Bal Gangadhar Tilak
Lokmanya Tilak (maratheraz: बाळ गंगाधर टिळक) (Ratnagiri, 1856 - Bombay, 1920) Indiako politikari abertzalea, matematikaria eta filosofoa izan zen. Kesari («Lehoia»), marathera hizkuntzazko astekaria, eta The Mahratta ingelesezko egunkaria sortu zituen, eta britainiarren agintearen aurka jardun zuen hasieratik. 1906an ingelesen aurkako boikotaren eta erresistentzia pasiboaren aldeko deia egin zuen India osoan barrena; harengandik hartu zuen Gandhik ingelesen lankide ez izateko borroka-xedea. 1908an ingelesek preso hartu zuten terrorismoa bultzatzen zuelakoan, eta Birmanian eduki zuten preso hurrengo sei urteetan. Garai hartan idatzi zuen, maratheraz, bere lan nagusia, Bhagawadgita-Rahasya, Bhagawadgita hinduen erlijio-liburu sakratuari eginiko iruzkin-liburua.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.