiditeko lotura edo hesgailuak erabiltzen dituzte.

Hockeya[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hockeyan, atezainak normalean babes-ekipo berezi bat erabiltzen du, kaskoa, maskara eta lepoko, bularreko, zangoetako, oinetako eta eskuletako babesak dituena; hala ere, kaskoa baizik ez da derrigorrezkoa. Hockeyko atezainek makila baliatzen dute, beste jokalariek bezala, baina zenbaitetan besteenek ez bezalako forma duena. Jokaerari dagokionez, atezainak gorputzeko edozein atal erabil dezake pilota geldiarazteko, beti ere jokoa mozten ez badu (pilota gorputzaz estaliz, adibidez), eta atearen inguruko eremuan egiten badu.

Atezainak ezin du arerioaren eremura sartu, hots, ezin du joko-zelaiaren erdiko marra gurutzatu, ekipamendu berezia alde batera utzita ez baldin bada. Hil ala biziko erasoaldi batean, atezainak kaskoa ez beste guztia joko-zelaitik kanpo utzi eta taldekideekin batera arerioaren eremuan joka dezake.

Izotz-hockeya[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz-hockey kiroleko atezaina

Izotz-hockeyan, atezainak ezin du taldeko kapitain izan. Ekipamentu berezia du, eta gorputzaren edozein zati erabil dezake diskoa geldiarazteko. Bestalde, arerioak ezin du atezainaren mugikortasuna nahita oztopatu haren kontra joz.

Bandya[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bandyan atezaina da makilarik gabe aritzen den jokalari bakarra, aldiz pilota gorputzeko edozein atalekin uki dezake, baita eskuekin har ere. Bestalde, taldekideek ez bezalako babes bereziak janzten ditu.

Waterpoloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Waterpoloko atezainek beste jokalariek ez dituzten hiru eskumen berezi dituzte, betiere ate inguruko bost metroko eremuan:

  • Pilota bi eskuekin jotzeko aukera.
  • Igerilekuko zorua ukitzeko aukera.
  • Pilota ukabilarekin jotzeko aukera.

Hala ere, beste jokalariek ez duten muga bat dute: ezin dute zelaiaren erdiko lerroa zeharkatu.

2006an zenbait arau aldatu ziren, eta lau eta zazpi metroko lineak bosteko batean elkartu ziren. Arau berrien arabera, atezainak bost metroko marra zeharka dezake, baina bi eskuak erabiltzeko edo hondoa jotzeko gaitasunik gabe.

Atezainek ez dute ekipamendu berezirik, baina arau berrien arabera haien txapelek kolore bereziak izan behar dituzte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]