Myanmar

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Myanmarko Batasunaren Errepublika
ပြည်ထောင်စု သမ္မတ မြန်မာနိုင်ငံတော်
Pyidaunzu Thanmăda Myăma Nainngandaw
Myanmarko bandera
Bandera

Myanmarko armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Kaba Ma Kyei
Myanmar: kokalekua
Hiriburua Naypyidaw
16°46′N 96°09′E / 16.767°N 96.150°E / 16.767; 96.150
Hizkuntza ofiziala(k) Birmaniera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Bilkura militarra
Than Shwe
Thein Sein
Independentzia
Erresuma Batutik

1948 urtarrilaren 4
Eremua
• Guztira
• Ura

676.578 km² (40.)
% 3,06
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Errolda (1983)
• Dentsitatea

Herritarra

50.020.000 (24.)
33.234.000
73,9 biztanle/km² (119.)

birmaniar
Dirua Kyat (K) (mmK)
Ordu eremua MST (UTC +6:30)
Interneteko domeinua .mm
Telefono aurrezenbakia +95

Myanmar, Birmania edo ofizialki Myanmarko Batasunaren Errepublika (birmanieraz: ပြည်ထောင်စု သမ္မတ မြန်မာနိုင်ငံတော်) Hego-ekialdeko Asiako estatu handiena da. Mugakide ditu Txinako Herri Errepublika iparraldean, Laos ekialdean, Thailandia hego-ekialdean, Bangladesh mendebaldean eta India ipar-mendebaldea.

Hiriburua Naypyidaw da, nahiz eta hiri handiena eta garrantzitsuena Rangun izan.

Izenaren auzia (Birmania - Myanmar)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Myanmar izena birmanierazko bi hitzetatik dator: "myan" ("azkar") eta "ma" ("sendo"). Hanggo biztanleak izendatzeko erabiltzen da birmanieraz, "bamar" gehiengoko etniako kideak izendatzeko, zehazki.

1989 urtean, Junta Militarrak Burma ingelesezko bertsioa aldatzea erabaki zuen, herrialdeko beste hainbat leku-izenekin batera (aurreko hiriburua barne: Rangun > Yangon). Izen aldaketa polemikoa izan zen oso, baita oraindik ere, gutxiengo etnikoak baztertzen omen dituelako eta, berez, Junta Militar batek beste hizkuntzetako hitzak aldatzeko ahalmenik ez duelako.

Euskaltzaindiak biak onartzen ditu [1].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birmania

Birmania hego-ekialdeko Asiako herrialde handiena da. Itxura luzea du ipar-hego (2.000 km inguru) eta zabalera handienak 960 km. Menditsua da oso: mendebaldean Arakan mendikatea, iparraldean segitzen duena Chin, Naga eta Pakai muinoetan —tontor garaiena Saramanti mendia da, (3.827 m; ipar-mendebaldean, Patkai mendiak (4.000-5.000 m); iparraldean, Katxin mendiak, goi-ordoki tibetarraraino goratzen direnak —tontor garaiena Hkakabo Razi da, (5.967 m); erdialdean, Shan goi-ordokia, Saluen haranak zeharkatua; hegoaldean, Tenasserim mendiak. Shan goi-ordokiaren eta Arakan mendikatearen artean erdialdeko ordokia dago, hiru ibaik zeharkatua: Chindwin, Sittang eta Irawadi (azkenak 1.992 km, horietatik 1.659 km nabigagarriak). Ordoki hartan bizi dira biztanle gehienak. Mekong ibaiak herrialdeko iparraldea zeharkatzen du.

Klima aldakorra du, tropikala nagusi, eta batez besteko tenperatura 25 °C da. Udako montzoiak euri ugari eragiten ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Myanmarko historia»

Erresumak eta britainiar kolonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. III. mendetik K. o. XV. mendearen amaiera arte hainbat herri (pegutarrak, avatarrak edo montarrak, besteak beste), joan-etorrian ibili ziren, egungo Myanmarren lurraldean erresumak eraikiz eta eraitsiz, batzuetan aski baturik, Pagengo erresumaren kasuan esaterako. Toungoo etxe iritsi arte (1531-1752), herrialdearen batasun prozesua ez zen hasi.

Britainiar Inperio Kolonialak lurralde osoa mendean hartu zuen eta 1886an protektoratu koloniala ezarri. Bigarren Mundu Gerran, Japoniak okupatu zuen, baina Erresuma Batuak 1945ean berreskuratu. Azkenean, 1948an, independentzia lortu zuen Myanmarrek.

Agintaldi komunista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

U Nu buru zuen matxinada komunista 1949an piztu zen. 1962tik aurrera Ne Win jenerala buru zuen gobernu militarrak boterea hartu zuen, U Nu bazterretatutakoan. Herrialdea Errepublika Sozialistatzat jotzen zuen konstituzio berria onartu ondoren (1974ko urtarrilean), Ne Winek presidente titulua hartu zuen. 1978an berriro hautatuta, 1981eko ekainean dimisioa aurkeztu zuen eta San Yun jeneralak bere lekua okupatu zuen, baina alderdi bakar boteretsuko buru izaten jarraitu zuen. Azkenean, demokrazia aldarrikatzen zuen matxinadak (1988ko abuztutik irailera) gobernu komunista eroriarazi zuen. Hala ere, bere ordez Saw Maung jenerala buru zuen gobernu militarra osatu zen.

Estatu militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernu militar horrek 1989an estatuaren izena aldatu zuen, Myanmarreko Batasuna ordezkotzat jarriz. Oposizioak, bai barnekoak bai kanpokoak, aldaketa kritikatu zuen, ez izenarekin desadostasunean egoteagatik, baizik eta horrelakorik burutzeko gobernu militarrak zuen zilegitasuna zalantzan jartzen zutelako.

1990ean, lehen aldiz ia 30 urtean, hauteskunde askeak egin ziren. Nolanahi ere, Aung San Suu Kyi buru zuen NLDren garaipen garbia militarrek eraitsita zuten, boterea uzteari muzin eginez. Aung San Suu Kyik, Aung San armadaren sortzaile eta independentziaren liderraren alabak, 1991n Bakearen Nobel Saria jaso zuen, askatasuna, demokrazia eta bakea defendatzearren.

Egun, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak berak demokratizazio prozesua abian jar dadin aldarrikatu badu ere, Myanmarreko gobernu militarrak diktadurari eta errepresioari eusten die. Gutxiengo etnikoek, batez ere, pairatzen dute errepresio hori. Aung San Suu Kyi oposizioko buruak etxean atxiloturik dirau 1996tik. 2007ko udan, hainbat produktu garestitzeak akuilaturik, herrialdeko egoera salatzeko eta demokrazia aldarrikatzeko protestak zabaldu ziren Myanmarren, monje budistak buru zituztela. Edonola ere, errepresioak itzali zuen matxinada saioa.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Myanmarren banaketa administratiboa
Sakontzeko, irakurri: «Myanmarren banaketa administratiboa»

Myanmar 7 banaketa eta 7 estatutan banatzen da, bertan bizi den talde etnikoen arabera.

Estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Rakhine estatua
  2. Chin estatua
  3. Kachin estatua
  4. Shan estatua
  5. Kayah estatua
  6. Kayin estatua
  7. Mon estatua

Zatiketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sagaing banaketa
  2. Tanintharyi banaketa
  3. Ayeyarwady banaketa
  4. Yangon banaketa
  5. Bago banaketa
  6. Magway banaketa
  7. Mandalay banaketa

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Myanmar Aldatu lotura Wikidatan