Burdinaren emakumeak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Burdinaren emakumeak XIX. eta XX. mende hasieran Bizkaiko meatzaritzari eutsi zioten emakumeak izan ziren.[1]

Bizkaiko meatzaritzak sekulako garrantzia eduki zuen industria-iraultzaren testuinguruan. Azken karlistaldiaren ostean hasi ziren meategiak ustiatzen Bizkaian, eta, 1876tik aurrera, burdinaren ekoizpena azkar batean hasi zen hedatzen: ustiapena 1899an iritsi zen goreneko mailetara. Lege-arloan aldaketak egin ziren, eta komunikazioen azpiegitura planifikatu zen, ustiapen masibo eta sistematikoari bide emateko. Ustiapena aire zabalean egiten zenez eta kualifikatu gabeko eskulana merkea zenez, ekoizpen-kostuak baxuak ziren. Bertan, lurraldean egin ziren eraldaketa handiek beren aztarna utzi dute, eta paisaian bistan ditugu hainbta lekutan meatze-hondarrak.[2]

2023ko martxoaren 17an Abanto-Zierbenako Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoan Bizkaiko meatzaritzaren historian emakumeak izandako protagonismoa omendu zuten plaka batekin eta "Burdinezko emakumeak: historia eta memoria" proiektuarekin.[3] [4]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeak gurasoekin, nebekin edo senarrarekin etortzen ziren, bakarrik gutxi heltzen ziren. Hainbat herritatik etorri ziren: Gaztela, León, Galizia… Gizonezko gehiago izaten ziren, esaterako, 1900. urtean Trapagaranen emakume bakoitzeko 2, 6 gizonezko zegoen. Gizonezkoek lana zuten, baina meatzari soldata horrekin nekez haz zitekeen familia, ugaria baitzen. Orokorrean gizonezko zein emakumezkoek ezer gutxi zuten. [1]

1903ko Erreforma Institutuaren arabera, gizonezko meatzariek soldataren %22 alkoholetan, Tabernan, kartetan, tabakotan gastatzen zuten. Arropa eta oinetakoak erosteko orduan gizonezkoentzat baino ez ziren.[1]

Emakumeen lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzaritzan emakumeen lanak egon dira: saskiak kargatu, mea klasifikatu eta garbitu, dinamita kartutxoak egin… Soldata txikienak jasotzen zituzten. Gehienetan emakumeen soldata gizonezkoen erdira ere ez zen heltzen, mutiko pintxeen soldata baino txikiagoa izaten zen. Batez ere alargunek edo gizonak gaixo zituzten emakumeek lan egiten zuten.[1]

Etxean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrerapenik gabeko sasoi hartako emakumeen lanak ugariak eta gogorrak ziren. Goizean goiz hasten zen eguna. Meatzarien adarrak jo baino lehen sua piztu, egur eta ur bila joan… Ohikoa zen emakumeak, haurdun egonda ere, karga handia eramaten ikustea.

Familiaz gain (andra-gizonak, haien aita edo osabaren bat, eta 4 seme-alaba gutxienez), ohikoa zen bakarrik joandako gizonezko gazteen ostatua ematea. 1900. urtean San Salvador del Vallen gizonezkoen %60 baino gehiago meatzarien etxeetan zeuden apopilo, meatzarien emazteek edo alargunek zainduta. Apopiloei, hileko 10 bat pezetaren truke, ohea, garbitasuna eta janaria maten zieten. Bestelako lanak ere egiten zituzten emakumeek: arropa konponketak, ume eta andrazkoen arropak josi, tarterak otzaretan eraman etxeko gizon guztiei eguerdian, barrakoiak garbitu edo area batu (garbitasunerako beharrezkoa zuten, jaboirik ez baitzegoen), baita inoren umeari titia ematen zioten añak ere.[1]

Burdinezko emakumeak: historia eta memoria proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdinezko emakumeak: historia eta memoria izeneko proiektuaren barruan 2023ko martxoaren 17an Abanto-Zierbenako Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoan Bizkaiko meatzaritzaren historian emakumeak izandako protagonismoa omendu zuten plaka eta erakusketa jarrita. Erakusketa hori ibiltaria izango da, meatzaldeko herrietan zehar ikusteko aukera izango baita. Ekimen horrek Historian doktorea den Pilar Pérez Fuentesen laguntza du. Pilar Pérez Fuentes historialariaren hitzetan,

"Burdinezko emakumeak: historia eta memoria" izeneko proiektu horretarako herriko boluntarioek sortutako eta osatutako Meatzaritzaren Museoaren (argazki-artxiboak eta objektuak) eta AHOAren (ondare immaterialaren artxiboa, erakusketan garai hartan bizi izan ziren azken pertsonei egindako elkarrizketen audioak ere egongo baitira) laguntza jaso da.


Plaka erakutsi zuen Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak zera adierazi zuen:

Bizkaiko meatzaritzaren historian eta gure Lurralde Historikoko langileen eta sindikatuen mobimentuaren sorreran emakumeen errealitatea ezkutuan egon da eta gizonen ihistoria epikoa kontatu digute eta kontatzen diogu elkarri. Gizonak dira protagonistak meategietan lanean; gizon protagonistak sindikatuetan, alderdietan, udaletan, meategien jabe ziren enpresetan; grebak geldiarazteko heldu ziren armadetan, gizonak gobernu zibiletan eta gobernu militarretan, gizonak, gizonak, beti gizonak. Eta, bai, halaxe izan zen. Baina ez gizonak bakarrik. Epika eta aldaketa historikoaren hamarkada haietako protagonistak ez ziren bakarrik gizonak izan.

Isilean egon den hori guztia zabaldu behar da eta hori da itsasadarrean itsasontziak indarrez atoian zeramatzaten zirgarien irudiagaz egin dana Bilbon multzo eskultoriko bat eskainiz. Zirgariak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emoten dituen berdintasun-sarien protagonista dira urtero. Esangura horretan, burdinezko emakumeak meategietan lan egin zuten, nahiz eta gutxi izan; baina eurek zabaldu zituzten etxeak, personentzat baino gehiago animalientzat pentsatuta zeuden etxeak eman arren.

Omenaldi hau burdinezko emakume haiei egiten zaie. Burdinazkoak ziren, burdinaren meatzaritzeak markatutako lur batean bizi, sufritu eta hil baitziren. Eta burdinazkoak, aldi berean, emakume indartsu burrukalariak izan baitziren, mineral hori bezain gogorrak.[3]

Aintzatespena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2023ko martxoaren 17an Abanto-Zierbenako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan Bizkaiko meatzaritzaren historian emakumeak izandako protagonismoa omendu zuten plaka bat jarrita.[4]
  • "Burdinezko emakumeak: historia eta memoria" erakusketa ibiltaria meatzalde herrietan ibili ondoren Euskal Herriko Meatzaritzaren museoan geldituko da.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Benito, Carlos. (2023-03-16). «Las 'mujeres de hierro' que sostenían la minería de Bizkaia» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  2. r01e00000ff26d465bca470b813ace4356db5b18d, r01e00000ff26d466e5a470b846c631a5069e1f90. (2020-06-16). «Bizkaiko meatze-paisaiaren karakterizazioa eta balorazioa Sopuerta eta Galdames» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  3. a b c «Bizkaiko meatzaritzearen historian emakumeek izandako protagonismoa omendu dabe» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  4. a b (Gaztelaniaz) Zunzunegi, Emilio. (2023-03-17). «El Museo Minero ensalza a las fuertes y olvidadas ‘Mujeres de hierro’» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]