Betti Betelu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Betti Betelu
Bizitza
JaiotzaArrangoitze1924ko maiatzaren 14a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz, 1990 (65/66 urte)
Jarduerak
Jarduerakdantzaria eta irakaslea

Pierre «Betti» Betelu Dagerre (Arrangoitze, Lapurdi, 1924ko maiatzaren 14a - Biarritz, Lapurdi, 1990eko otsaila) euskal dantzen irakaslea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrangoitzeko Hehailia etxean sortu zen, zazpi anaia-arrebetan bigarrena. Betelutarrek jatorria Latasako Mandategia baserrian zuten, eta Nafarroatik Lapurdira igaro ziren. Aita Jean Baptiste Betelu zuen, Ahetzeko Urdinaenia etxeko familiakoa; eta ama, Maiana Dagerre, Arbonan sortua.

1946. urtean, Betti Betelu Valentina Viana (Bitta deitua) miarriztarrarekin ezkondu zen. Bitta sortzez Bribieskaren ondokoa bazen ere, 1936ko gerlan, gaztea zelarik, Miarritzera etorria zen. Sei seme-alaba eduki zituzten: Mikel, Gérard, Maite, Txomin, Serge eta Valèrie.

Lanbidez, hasieran, okina izan zen, eta gero arropak saltzen aritu zen Baionako Pilori plazan zen Maison Roger etxearentzat. Horretarako etxez etxe ibiltzen zen. Ondotik, bere kontura ezarri zen gauza bera egiten. Zaletasunez, gazte urteetan Betti pilotari aritu zen.

1944an, hogei urte zituela, Oldarra taldean sartu eta hor euskal dantzak sakon ezagutzeko aukera ezin hobea izan zuen. Aipatu taldean bederatzi urtez dantzari aritu ondoren, taldea utzi eta Miarritzen Bi Harri dantza taldea eratu zuen. Talde horretan 1960. urte arte aritu zen buru-belarri. Gero, dantzarik gabeko bederatzi urteko aldia hartu zuen. 1969an Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak dei egin zion hil berria zen Peio Colombet elkarteko lehendakariaren omenezko ekitaldi bat presta zezan, eta elkarte horretan jarraitu zuen dantza-maisu gisa 1990. urte arte, hau da, Heriok gure artetik eraman zuen arte.

Miarritzen hil zen, bihotzekoak jota, San Martin trinketean, pilota partida bat jokatzen ari zelarik.[1] Hil zelarik hirurogeita sei urte zituen. Arrangoitzeko hilerrian ehortzi zuten. Elizatik ateratzean hilkutxa pilota-plazako erdi aldean ezarri zuten eta dantzarako urratsak ematen ari zen Beteluren grabazio bat jarri, segidan, senideek eta ehorzketara hurbildutakoek hilkutxaren inguruan zenbait dantza-jauzi egin zituzten, haren urratsei jarraikiz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joseba Aurkenerenak, 2013ko maiatzaren 7ko artikuluan, Betti Betelu «pilota partida bat ikusten» ari zelarik hil zela idatzi zuen, baina artikulu horren amaieran, sei egun geroago egindako oharrean, hauxe dio: «Barka ezazu irakurle, baina Serge Betelu semeak jakinarazi didanez, Betti Betelu trinketean hil zen, baina ez partida bat ikusten, jokatzen baizik.»