Barizela

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Ume barizeladuna

Barizela edo astanafarreria gaixotasun kutsakorra da, jatorri birikoa duena, umeengan agertu ohi dena eta larruazalean pikor gorriz osatutako exantema eragiten duena. Kasu gehienetan ez da larria, eta astebeteko epean berez sendatzen da.

Barizela aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. 2005. urtean 10.752 kasu zenbatu ziren EAEn.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizelaren eragilea Herpesbirusen taldeko birusa da. Herperbirusek ostalaria infektatu ondoren latentzian egoteko gaitasuna dute, infekzio errepikatuak sortuz. Barizelaren kasuan, esaterako, birusak sor iraun dezake urte askotan, herpes zoster izeneko gaitza eraginez barizela pasatu eta 40 urte geroago.

Herperbirusek DNA dute material genetiko gisa, kapside ikosaedriko batez babestua.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizela oso kutsakorra da, eta kutsapen-bide nagusiak bi dira: aire-bidea, gaixoak eztula edo doministiku egiterakoan kanporatzen dituen listu-tanten bidez (tanta horietan milioika birioi patogenoak baitaude), edo larruazaleko pikor edo besikulen ukipenagatik, pertsonen arteko kontaktu estua dagoenean.

Europa aldean barizelaren intzidentzia altuagoa da neguan eta udaberrian. Umeen artean kutsapena oso erraza da haurtzaindegietan eta ikastetxeetan, leku itxi batean haur asko egoten direlako. Gaitz honen kutsapen-tasa handia da, %90ekoa (birusarekin harremana eduki duten 100 pertsonatik 90ek gaixotasuna garatuko dute).

Barizelaren birusak goiko arnas traktuan hasten du infekzioa. Linfa eta odolaren bitartez hedatzen da gero gorputz osora. Larruazaleko lesioak birusa zelula epitelialetan ugaltzen delako agertzen dira.

Infekzioak immunoglobulinen ekoizpena bultzatzen du, odolean betiko mantentzen direnak. Hori dela eta, bizitza osoan gaitza behin besterik ezin da pasatu.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizelaren ohiko erupzioa gorputz osora zabaltzen da.

Barizelaren inkubazio epea bi aste ingurukoa da. Lehenengo sintomak sukarra, buruko mina, nekea eta ondoeza dira. Gero, ohiko erupzioa agertzen da larruazalean, pikor edo besikula gorriz osatutakoa, hasieran enborrean eta aurpegian eta gero gorputz osora hedatzen dena. Egun gutxitan besikula horiek zarakarrak bihurtzen dira.

Haurrengan gaitza berez sendatu ohi da, astebete eta bi aste bitarteko epean. Helduengan gaitzak oinaze gehiago eragiten ditu, eta batzuetan pneumonia batekin okertzen da. Gaixo immunogutxituengan barizelaren ondorioak oso larriak izan daitezke, birusak funtsezko organo batzuk kaltetzen dituelako (birikak, gibela, garuna...).

Barizelaren birusa ere arriskutsua da haurdun dauden emakumeengan, umekia kaltzen baitu.

Profilaxia eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren aurkako txertoa dago. EAEn txertaketa ez da beharrezkoa, baina Nafarroan eta beste herrialde batzuetan (AEBetan, Alemanian...) txertaketa-egutegian jarrita dago. Txertoa birus moteldu batekin egiten da.

Barizelaren aurkako tratamendua sintomatikoa da. Haurrei parazetamola ematen zaie, sukarra eta ondoeza arintzeko. Aspirina ez zaie eman behar, botika horrek umeengan Reye-ren sindrome larria eragin baitezake. Antihistaminikoak eta lozioak pikorrek eragiten duten hazkuraren aurka eman daitezke.

Zenbait kasutan, bereziki gaixo helduekin eta arrisku handiko gaixoekin (immunogutxituak), botika antibiralak erabiltzen dira gaitza tratatzeko. Aziklobirra da erabiliena, eta bere eraginkortasuna lotuta dago bere hartze goiztiarrarekin.

Immunizazio pasiboa immunoglobulinen ezarpenan datza, eta arrisku handiko gaixoei ematen zaie, muskulu barneko bidetik. Jasotako antigorputzek ahuldutako immunitate-sistemari laguntzen diote birusari aurre egiten.

Barizela eta herpes zosterra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizela eta herpes zosterra bi patologia desberdinak dira, baina lotura handia dute. Biak ala biak birus berak eragiten ditu (Barizela-Zoster birusa), eta herpes zosterra barizelaren ondoriotzat jotzen da.

Barizela pasatutakoan birusa ez da desagertzen. Sor geratzen da, nerbio-zeluletan, inongo sintomarik sortu gabe. Barizela pasatu dutenen %20 inguruk, denboraren poderioz, herpes zosterra sufrituko dute, latentzia egoeran zegoen birusa berpizten denean. Urte aunitz igaro daitezke barizela eta herpes zosterren artean, eta birusaren bizkortzeak -antza denez- zer ikusi handia du gaixoaren egoera immunologikoarekin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barizela Aldatu lotura Wikidatan