Pizkundea
Pizkundea[1] edo Errenazimentua[1] —zenbaitetan Berpizkundea[2] edo Errenaisantza[3] ere deitua— XV. eta XVI. mendeetako kultura mugimendu bat izan zen, Behe Erdi Aroan Florentzian hasi eta geroago Europan zehar hedatuz joan zena. Hitz hau orduko garai historikoa izendatzeko ere erabiltzen den arren, kontuan hartu behar da Pizkundeko aldaketak ez zirela Europa osoan batera gertatu. Pentsamendu humanistari oso loturik dagoen mugimendu kultural honen oinarria Antzinate klasikoaren iturrietara itzultzea izan zen.
Pizkundea Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Hainbat arlotan gertatu ziren aldaketa sakonek markatu zuten Aro Modernoaren hasiera: estatu nazioen eratzea, feudalismoaren suntsitzea eta burgesiaren goraldia, merkataritza eta kapitalismoaren hedatzea eta, esplorazio bidaiei esker, Europa Amerika eta gainerako kontinenteekin lotzea.
Eduki-taula |
Ezaugarriak [aldatu]
Gizakia [aldatu]
Pizkundeak gizakia gauza guztien neurri egiten du. Artistari formazio zientifikoa eskatzen zaio, Erdi Aroko jokaeretatik askatu eta maila sozial gorenera igoaraziko duena. Ordura arte, erdi aroan, gizakia lanerako makina soila bezala ulertua zegoen, botere estamentu oso zurrunetan bizi zen gizartea non elizaren garrantzia gorena zen. Pizkundeak bizitzeko era hortan eraldaketa bat sortzen du. Erdi aro amaieran egondako uzta oparoen ondorioz demografia hazkunde handia egon zen eta lan baino langile gehiago egotea suertatu zuen honek. Jauntxoen lurrak lantzeko jende gehiegi zegoen eta famili ugaritako seme-alaba batzuk bizia irabazteko beste bideak bilatu behar izan zituzten. Hala, merkatal lanetan hasi ziren, eta denboraz, botere nahikoa eta dirutza lortu zuten hirietan finkatzeko eta euren merkatal lanekin jarraitzeko. Gizartean estamentu berri bat sortzea suposatu zuen honek; Burgesia. Burgesek botere ekonomiko handia zuten, eta honek, elizarentzat botere galera bat suposatu zuen. Lan gizon hauek, jada, ez dute euren denbora osoa lurra lantzen ematen eta merkataritzak bidaiatzeko emandako aukerarekin, bizitza beste era batean bizitzen hasten dira. Bat-batean aisialdiaz gozatzen dute, eta honek pentsatzeko denbora ematen die. Orduan, kulturan interesa hartzen hasten dira, gaiak ikertzen, eta batez ere gizakiarekin erlazionatutako esparruak aztertzen dituzte. Giza gorputza eta pentsaera ulertzen saiatzen dira eta are gehiago, ikusmiren zentruan kokatzen dute gizakia. Orduta arte jainkoari gertutasunak suposatzen bazuen perfekzioa, pizkundean ideia hartatik urrundu eta perfekzio desiratu horretara urbiltzeko, norberaren ezaguera eta giza gorputzaren ulermena epaitzen dute egokiena. Kulturarekiko jakinmin handia sortzen da, eta zientziak ulertzeko desira gogor bat ere. Uomo unibersalearen ideia da gizakiaren perfekzioa, hau da, pertsona ederra, bai fisikoki baina, gehien bat jakintza aldetik, jantzia arlo guztietan eta ikerkuntzen azterle amorratua. Gizakia jada ez da lanerako makina bat bezala ulertzen, baizik eta, ideia garatuko pentsalari eta filosofo bezala.
Antzin Arora itzulera [aldatu]
Antzinako forma arkitektonikoak, ordena klasikoak, sinesmen zaharren berrezarpena, historia eta mitologiako gaiak, antzinako sinboloen onarpena... berpiztuko dira. Honekin ez da kopia soil bat egin nahi, Arte Klasikoaren legeen ezagupenean barneratu nahi da. Antzinako formak barneratzen dira eta arkitektura zein arte proiektuetan era onuragarrian erabiltzen dira, orden bat ezartzeko. Hala ere, ez dira ordena honetara mugatzen, eta arkitekto handiek, orden horiek gainditzen dituzte haien ekarpen berriak barneratuz, esaterako, Albertik Santa Maria Novellako fatxadan gehitutako kiribil elementua edota Bramantek San Pietro in Montorion integratutako perspektiba jokoen subjektibotasuna.
Natura [aldatu]
Naturarekin erlazio berri baten jaiotza, zientziaren ulermen ideal eta errealista batekin batera doana. Matematika, edertasunaren ideala arrazionalki oinarritu nahi duen artearen laguntzaile nagusi bihurtuko da. Naturaren egia ezagutzearen aspirazioa, Antzin Aroan bezala, ez da fenomeno kasualaren ezagupenera orientatzen, ideian barneratzean baizik.
Historiografia [aldatu]
Giorgio Vasari idazle eta artista italiarrak, 1570ean argitaratutako Margolari, eskultore eta arkitekto famatuen bizitzak lanean, erabili zuen lehenbizikoz Errenazimentu (rinascita) hitza , baina XIX. mendera arte ez zitzaion hitz honi interpretazio historiko-artistiko zabala eman.
Vasarik ideia erabakigarri bat plazaratu zuen: antzinako artearen birjaiotzea. Honek artistaren jokabide espiritualean erabat berri zen fenomeno bat zekarren: kontzientzia historiko indibidual nabaria izatea.
Pizkundeak Erdi Aroko artearekin lotura guztiak moztu zituen berariaz, mespretxuz barbaro eta godoen estilotzat hartzen baitzuen. Era berean, Iparraldeko Europako arte garaikidearen aurka zegoen.
Europako eboluzio artistikoaren ikuspuntutik, Pizkundeak ordura arte nagusi izan zen batasun estilistikoaren apurtzea ekarri zuen.
Garapena [aldatu]
Historikoki, Pizkundea aurkikuntza geografikoen eta itsasoz bestaldeko konkisten aroan sortu zen.
Italian hasi zen XIV. mendean eta Europan zehar XV. eta XVI. mendeen artean zabaldu zen. Garai horretan, Erdi Aroko gizarte feudal hauskorra, nekazaritzan oinarritutako ekonomiarekin eta Eliza nagusi zen bizitza kultural eta intelektualarekin, pixkanaka insituzio politiko zentralizatuek kontrolatutako gizarte bihurtu zen, hiri guneetan eta merkataritzan oinarritutako ekonomiarekin eta heziketan, arteetan eta musikan mezenazgoa garatu zelarik. Eliza Katolikoa bananatzea, nazionalismoen garatzea, inprentaren sorrera (1460 eta 1480 artean) eta honek ekarri zuen kulturaren zabalpena ere, besteak beste, garai honetan gertatu ziren. Ideien munduan zegoen iraultzarekin batera, XV. mendearen hasieran indar handiko Errenazimentu artistikoa izan zen Italian.
Artistak balio eta pertsonalitate propiodun gizabanako bezala hartu zuen kontzientzia. Jakintzarekiko erakarmena zuen eta anatomia ikasten hasi zen, itzal eta argien teknika, perspektibaren legeeak, aro klasikoko ereduak, eta beste. Hor dugu adibidez Leonardo da Vinci, Pizkundearen adibide garbi bat, jakintzaren arlo askotan aditua zena.
Etapak [aldatu]
Errenazimentuaren lehen etapak XV. mende osoa du espazio kronologiko bezala eta Quattrocento izenarekin da ezaguna, eta Italian garatu zen Errenazimentu goiztiarra hartzen du bere baitan.
Bigarrenak XVI. mendean du eragina, Cinquecento izenarekin da ezaguna eta bere estilo artistikoa Errenazimendu Garaia da, mendearen lehen laurdenean zentratzen dena. Etapa hau Manierismoan bukatzen da, 1520-1530an izan zen erreakzio antiklasikoa.
Italian Berpizkundea garatu bitartean, Europan zehar Gotikoa dago indarrean oraindik, XVI. mendearen hasiera arte iraungo duena.
Italian, Antzinaro klasikoarekin elkarbizitzak, nazio ondasun bezala joa, eboluzio estilistiko homogeneo batentzako oinarri zabal bat ahalbidetu zuen. Horregatik, hain zuzen, Italian sortu zen, beste nazio guztien aurretik.
Italiatik at Antzin Aro Klasikoa emari akademiko jasangarria izango da eta Errenazimentuaren garapena Italiaren bultzaden menpe egongo da. Italia momentu hartan hainbat estatutan bereizita zegoen, besteak beste Venezia, Florentzia, Milan eta Napoliko estatuak. Kanpoko presioek estatu hauen batasuna eragotzi zuten. Hala ere, italiarren kontzientzia kulturala indartu egin zen.
Abiapuntu hauetatik, hiriak berrikuntza artistikoaren zentru bihurtu ziren. Florentzian, burgesia aberats baten garatzeak Berpizkundea zabaltzen lagundu zuen, hiri-estilo berriaren abiapuntu bihurtzen da eta Medici familiaren babespean, Italian barna zabalduko diren lehen obrak sortzen dira.
Kronologia [aldatu]
- 1453an Bizantziar Inperioa erori zen.
- 1492ko urriaren 12an Kristobal Kolon gaurko Dominikar Errepublikara eta Haiti dauden uhartera iritsi zen.
- 1548.urtean Oñatiko unibertsitatea sortu zuten.
Literatura [aldatu]
XV. mendea [aldatu]
- Bernart Etxepare. Nafarroa Beherea. (1480?-?): "Linguae vasconum primitiae" (1545).
XVI. mendea [aldatu]
- Garcilaso de la Vega, Espainia (1501-1536).
- Luis Granadakoa, Espainia (1504-1588).
- Joan Perez Lazarraga, Araba (1548? - 1605): Lazarragaren eskuizkribua (1567-1602).
- Joannes Leizarraga, Lapurdi (1506-1601): Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria.
- Mikael Agricola, Finlandia (1510–1557).
- Santa Teresa Avilakoa, Espainia (1515–1582).
- Frai Luis Leongoa, Espainia (1527-1591).
- San Joan Gurutzekoa, Espainia (1542-1591).
- Miguel de Cervantes, Espainia (1547-1616).
- William Shakespeare, Ingalaterra. (1564-1616).
Arkitektura [aldatu]
Arkitekturaren historian haustura unea izan zen, batez ere aurretik emandako garaiarekiko, gotikoarekiko.
Berrikuntzak sortu zituen hainbat esparrutan: bai ekoizpen medioetan, bai arkitektura-hizkuntzan. Beste ezaugarri bat da arkitektoen jarrera, artisau izatetik benetako profesional izatera pasa ziren eta. Katedral gotikoak, baita inportante eta handienak ere, orohar egile ezezagunekoak dira; Pizkundean, ordea, lan esanguratsu guztietan egilearen izena ezaguna da. Lanaren inspirazioa, antzinako garai klasikoaz egiten zuten irakurketan oinarritzen zen, batez ere arkitektura erromatar eta greziarrean.
Arkitekto pizkundetar ezagunak [aldatu]
Artea [aldatu]
XV. mendea [aldatu]
- Albrecht Dürer. Bavaria. Alemania. (1471-1528), margolaria.
XVI. mendea [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b Euskalterm terminologia-bankuan Pizkunde eta Errenazimentu izenak proposatzen dira, ordena horretan; eta bi horiek daude onartuta, inolako oharrik gabe, euskara batuko hitzak arautzen dituen Hiztegi Batuan. Elhuyar gaztelania-euskara hiztegiak Errenazimentu izena dakar.
- ↑ Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegian hala ageri da, baina Hiztegi Batuak pizkunde hobesten du «berpizkunde» sarreran.
- ↑ EHUren Arte Ederrak tituluaren ikasgaietan forma hau erabiltzen da, baina Hiztegi Batuan ez da ageri, ez eta hemen aipatu diren gainerako hiztegietan ere.
Ikus, gainera [aldatu]