Baztanga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Baztanga duen umea

Variolae vaccine izeneko birusak sorturiko gaixotasun infekzioso eta kutsakorra da nafarreria edo baztanga. Haren zientzia izena latinetik dator, "zikina" edo "zikinduta" esan nahi du eta gaixoari aurpegian eta gorputzean agertutako koskorrei egiten die erreferentzia.

Milaka urtetan zehar nafarreri izurrite asko egon dira, baina nazioarteko txertatze programa arrakastatsu baten ondoren, gaixotasuna errotik kentzea lortu da. Azken kasua Somalian izan zen, 1977an.

Laborategi batzuetan gordetako erreserbak izan ezik, nafarreria sortzen duen birusa ezabatuta dago. Hala ere, azkenaldian beldurra dago ez ote den birusa arma biologikotzat erabiliko.

Historia

Baztanga orain dela hiru mila urte sortu zen gaixotasun infekziosoa da, mendeetan zehar ikaragarrizko izurriteak eragin dituena. Hain arriskutsua zen, ezen haurrei ez baitzitzaien izenik jartzen, nafarreriari aurre egin eta bizirik atera arte.

1776an hasi zen Edward Jenner gaixotasun haren aurkako txertoa lortzeko lanean. Behiekin lan egiten zutenek nafarreria ez zutela pairatzen konturatu zen: abereok gaixotasunarekiko erresistentzia zuten eta haien zornea pertsona batzuei inokulatuz gero, ez zirela infektatzen ikusi zuen. Horrela, 1798an, txertoa lortu zuen. Txerto horrekin egindako programaren bidez, baztanga deuseztatzea lortu zen. Hala ere, Errusiak eta AEBek birusa laborategietan gordeta daukate.

Baztanga motak

Gaixotasuna sortzen duen birusaren arabera, bi baztanga mota daude:

1.- Variola major: baztanga mota arruntena eta arriskutsuena da. Sukar handiagoa eta erupzio hedatuagoa izaten da. Lau Variola major azpimota daude.

  • Klasikoa: kasuen % 90ean gertatzen dena.
  • Modifikatua: txertatuak izan direnek jasaten dute eta arina izaten da.
  • Lisoa eta hemorragikoa: oso arraroak eta arriskutsuak dira.

2.- Variola minor: oso gutxitan gertatzen da eta ez da arriskutsua.

Historikoki, Variola major-en heriotza-tasa % 30ekoa da; hala ere, Variola major lisoa eta hemorragikoa hilgarriak dira. Variola minor-ren heriotza-tasari dagokionez, % 1ekoa da.

Baztanga desagertu baino lehen, bi baztanga mota horiek ezin ziren desberdindu, ezaugarri klinikoei dagokionez, baina egun bereiz daitezke. Garai batean baztanga motarik ohikoena Variola major zen. Variola minor gero agertu zen.

Transmisioa eta eboluzioa

Baztanga kutsatzeko, gaixoarekin kontaktu zuzena izan behar da, gaixoak erabiltzen dituen arropa edota maindireen bidez kutsa baitaiteke. Horregatik, gehienetan familiarrak eta ingurukoak jotzen ditu aurrena.

Gizakia baztangaren eramaile naturala da; beraz, animaliek ez dezakete transmititu. Hala ere, gaixotasunaren fase zehatz batzuetan bakarrik transmiti daiteke. Baztangak fase hauek ditu:

  • Inkubazio epea: 7- 17 egun irauten du. Gaixoak ez ditu ingurukoak kutsatzen. Baztangaren birusaz kutsatu eta egun batzuetan inkubatzen egoten da, hots, gaixoak ez du sintomarik.
  • Lehenengo sintomak: 2-4 egun bitartean irauten du eta batzuetan kutsatu egin dezake gaixoak. Hasierako sintomak agertzen dira: sukarra, nahigabea, buruko mina, baita gorputzean mina ere, eta batzuetan goragalea. Sukarra 38-40 °C artean izaten da. Momentu horretan, kutsatua bere eguneroko bizitzan ohi bezala segitzeko gaixoegi sentituko da.
  • Lehenengo erupzioa: 4 eguneko iraupena du eta oso fase kutsakorra da. Hasierako erupzioa agertuko da, hots, puntu gorri batzuk mihian eta ahoan. Puntu gorri horiek zauri bihurtzen dira, irekitzen baitira eta birusaren kantitate handi bat jariatzen baitute ahoan eta eztarrian. Aldi berean, larruazalean erupzioa agertzen hasten da. Hasieran aurpegian eta gero beso, hanka, esku eta oinetaraino hedatzen da: prozesu osoa 24 orduan gertatzen da. Erupzioarekin batera, sukarra jaitsi eta gaixoa hobeto sentitzen da.

Hirugarren egunean, erupzioei koskor bat agertzen zaie. Laugarrenean, koskorrak likidoz betetzen dira eta askotan, koskorraren erdialdea beherantz joaten da. Ezaugarri hori garrantzitsua da baztanga mota bereizteko. Momentu horretan, sukarra igo egiten da eta ez da jaisten, koskorraren gainean kortika sortzen den arte.

  • Erupzioa pustulekin: bost egun irauten du eta fase kutsakorra izaten da. Koskorrak pustula bihurtzen dira. Pustula horiek altuak, gehienetan biribilak eta gogorrak izaten dira, larruazalaren azpian zerbait egongo balitz bezala.
  • Pustula eta kortika: bost egun irauten dute eta hori ere fase kutsakorra da. Pustulak pixkanaka kortika bihurtzen dira. Erupzioa agertu eta bi astera, zauri gehienak kortika bihurtuta daude.
  • Kortiken erorketa: sei egun dirau eta kutsakorra da. Kortikak erortzen hasten dira eta larruazalean markak (zuloxkak) uzten dituzte, orbandu egiten baitira. Kortika gehienak erupzioa irten eta hiru astera erortzen dira. Gaixoak transmititzeko arriskua du, kortika guztiak erortzen diren arte.
  • Kortiken erorketa: behin kortika guztiak erorita, ez da kutsatzeko arriskurik izango.

Baztangaren ondorioz heriotza gehienak inkubazio fasean izaten ziren. Variola major-eko liso, klasiko eta modifikatuaren kasuan, 5-7 egunen buruan. Hemorragikoa zutenak, aldiz, lehenago hiltzen ziren. Variola minor-ean, azkenik, txertatugabeak soilik hitzen ziren.

Lehenago aipatu bezala, Variola major-retan erupzioaren erdialdea beherantz joaten da, Variola minor-retan ez bezala.

Variola major motak bereizteko sintoma horietaz aparte, beste batzuk ere badaude:

  • Baztanga hemorragikoaren kasuan, erupzioa baino lehen hemorragia gertatzen da.
  • Baztanga lisoetan, aldiz, erupzioa ez da besikulara iristen. Sukarra ez da jaisten erupzioa agertzean eta txertoak ez du bizia ziurtatzen.
  • Baztanga modifikatua immunitate-sistemak senda dezake.
  • Baztanga klasikoa, berriz, oso erraz bereizten da: erupzio simetrikoa du eta lesio guztiek berdin eboluzionatzen dute.

Tratamendua

Gure sistema inmunologikoak normalean ezin dio aurre egin baztangari; gainera, gaixotasun horren aurka ez dago tratamendu zehatzik. Horregatik, norbaitek baztanga daukala pentsatzen bada, prebentzio neurri batzuk hartzen dira:

  • Gaixoa bere etxean bakarrik uztea: ezin da erietxera eraman, ez dagoelako tratamendurik eta kutsatzeko arrisku handia dagoelako.
  • Gaixoaren ezagunak isolatzea: horrez gain, harekin kontaktu zuzena izan dutenak txertatu behar dira.
  • Gaixoarekin agian kontaktua izan dutenak ere isolatzea, oso erraz kutsatzen delako; aurrekoan bezala, horiek ere txertatu behar dira.
  • Desinfektatzea: gaixoak erabilitako arropek birusa transmiti dezaketenez, kontuz erabili behar dira; beraz, ondo garbitu behar dira.

Hala ere, baztanga saihesteko, onena txertoa da, horri esker erradikatu baitzen 1977an. Erupzioa agertu eta lehen eta laugarren egunen artean hartu behar da txertoa: horrek sendatu egin dezake edo infekzioaren arrisku txikitu.

Txertoa

Baztangaren aurkako txertoak, besteak ez bezala, ez dauka Variolae vaccine izeneko birusa, laborategian sortutako antzeko beste birus bat baizik.

Txertoa jaso duenari txertoa jarri dioten lekuan pustula bat sortuko zaio aurrena eta, gero, orbandu eginen zaio: horrek inmunizatuta dagoela esan nahi du eta 10 edo 20 urte bitartean iraun dezake. Haren arrisku larrienetakoa kontaktua da, ukituz gero, gaixotasuna transmititzeko arriskua baitago.

Nahita edo nahigabe birusa airean deskargatutakoan, gaixotu litezkeen pertsona guztiak txertatu behar dira, aurretik txertatuak izan badira ere; jarraian, gaixoekin kontaktua izango duten guztiak, medikuetatik hasi eta gaixoen gorpuak manipulatu beharko dituztenak arte. Lehenago jaso ez dutenek txertoa hartzeko lehentasuna izango dute.

Hala ere, txerto horrek alde txarrak ere baditu, honako kasuetan direnek ezin baitute hartu:

Gainera, txertoa hartu ondoren, emakumeek lau hilabete itxaron behar dute haurdun geratzeko.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Baztanga Aldatu lotura Wikidatan