Aurore Martin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurore Martin, euroagindua salatzeko 2011ko ekainaren 18an eginiko ekitaldian, Biarritzen.
Aurore Martinen hitzak Miarritzen eginiko ekitaldian

Aurore Martin (Oloroe-Donamaria, Bearno, 1979 - ) euskal herritar politikari abertzalea da, Batasuna alderdiko kidea. Bere aurka egin duten euroagindu batetik ihesi, luzaroan hautetsien etxeetan bizi izan da, Espainiaratu eta kartzelatuko duten beldurrez. 2012ko azaroaren 1ean atxilotu eta Espainiaratu zuten, gartzelan sartuz.

Euroagindua

Batasunako kide gisa Hego Euskal Herrian ekitaldietan parte hartu izana egotzita euroagindu eskaera egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hainbat tirabiren ostean Pauek erabaki zuen Espainiak egindako eskaria onartzea eta, hori dela eta, 2010eko abenduan publikoki adierazi zuen bere burua gordeko zuela, Frantziako polizia bere bila zebilela uste baitzuen. Denbora horretan Euskal Herria Bai koalizioko hautagai izan zen hauteskundeetan eta hainbat hautetsiren etxeetan egon zen gordeta.[1][2]

Sei hilabete eman zituen gordeta eta horren ostean itzuliko zela adierazi zuen prentsan, nahiz eta Frantzia Poliziak atxilotuko zuela uste zuen.[3] 2011ko ekainaren 18an Biarritzen eginiko ekitaldi batean berriro agertu zen jendaurrera, itzuliko zela adierazi ondoren. Bertan hainbat ordezkari politiko, sindikal eta sozialen babesa jaso zuen.

2011ko ekainaren 21ean Frantziako Polizia Baionan Aurore Martin atxilotzen saiatu zen. Bere ahizparen etxean zegoen, baina ezin izan zuten atxilotu, poliziaren eskuetatik kendu baizuten. Poliziak adierazi zuenez "istilurik ez sortzeko" alde egin zuten lekutik.[4] Saint Andre enparantzara eraman zuten eta 200 bat pertsonek inguratu[5] . Poliziak laster utzi zuen lekua.[6]

Azkenean, 2012ko azaroaren 1ean, Maule inguruan prestaturiko errepide-kontrol batean atxilotu eta ordu gutxitara espaniar poliziaren esku utzi zuen. Euroagindua ezarri zenez geroztik, ordea, Aurore Martinek bizitza normala, ezkutatu gabe, egiten zuen. Beraz, atxilotzeko erabakia erabat politikoa izan zen. Pablo Ruz Entzutegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ondoren, kartzelaratua izan zen, Martinek ihes egiteko asmorik ez zuela adierazi arren.

Erreferentziak

Kanpo loturak