Mohandas Karamchand Gandhi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mahatma Gandhi
Mahatma Gandhi
Mohandas Karamchand Gandhi 1929an
Datu pertsonalak
Izen osoa Mohandas Karamchand Gandhi
Jaio 1869ko urriaren 2a
Porbandar (India)
Hil 1948ko urtarrilaren 30a
New Delhi (India)

Mohandas Karamchand Gandhi (gujarateraz: મોહનદાસ કરમચંદ ગાંધી, mohandās karamchand gā̃dhī; Porbandar, India, 1869ko urriaren 2a - New Delhi, India, 1948ko urtarrilaren 30a) abokatua, politikaria eta buruzagi erlijiosoa izan zen. Mahātmā Gandhi izenaz egin zen ezaguna (sanskritoz, mahā ātmā, «arima handia»). Indiako estatuaren sortzaileetariko bat izan zen, eta Bapu izena ere ematen diote han, gujarateraz બાપુ bāpu hitzak «aita» esan nahi baitu. Mahatmaren filosofiak bakezaletasuna iraultzarako bitarteko bezala aldarrikatzen du. Bizitza osoan, mota guztietako indarkeriaren aurka egin zuen.

XIX. mendean erreforma garrantzitsuak gertatu ziren Indian. Mugimendu hauek, Hinduismo tradizionala, erreforma sozial eta ideia politiko berriekin elkartzea zuten helburu. Arlo honetan Gandhik eragin handia izan zuen. 1918tik aurrera, indiar mugimendu nazionalistaren buruzagia izan zen. Borroka metodo berriak ezarri zituen (grebak, gose grebak) eta borroka armatuari uko egin zion, britainiar dominatzaileei eusteko bakezaletasuna predikatuz. Kontzientziari egin behar zitzaion so eta desobedientzia zibila ere aldarrikatu zuen; tradizio indioetara itzultzeko deia egin zuen. Lev Tolstoirekin gutunak gurutzatu zituen, biolentziaren aurkako kontzeptuan honen eragina zegoelarik. Gatzaren martxa egin zuen, gatzaren zergaren aurkako manifestazio handi batek India osoa zeharkatuz.

Askotan kartzelatu zuten eta berehala hartu zuten heroi. 1931n, Londresen izan zen hitzaldi bat ematen eta Indiaren independentzia aldarrikatu zuen. Kongresuan, eskuinarekin elkartu zen eta bere jarraitzailea zen Nehrurekin arazoak izan zituen, hau ezkerraren ordezkari izan baitzen.

1942an, Londresek Richard Stafford Cripps bidali zuen bitartekari nazionalistekin negoziatzeko, baina ez zuten gustuko irtenbiderik aurkitu eta erradikalizatu egin ziren. Gandhi eta bere emaztea zen Kasturba kartzelan sartu zituzten eta hantxe hil zitzaion emaztea. Berak, berriz, 21 eguneko baraualdia egin zuen.

Indiaren independentziarako pertsona gakoa izan zen, baina Pakistan banatu izanak asko desanimatu zuen.

Independentziaren ondoren, Gandhi Indiako gizartea eraldatzen saiatu zen eta maila behereneko kastak integratzeko ahalegina egin zuen (shudrá edo esklaboak, pariak edo ukiezinak eta mlecha edo barbaroak), nekazari guneak garatzen saiatu zen bezalaxe. Ez zituen Indiaren independentziaren ondoren etorri ziren erlijio istiluak ontzat hartu, hinduen lurraldeetako musulmanak defendatuz. Horregatik, 1948ko urtarrilaren 30ean, hil zuen Nathuram Godsek, indiar integrista fanatiko batek, 78 urte zituenean. Errautsak Ganges ibaira bota zituzten.

Ekonomiari buruz, berriz, kapitala ez zuela lana baino gehiago baloratu behar uste zuen eta ezta alderantziz ere, bi ideiak arriskutsuak zirelarik. Oreka aurkitu behar zen, biak zirelako garrantzi handikoak garapenerako.

Gandhik oso bizimodu umila izan zuen, soinean zeramatzan arropak berak egiten zituen. Horrez gain, begetarianoa zen.

Gandhiren printzipioek gerora arrazismoaren aurka eta demokraziaren alde borroka egin izan duten pertsonaia ugari inspiratu zituzten, horien artean Martin Luther King, Jr. edo Nelson Mandela.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohandas Gandhi gaztea

Mohandas gaurko Guyaraten dagoen Porbandarren jaio zen (India).

Aita Karamchand Gandhi izan zen, Porbandarreko diwana (lehen ministroa). Sendia vaisia kastakoa zen, merkatariak. Ama, Putlibai, aitaren laugarren emaztea zen eta eragin handia izan zuen Gandhiren haurtzaroan. Oso gazte ikasi zuen mutilak ez ziola bizirik zegoenari minik egin behar, komeni zela begetariano izatea, baraualdiak egokiak zirela eta tolerantea izan behar zela beste sineskera eta erlijioekin.

13 urte zituenean, gurasoek Kasturba Makharjirekin ezkondu zuten, bera baino urtebete zaharragoa zen neskatila eta 4 seme-alaba izango zituzten biak.

Gandhi ez zen ikasle aparta izan Porbandarreko eskolan eta Rajkoten ere ez zen bereziki nabarmendu. 1887an lortu zuen Mumbaiko Unibertsitatea Sartzeko azterketa gainditzea eta Bhavnagarren matrikulatu zen Samaldasesko Eskolan. Ez zen denbora asko egon han eta Ingalaterrara joateko aukera izan zuen, Zuzenbidea ikasiz Londresko unibertsitatean. Lizentziatu eta Indiara itzuli zen.

Saiatu zen Mumbain abokatu lanak egiten, baina ez zuen arrakasta handirik izan eta Rajkotera itzuli zen; gora-beherak izan zituen britainiar ofizial batekin eta lana utzi beharrean izan zen.

Lana Hegoafrikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karamchand Gandhi, Gandhiren aita
Putlibai Gandhi, Mohandasen ama
Mohandas Gandhi, 1883an
Mohandas Gandhi, 1886an
Mohandas Gandhi, 1891n

1893an, KwaZulu-Natalen (Hegoafrika) lan egiten zuen konpainia batekin sinatu zuen kontratua. 150.000 indiar bizi ziren han eta Mohandasek haien egoeran erreparatu zuen, Hegoafrikako lege diskriminatzaileen aurka eginez. Hortxe hasi zen erresistentzia pasiboa eta desobedientzia zibila erabiltzen.

Urte batzuk pasatu ziren, hala ere, gertakari zehatz batek bere aktibismo politikoa piztu zuen arte. Pretoriarantz bidaiatzen zihoan trenez eta Pietermaritzburgeko geltokian jaistera derrigortu zuten, ez baitzuen 3. klasera, arraza beltzekoek erabiltzen zutenera, aldatu nahi izan.

Beste behin, diligentzian zihoan eta arraza zuriko bidaiari bat sartu zen. Mohandasek ez zion eserlekua utzi nahi izan eta gidariak abokatua jo egin zuen. Irain eta mespretxu ugari jasan zituen bidaia honetan, bere indiar izaera medio, ez baitzioten ostaturik eman nahi.

Bizipen hauek guztiek, Hegoafrikan arraza beltzak zituen arazoekin gerturatzea eragin zioten eta, arrazakeria eta injustizia jasan eta gero, gizartearen egoera zalantzan jartzera eraman zuten.

Kontratua bukatu zitzaion eta Indiara itzultzeko prestatu zen. Durbanen agurtzeko festa antolatzen ari zela KwaZulu-Nataleko Asanblada Legegilean indiarrak botorik gabe utziko zituen legea prestatzen ari zirela jakin zuen egunkarian. Bertan behera utzi zituen Indiara joateko asmoak eta eskariak egiteari ekin zion, bai KwaZulu-Nataleko asanbladari, baita britainiar gobernuari ere, legea onartua ez zedin izan. Ez zuen helburua lortu eta legeak aurrera egin zuen, baina Hegoafrikako indiarrek jasaten zuten arraza diskriminazio gaineko atentzioa erakarri zuen.

Egonaldia luzatuz, 1894an, KwaZulu-Nataleko Legebiltzarreko Alderdi Indiarra sortu zuen eta, erakunde honekin, Hegoafrikako indiar komunitatea bildu zuen, prentsa eta gobernuari diskriminazio eta eskubide zibilen urratzeen ebidentzia ugari bidaliz.

Indiara joan zen emaztea eta seme-alaben bila eta, 1897ko urtarrilean, berriro zetorren Hegoafrikara. Arraza zuriko gizon talde batek eraso zion eta egurra eman zion. Ondoren, bere bizitza osoan zehar egingo zuenari jarraituz, ez zituen salatu.

Hegoafrikako gerran, hasiera batean, Gandhik indiarrak, eskubide osoko hiritar izan nahi bazuten, parte hartu beharrean zeudela uste zuen. Borrokan egingo ez zuten boluntario taldeak antolatu zituen, britainiarrei laguntzeko. Hala ere, gerra amaitzean, indiarren egoerak ez zuen onera egingo.

1906an, Transvaaleko gobernuak indiar orok erregistratu behar zuela promulgatu zuen eta honek protesta itzela eragin zuen Johannesburgon. Hau izan zen Gandhik satyagraha, biolentziarik gabeko protesta, erabiliko zuen lehen aldia.

Gandhik indiarrak lege berriaren aurkako protestara animatu zituen, baina biolentziarik gabe eta gobernuak ezarritako zigorra jasanez. Desafioak 7 urtez iraun zuen eta milaka indiar kartzelaratu, jipoitu eta fusilatu ere egin zituzten. Erregistratzeari uko egin zioten eta derrigortutako erregistro txartelak erre zituzten, beti biolentziara jo gabe.

Gobernuak indiarren protesta erreprimitzea lortu zuen, baina atzerrian izan zuten Hegoafrikako gobernuak erabiltzen zituen metodo bortitzen berri eta, Jan Christian Smuts jeneralak Gandhirekin soluzio bat negoziatu behar izan zuen.

Inspirazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohandas Gandhi eta bere emaztea, Kasturbhai, 1902an
Kasturba Gandhi bere 4 seme-alabekin
Mohandas Gandhi Johannesburgen, 1905ean
Mohandas Gandhi eta Kasturbhai, 1914an
Mohandas Gandhi eta Kasturbhai

Hegoafrikan eman zituen urteetan zehar, Bhagavad Gita izan zen Mohandasen inspirazioa eta baita Tolstoiren liburuak ere. 1880ko hamarkadan, autore hau anarkismo kristaurantzerako bidean sartu zen eta Gandhik hura 1910ean hil arteko harremana mantendu zuen.

Henry David Thoreau estatubatuarra, Desobedientzia Zibila entseguaren autorea, izan zen Gandhiren beste inspirazio iturrietako bat. Gandhi bera ere gaur egun anarkismo bakezalearen ordezkari kontsideratuta dago.

Indiara bueltan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohandas
Mohandas Gandhi, 1915ean
Mohandas Gandhi Gatzaren Martxan
Gandhi 1931n
Nehru eta Gandhi

1915ean, Gandhi Indiara itzuli zen. Garai honetarako, bizimodua aldatuta zuen, Indiako ohitura tradizionalenak praktikan jarriz. Egunkari berri bat sortu eta abokatu lanetan hastekotan ibili zen, baina Gopal Krishna Gokhalek nazioarentzako garrantzi handiko pertsona zela sinestarazi zion.

Gandhi eta bere emaztea, Kasturba, India osoan bidaiatzen ibili ziren. Korrespondentzia aberatsa zeraman pertsonaia garrantzitsuekin eta dietarekin esperimentatzen jarraitu zuen, erlijioa eta filosofian eta, batez ere, politikan, sakonduz.

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939an, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Hasiera batean, Gandhi indiferentzia eta britainiarren kontrako biolentziaren aurkakoa izan zen, baina, herriari galdetu gabe, India gerran sartu zuten eta Legebiltzarreko liderrak haserretu egin ziren, denek dimisioa aurkeztu zutelarik.

Eztabaida luzeak izan ziren eta Gandhik askatasun demokratikoaren alde egiten zen gerran ez zutela parte hartu nahi deklaratu zuen, askatasun hori Indiari ukatzen zitzaiolako. Gerra aurrera zihoan heinean, Gandhi independentziarako eta britainiarrak Indiatik bidaltzeko urratsak ematen hasi zen.

Indiarentzako, mugimendu indartsuena izan zen hura; atxilotuen zerrenda bukaezina zen eta biolentzia erabatekoa. Poliziak milaka indiar hil edo zauritu zituen eta kartzelak lepo zeuden.

Gandhik eta bere jarraitzaileek ez zuten gerran lagunduko, independentzia ez bazuten lortzen. Liderrak askatasuna lortzeko ahimsa (biolentziarik ez) eta karó ia maró (emandakoa edo hartutakoa) praktikan jartzera deitu zituen.

1942ko abuztuaren 9an, britainiarrek Gandhi kartzelan sartu zuten eta bi urte eman behar izan zituen Puneko Aga Khanen jauregian. Mohandasen bizitzak bi zartako handi jaso zituen; bihotzeko batek bere idazkaria zen Mahadev Desai hil zuen bat-batean, 42 urterekin eta, 1944ko otsailean, Kasturba emaztea hil zen, 18 hilabetez kartzelan egon ondoren. 6 astez malariak jota egon zen eta, 1944ko maiatzaren 6an, askatu zuten oso ahul zegoelako. Britainiarrek ez zuten kartzelan hiltzerik nahi, indiarren haserrea pizteko beldur baitziren.

Gerraren amaieran, britainiarrek agintea indiarren eskuetara transferitzeko agindua eman zuten, baina Gandhik borrokarako deia egin zuen.

Independentzia eta Indiaren banaketa (1945-1947)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gandhi ez zen britainiarren proposamenez fidatzen eta 1946an onartzearen aurka agertu zen.

1946 eta 1947 artean, 5.000 pertsona baino gehiago hil zen indiar eta musulmanen arteko borroketan. Ligak arrakasta izan zuen musulmanak gehiengo ziren guneetan, Punjab, Bengala, Sindh, NWFP edo Balutxistan bezalako lekuetan.

Indiaren banaketa onartu zen Legebiltzarrean, gerra zibilari ekiditeko xedean. Liderrek bazekiten Gandhi kontran zegoela, baina ezinezkoa zen plana aurrera ateratzea honek ez bazuen onartzen, Indian indar ikaragarria baitzuen. Sadar Patel izan zen Gandhiren banatzeko planaren aurreko onespena lortzeko ahalegina egingo zuena.

Gandhik eragin handia zuen indiar eta musulmanen komunitateetan. Bera agertzeak bakarrik, desordenak eta mutinak baretzen zituen eta ez zuen, inolaz ere, India banatzerik nahi.

Bestalde, Musulmandar Ligak hinduek musulmanen gutxiengoa zapaltzen joango zirela uste zuen eta, banaketa zen soluzio bakarra, baina kontuan izan behar zen, era berean, hinduen ondoan, sikh, budista, kristau, jain, parsi eta juduak ere bizi zirela eta horiek denak Indiaren batasunaren aldekoak ziren.

Mohammed Ali Jinnahek aldeko ugari zuen Mendebaldeko Punjaben, Sindh, NWFP edo Ekialdeko Bengalan, hau da, gaur egun Pakistan eta Bangladesh osatzen duten gunean. Agintearen eskualdatzea izan zenean, Gandhik ez zuen gainontzeko indiarrek bezala prestatu eta bakar-bakarrik eman zuen eguna Kalkutan.

Erailketa eta azken hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948ko urtarrilaren 30ean, Gandhi errezatzera zihoan, New Delhiko Birla Bhavanen asasinatu zutenean. 78 urte zituen Nathuram Godsek erail zuenean. Badirudi erradikal hark Indiako ultra eskuinarekin zerikusia zuela, Hindú Hahasabha alderdiarekin adibidez, eta hauek gobernua ahultzen zuen errua botatzen zioten.

Godse eta bere lagun Narayan Apte epaitu eta heriotza-zigorrera kondenatu zituzten. 1949ko azaroaren 15ean, exekutatu zuten. Vinayak Damodar Savarkar, Hahasabha alderdiko presidentea eta hilketaren sustatzaile kontsideratzen dena, berriz, aske geratu zen, kondenatzeko probarik ez zelako lortu.

Hil aurretik esandako hitzak hauek izan ziren:

  • Hey, Rama!.

Espiritualismoak lagundu zion azken unean ere eta bere herrirako bakearen bilaketa idealista bat dago tartean. Bere omenez, New Delhin eraikitako monumentuan, idatzita daude hitz horiek.



Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mohandas Karamchand Gandhi Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Mahatma Gandhi