Berroeta baserria

Koordenatuak: 43°2′27.24″N 2°15′16.5594″W / 43.0409000°N 2.254599833°W / 43.0409000; -2.254599833
Wikipedia, Entziklopedia askea
43°2′27.24″N 2°15′16.5594″W / 43.0409000°N 2.254599833°W / 43.0409000; -2.254599833

Berroeta baserria (batzuetan Beorreta ere bai) baserri bat da, Ormaiztegin dagoena, Eztanda ibaiaren ibarrean.

2000ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolaretxe honetako alderik zaharrena erdikoa da. Alde horrek ia osorik ditu zurezko jatorrizko egiturak, XVI. mendeko bigarren zatikoak. Dolare zahar bikainak ere badirau, ez baitu galdu sagarra zapaltzeko aska, 10 m baino luzeagoko habe lodia eta bihurdura-ardatza besterik. Egin zenetik ez du garrantzizko aldaketarik izan egituran. Sasoi berekoak dira lehen solairura iristeko eskailera eta bi ate, lehen solairuko sarrerakoa bata eta ganbarakoa bestea, biak ere ohol mihiztatutakoak eta orri batekoak.

Mende bat geroago, XVII.ean, handitu egin zuten Berroeta baserria; gaur dituen neurriak ordukoak dira. Eraikinaren kutxaren alboak eraitsi eta kanporago beste hormak, harrizkoak, eraiki zizkioten ekialdean eta mendebaldean; gaur egungo atari-karrerapea ere orduan erantsi zioten. Etxearen ekialdea gorde zuten bizilekurako. Geroagoko lanak ez dute askorik aldatu eraikinaren XVII. mendeko egitura.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoa laukizuzena du, aurrealdea (fatxada) eta atzealdea alboak baino zabalagoak ditu; aurrealdea hegoaldera begira du. Behe solairuak eta lehen solairuak osatzen dute eraikinaren behetik gorakoa; lehen solairua ganbara ere bada. Eraikuntza-kutxaren hormak harrizkoak dira, zarpeatuak eta, fatxadako erdialdean izan ezik, karez zurituak. Erdialde horretan atari-karrerapea du nahikoa erdian. Atariburua haritzezko habe lodi bat da, ertzak harlanduzko zutabeen gainean pausatuta ditu eta zutabeek aurrealdeko harri-hormarekin osotasun bat egiten dute. Habe gainean finkatuta lau zutiko daude; halaber, bertikal eta horizontal jarritako zurezko bilbadura fatxadako estaldura azpiraino. Hiru zati ditu beraz aurrealdeak zabalka: ataria erdian eta bi aldeak. Aipatutako habearen gainean galeria bat dugu; galeriak oholez babestuak eta zati batzuetan estaliak ditu bilbaduraren tarteak. Galeria gaineko bilbaduraren tarteak adreilu trinkoz estalita daude. Atari-karrerapea fatxadaren erdiko hirureneko behealdean dago; barreneko horman bi ategune daude etxe barrura sartzeko; ateguneak zurezko laukidunak dira. Bai barreneko horma hori bai fatxadako aldeetakoak harrizkoak dira, zarpeatuak eta karez zurituak. Karrerapeko sabaiari zurezko bi habek eusten diote; lehen aipatutako habearen barnealdean ahokatuta daude bi habe horiek, molduratutako eta arte ederrez landutako zurezko euskarri bidez.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinaren estalkiaren egitura zurezkoa da eta bi aldetara jotzen du; gailurra fatxada nagusiarekin elkarzut dago. Estalkiko zapalda bakoitzak bi habe ditu luzeraka. Lau habe horiekin eta gailurrekoarekin bat egiten duela, barneko armazoia dugu; haritzezko lau osoko zutabek eta behe solairuko karga-murruak osatzen dute armazoia; karga-murruak, berriz, etxeko bizilekua (ekialdea) ixten du. Zutabe horiek, fatxada nagusiari begira paralelo diren bi lerrotan jarrita daude. Eraikinaren erdian, gailurrari dagokion errenkadan, zutabeen bigarren lerro paraleloan, bi zutabe berdin daude; eta erdiko errenkadan, gailurpean, beste bi zutabe berdin atzealdearen ondoan (iparraldea). Lau zutabe berdin horiek atal bakarrekoak dira eta dolare gotiko baten habeak. Atzealde ondoko dolare-habeak ez daude elkarzut, baizik eta mendebal aldera okertzen hasiak; horrelako narriadurak ohikoak dira honelako eraikinetan.

Nabaria da, duen ebaketagatik, dolare gotikoaren zurezko ardatzaren gida-habea, oraindik ere badu-eta ardatzaren gida zen zuloa. Beste habe batzuek artekak dituzte barnealdean, antzina oholak mihiztatuz egiten baitziren trenkadak.

Estaldurako sabaitzak habe, petral eta beso lodiak ditu euskarri. Horietan jarrita daude gapirioak eta oholtza. Estalduraren egitura dolare gotikoarenari begira egina da. Gailurreko habea bere paralelo diren beste bi haberen gainean datza; habe horiek berriz, petral meheagoak batzen dituzten uztarrietan, Pizkunde garaiko tramankulu eder honen lau dolare-habeen gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]