Belar hockey

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Belar hockeya hamaika jokalariko bi taldek jokatzen duten talde kirola da, makila (stick) batez pilota aurkako ekipoaren atean ahal adina aldiz sartzean datzana. Belar-zelaian jokatzen da pilota batekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hockeya stickarekin eta pilotarekin jokatzen den jokorik zaharrenetarikoa da eta Kristo aurretik Egipto, Arabia, Grezia eta Persian praktikatzen zutela bistakoa da. Erromatarrek eta Hego Amerikako indio batzuek ere antzeko jokoak zituzten.

1890eko hamarkadan partidu internazionalak jokatu ziren eta 1908ko Joko Olinpikoetako kirola izan zen. 1924an Hockeyko Federazio Internazionala (FIH) sortu zen. 1982an FIHak nesken eta mutilen arauak berdindu zituen.

Kirol honetako nagusigoa Indiak eta Pakistanek eduki dute urte luzez (1928tik 1968ra olinpiada guztiak irabazi dituzte). Nesketan munduko txapelketa gehien irabazi dituztenak Herbehereak izan dira. Hockeya jokatzen den estatu gehienetan antolatutako ligak daude, bai mutil eta bai neskentzat.

Materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stickak egurrez nahiz konpositez (zuntzez) eginak izan daitezke. Edozein luzera izan dezake jokalari bakoitzari egokitzeko. Buruak ezin du 10 zentimetroko luzera gainditu eta edozein materialekoa, metalezkoa izan ezik, izan daiteke; alde bat laua du eta bestea borobildua. Stickaren diametroa 5 zentimetrotakoa izan behar da eta bere pisua 340 eta 794 gramoren artean egon behar da.

Pilotak edozein materialekoak izan daitezke, baina gaur egun erabiltzen direnak plastikozkoak dira, 160 gramoko pisua izan behar dute eta 23 zentimetroko zirkunferentzia.

Jaurtiketa motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaurtiketa mota ezberdinak erabiltzen dira joko modernoan, gehiago dauden arren, hauek dira ohikoenak: pilota jotzea zartailu eran (sticka lurretik joaten da atzetik aurrera), kolpe eran (atzetik aurrera baina airean), "push" eginez bultzatzea (eskuin besoarekin indarra ematen), edo pilota burutik gora altxatzea.

Joko zelaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belarrezkoa izan daiteke baina normalean belar artifizialez egina da.

Luzeraz 91,5 m ditu eta zabaleraz 55 m. Zelaia lau zatitan banatuta dago, bakoitza 22,9 metrokoa. Ateak 2,13 metroko altuera du eta 3,66 metroko zabalera. Honen inguruan 15 metrora area dago eta penaltiko puntua goleko marratik 6,4 metrora dago. Ateak, kantxaren bi aldetan egoten dira.

Jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

11 pertsonako taldeak normalean ondorengo moduan banatzen dira: hiru aurrelari, hiru erdilari, lau defentsa eta atezain bat. Jokalariek mugitzeko eta egokitzeko ahalmen handia dutenez askotan lekuz aldatzen dira kontrako jokalarien jokoa eta helburu propioak kontutan hartuz. Talde kirola denez banakako jokoa baino garrantzi handiagoa lortzen du talde jokoak.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partida batek 70 minutu irauten ditu. 35 minututako bi zatitan banatzen da eta bien artean 5 minutuko atsedena egoten da. Bi epaile daude, bakoitza zelai jokoaren alde banatan eta normalean zelaiaren kanpoaldean egoten dira.

Zelaiaren erditik atzeraka pase bat eginez jokoa hasi eta berriro martxan jartzen da. Pilota ez duen taldeko inor ezin da 5 metrotako radioan kokatu sakea egiten den bitartean, ezta ere falta bat ateratzen denean.

Golak lortzeko jokalariek area barruan jaurti behar dute derrigorrez.

Falta larrietan epaileak txartel berdea (oharra), oria (gutxienez bost minutu jokatu gabe) edo gorria (kanporatua) atera dezakete.

23 metroko marraren barruan egiten diren falta larrietan penalti kornerra adierazten da. Hau da belar hockeyko jokaldirik bereziena, non lau atzelari eta atezaina geratzen dira atea defendatzeko (besteak zelai erdian egon behar dira) eta normalean beste taldeko zazpi edo zortzi jokalariak saiatzen dira gola lortzen. Penalti kornerra botatzen duen taldeak pilota atetik 10 metrotara dagoen marratik atera eta areatik kanpo gelditu ondoren jaurti dezake pilota berriro area barruan sartua.

Area barruan egindako falta grabeetan, penalti stroke adierazten da. Penalti stroke 6,4 metrora dagoen puntu batetik botatzen da. Atezainak bakarrik defenda dezake eta gainontzeko jokalariak area kanpoan egon behar dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belar hockey Aldatu lotura Wikidatan

Euskal Federazioak

Euskal Herriko Klubak