Buffalo Springfield

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buffalo Springfield
Fitxategi:Irudirik ez
Datuak
JatorriaLos Angeles, Kalifornia, AEB
Musika motaFolk rock, Rock psikodeliko, Country rock
Urteak1966 - 1968
2010 - 2012
Produkzioa
Diskoetxea(k)Atco, Atlantic
Lehengo taldekideak
Richie Furay
Stephen Stills
Neil Young
Dewey Martin
Bruce Palmer
Jim Messina
Doug Hastings
Ken Koblun
Jim Fielder
Joe Vitale
Rick Rosas
Sariak
Jasotako sariak
Informazio gehigarria
IMDB: nm2703584 Spotify: 3eskO5m0H4yiF64vRySBjr iTunes: 612440 Last fm: Buffalo+Springfield Musicbrainz: 22dc19af-d085-4c9b-adfb-22ec256251f1 Songkick: 466936 Discogs: 58696 Allmusic: mn0000939567 Deezer: 905 Edit the value on Wikidata

Buffalo Springfield 1966-1968 epean jardunean egon zen kanadiar-estatubatuar rock talde bat izan zen, batez ere ezaguna bertatik irtengo zirelako gerora handiak bilakatuko ziren musikariak: Neil Young, Stephen Stills eta Richie Furay. Britainiar Inbasioa deituriko mugimendutik sortutako lehenetako talde amerikarra izanik, bandak modu oso pertsonalean nahastu zituen rocka, folk rocka eta countrya. Seguruenik euren abesti ezagunena For What It's Worth izan zen, 1960ko hamarkadaren bukaerako ereserki politikoa bihurtzeraino.

1966an sortua, Buffalo Springfielden ibilbide laburra barne borrokez josia egon zen; halaber, drogak edukitzeak edo kontsumitzeak eragindako atxiloketek eta kide aldaketa sarriek taldea desegitera eraman zuten bi urte beranduago. Denbora tarte horretan hiru album eman zituzten argitara, nahiz eta hainbat maketa, baztertutako saio eta zuzeneko grabazio hurrengo hamarkadetan argitaratuak izan ziren.

Ibilbide laburrekoa eta ekoizpen mugatukoa izan arren, bere garaiko eragin handienetako taldea izan zen, Rock and Roll Hall of Famen (Rock and Rollaren Ospearen Aretoa) sartuz eta Crosby, Stills, Nash & Young, Poco, Manassas eta Loggins & Messina bezalako taldeak sortzeko aurrekari izanez.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea 1966ko hasieran eratu zen arren, bere sorrera urtebete lehenago eman zela esan dezakegu, Neil Young eta Stephen Stills Fort William, Ontarion (Kanada) ezagutu zirenean. Young bertan zegoen The Squires taldearekin eta Stills bira egiten ari zen The Companyrekin. Nahiz eta ez ziren berriro elkartu urtebete beranduago arte, elkartze honek elkarrekin lan egiteko gogo bizia utzi zien.

Bira hori bukatu ondoren, The Company desegin zen eta Stills AEBetako Mendebaldeko Kostara joan zen, denbora baterako estudioko musikari modura lan egiteko. Barry Friedman produktoreak gomendatuta, Richie Furay eta Ken Koblun gonbidatu zituen, talde berri bat sortzeko ideiarekin.

Neil Young, 1976an

1966ko hastapenetan, Neil Youngek Mynah Birds taldean baxua jotzen zuen Bruce Palmer ezagutu zuen. Gitarra-jotzaile bat behar zuten eta Young konbidatu zuten taldearekin bat egitera; honek eskaintza onartu zuen. Motown Records diskoetxearentzat album bat grabatzen hasteko zirenean, Rick James abeslaria atxilotua izan zen soldadutzara ez joateagatik. Kontratu diskografikoa bertan behera geratu zenez, Youngek eta Palmerek erabaki zuten Los Angelesera (California) abiatzea, Stillsekin elkartzeko asmotan. Astebete beranduago, etsita Stills ez zutelako aurkitzen, San Frantziskorantz (California) joatea erabaki zuten eta auto-ilara handi batean zeudela, hara non ikusten duten Stills kontrako noranzkoan. Ondoren, talde bat sortzea erabaki eta astebete baino gutxiagora Dewey Martin bateria-jotzailea batu zitzaien.

Taldearen izena Barry Friedman produktorearen etxearen aurrean aparkatuta zegoen zapalgailu batetik hartu zuten. Taldeak apirilaren 11n egin zuen debuta eta ondoren biran irten zen Californiatik, The Dillards eta The Byrds taldeen telonero gisa.

Whisky A Go Go gau-kluba, kontratu diskografiko bat eta Sunset Stripeko errebolta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Byrds taldeak bira bukatu zuenean, bandako baxu-jotzaile Chris Hillmanek Whisky A Go Go klubeko jabea konbentzitu zuen Buffalo Springfield entzutera joan zedin. Horrela, zazpi astez Buffalo Springfield izan zen aretoko lehen taldea, maiatzaren 2tik ekainaren 18ra. Kontzertu segida honek taldearen ospea sendotu zuen eta berehala erakarri zuen hainbat diskoetxetako interesa. Azkenean, Atlantic Records izan zen kontratatu zituena Hollywoodeko Gold Star estudioetan grabatzeko.

Youngek, Stillsek eta Furayk demo batzuk grabatu nahi zituzten diskoa baino lehen, baina Greeneren eta Stoneren ustez Neil Youngen ahotsa “arraroegia” zenez, Furayri eman zioten ahots nagusiaren rola Youngek idatzitako abesti gehienetan.

Lehen singlea, Nowadays Clancy Can't Even Sing, 1966ko uztailean atera zen, baina oihartzun txikia izan zuen Los Angelesetik landa. Taldea ez zegoen gustura eta diskoa osatzeko orduan, berreraiki egin zituzten hainbat abesti. Izan ere, Youngek eta Stillsek denbora luzez esan izan dute mono-an egindako jatorrizko nahasketa kalitate handiagokoa dela Greenek eta Stonek estereon egindako nahasketa baino. Taldearen album homonimoa hasiera batean Atco Records diskoetxean (Atlantic Recordsen subsidiarioa) argitaratu zen 1966ko urrian, mono soinuarekin. Aitzitik, estereo bertsioa, abestien hurrenkera desberdinarekin, 1967ko martxoan.

Stephen Stills, 1972an

Sunset Stripeko erreboltak ikusi eta gero, 1966ko azaroan, Stillsek idatzi zuen taldearen ikur bihurtuko zen abestia, For What It's Worth. Abenduan grabatu zuten, eta 1967ko urtarriletik aurrera, lortu zuten jartzea abestia salmenta-zerrendetako goialdean.

Aldaketa ugari taldearen osaketan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967ko urtarrilean, taldea New York era joan zen diskoetxeak hala eskatuta. Han atxilotu zuten Palmer lehen aldiz marihuana edukitzeagatik, eta Kanadara deportatua izan zen. Bien bitartean, taldea AEBetako bi kostaldeetan ibili zen grabazio saioak egiten eta zuzenekoak ematen, Palmer ordezkatzeko hainbat baxu-jotzaile kontratatuz.

Baldintza hauetan, disko berrirako lana, hasiera batean Stampede izena zuena, tentsio handikoa izan zen. Young eta Stills ez ziren Greene eta Stonerengan fidatzen, baina euren artean ere liskarrak izaten ziren; gainera, bakoitzak bere aldetik konposatutako abestien produktorea izatearekin tematuta zeuden. Furayk artean ez zuen abestirik konposatu, baina bigarren disko honetarako Neil Youngek egindako abesti kopurua berdindu zuen.

Palmer ekainaren hasieran itzuli zen taldera, baina Youngek alde egin zuen, eta gauzak horrela, Monterey Pop Festival jaialdia galtzeko arriskua zuten. Young abuztuan itzuli zen, eta Greene eta Stone taldetik kaleratu ondoren, gainontzeko kideak kontzertuak ematen eta Buffalo Springfield Again izenarekin irtengo zen bigarren disko luzeari azken ukituak ematean murgildu ziren.

Richie Furay, 2011n

Buffalo Springfield Again 1967ko azaroan irten zen kalera. Nahiz eta benetako talde lana baino gehiago, lan indibidualen nahasketa bat izan, kritiko askok uste dute taldearen grabaziorik bikainena dela. Izan ere, diskoak abesti handiak hartzen ditu bere baitan, hala nola, Mr. Soul, Rock & Roll Woman, Sad Memory edo Bluebird, esaterako.

Taldearen desegitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko urtarrilean, Palmer, orain ere drogak edukitzearen akusaziopean, deportatu egin zuten bigarrenez, taldearen grabazio-sesioen erritmoa apurtuz. Bera ordezkatzeko, gitarra-jotzaile eta estudioko ingeniari Jim Messina kontratatu zuten. Palmer falta zela, Young ere gero eta gutxiago elkartzen zen taldekideekin, kontzertuetan Stillsi gitarra nagusiaren rola uzteraino. Argi zegoen taldeak banantzeko bidean zela. 1968ko apirilean, Young, Furay, Messina, eta eurekin batera Eric Clapton, droga kontsumitzeagatik atxilotuak izan ondoren, banda desegin zen.

Azken kontzertua Long Beach Arenan (Kalifornia, AEB) eman zuten, 1968ko maiatzaren 5ean. Abesti ezagunenak jo ondoren, Bluebird-en bertsio luze batekin esan zuten agur. Taldeak soilik bi urte pasatxo iraun zuen.

Dewey Martin, 2004an

Hausturaren ondoren, Furayk eta Messinak 1967ko erdialdetik 1968ko hasiera bitarteko hainbat abesti bildu zituzten estudioko hirugarren eta azken lanean, Last Time Around. Diskoa uztailaren 30ean argitaratuko zen. Kritikaren arabera, taldearen okerrena da.

Youngek 2000. urtean ateratako Silver & Gold diskoan, taldea berrantolatzeko nahia azaldu zuen abesti batean. Tamalez, Palmeren heriotzak 2004an eta Martinenak 2009an ezinezkoa egiten zuen asmoa. Dena den, Young, Stills eta Furay (Joe Vitale eta Rick Rosasen laguntzarekin) Bridge School Benefit ongintzazko kontzertuan elkartu ziren 2010eko urriaren 23an eta 24an, Mountain View hirian, Kalifornian. Rolling Stone aldizkariaren arabera, emanaldi “nostalgiko, zoriontsu eta hunkigarriak izan ziren”. 2011n beste sei kontzertu eman zituzten, baita 2012rako bira oso bat antolatu ere, baina azken hau bertan behera geratu zen Neil Youngek uko egin baitzion parte hartzeari, bere talde Crazy Horsekin bi disko berri grabatzen ari zela arrazoituz. 2012ko otsailaren 27an Furayk jakinarazi zuen taldea "etenaldi mugagabe" batean sartua zela berriro ere.

Jim Messina, 2009an

Taldearen herentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldearen inpaktu komertziala oso handia ez izan arren, For What It’s Worth abestiak erabateko arrakasta izan zuen, eta taldearen ospea hazi egin zen kide bakoitzak bere aldetik lortzen zuenarekin batera. 1968an, Stills elkartu zen The Byrds taldetik etorritako David Crosbyrekin eta The Holliesetik iritsitako Graham Nashekin, Crosby, Stills and Nash (CSN) hirukotea sortuz. Neil Youngek bakarkako bideari ekin zion; hala ere, CSNren hainbat albumetan parte hartu zuen. Furayk eta Messinak Poco taldea sortu zuten, beste proiektutan jardun aurretik. 1970ean, porrot komertziala izan zuen diskoa grabatu ondoren, Palmerek parte hartu zuen taldeari egin zitzaizkion hainbat tributotan eta baxu-jotzaile modura ibili zen Crosby, Stills and Nashekin. 1980ko hamarkadan, Youngen hainbat diskotan ere kolaboratu zuen. Dewey Martinek, bandari nolabaiteko jarraipena emanez, New Buffalo Springfield tadearekin segitu zuen, Dewey Martin and Medicine Ball sortu zuen arte, azken hauekin UNI Records izeneko albuma atereaz.

1997an, taldea Rock and Rollaren Ospearen Aretoan sartu zen, baina Youngek ez zuen parte hartu ekitaldian. 2001ean, Neil Youngek prestatutako bilduma bat argitaratu zen; diskoak demo eta nahasketa alternatibo ugari zituen.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Richie Furay – gitarra, ahotsak (1966–1968, 2010–2012)
  • Stephen Stills – gitarra, teklatuak, ahotsak (1966–1968, 2010–2012)
  • Neil Young – gitarra, harmonika, pianoa, ahotsak (1966–1968, 2010–2012)
  • Dewey Martin – bateria, ahotsak (1966–1968)
  • Bruce Palmer – baxua (1966–1968)
  • Jim Messina – baxua (1968)
  • Ken Koblun – baxua (1966)
  • Jim Fielder – baxua (1967)
  • Doug Hastings – gitarra (1967)
  • Joe Vitale – bateria, ahotsak (2010–2012)
  • Rick Rosas – baxua (2010–2012)

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estudioko diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Buffalo Springfield (1966ko abenduaren 5a)
  • Buffalo Springfield Again (1967ko azaroaren 18a)
  • Last Time Around (1968ko uztailaren 30a)

Bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Retrospective: The Best of Buffalo Springfield (1969ko otsailaren 10a)
  • Buffalo Springfield (1973ko azaroaren 12a)
  • Buffalo Springfield (2001eko uztailaren 17a)

Singleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Nowadays Clancy Can't Even Sing / Go and Say Goodbye (1966)
  • Burned / Everybody's Wrong (1966)
  • For What It's Worth / Do I Have to Come Right Out and Say It (1967)
  • Bluebird / Mr. Soul (1967)
  • Rock 'n' Roll Woman / A Child's Claim to Fame (1967)
  • Expecting to Fly / Everydays (1967)
  • Uno Mundo / Merry-Go-Round (1968)
  • Special Care / Kind Woman (1968)
  • On the Way Home / Four Days Gone (1968)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]