Carmen Cascante

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carmen Cascante
Bizitza
JaiotzaAbaigar1885eko irailaren 13a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaMadril1982ko ekainaren 10a (96 urte)
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Carmen Cascante Fernández (Abaigar, Nafarroa Garaia, 1885eko irailaren 13aMadril, 1982ko ekainaren 10a) maistra izan zen.[1]Irakasle berritzailea. Ikasleen artean literatura eta antzerkia ere sustatzen saiatu zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan jaio zen, Abaigar herrian, familia apal batean hazi zen. Valentín Cascante Arayaren alaba zen, Iruñeko denda txiki bateko langilea. Hiri horretan bertan eman zuen Carmenek haurtzaroa. 1905 eta 1907 bitartean, maistraren oinarrizko maila ikasi zuen Nafarroako Eskola Normal femeninoan, eta ohorezko matrikula eta aparteko saria jaso zituen amaieran. Ondoren, Zaragozako Eskola Normalean hasi zituen goi-mailako irakasle ikasketak, eta nota altuenarekin lortu zuen goi-mailako irakasle titulua. Goi-mailako maistra ikasketak amaitu eta gero, espediente bikainarekin, doako laguntzaile gisa aritu zen Nafarroako Eskola Normal femeninoan 1910eko martxotik ekainera bitartean. Urte horretako urrian Magisteritza Goi Eskolan sartu zen eta Madrilera joan zen.[1]

Jatorri apala zuenez, hiriburuan klase partikularrak ematen jarraitu behar izan zuen gastuei aurre egiteko, eta ikasle pobreentzako Ministerioaren bekaren bat ere jaso zuen. Egoera kaskarrak, ordea, are gehiago motibatu zuen Eskola Normaleko irakasle bihurtzeko helburuan. Horrela, bada, ikasketak Magisteritza Goi Eskolan amaitu zituen, letren sailean, 1910-1913 promozioko laugarren zenbakiarekin. 1913ko urrian plaza lortu zuen Balearretako Eskola Normal femeninoko irakasle numerario gisa.

Handik egun gutxira, Ikasketak Zabaltzeko Batzordeak beka bat eman zion Belgikan eta Frantzian hezkuntza-erakundeak bisitatzeko. Rosa Roig Balear Uharteetako Eskola Normaleko ikaskide batekin egin zuen bidaia. 1914ko irailaren 28an, Balearretako Eskola Normal femeninoaren Gramatika eta Literaturako irakasle izendatu zuten. Carmen Cascantek karrera profesional luzeari hasiera eman zion Mallorcan. Penintsulako beste irakasle askok ez bezala, ez zuen inoiz destino-aldaketarik eskatu.

Mallorcar batekin ezkonduta, karrera profesionala Uhartean igaro zuen, eta irakasle miretsia eta errespetatua bihurtu zen. Irakasle gisa, Carmen Cascante beti saiatu zen berritzen. Goi Mailako Ikasketen Eskolan hezia, prestakuntza eta bokazio handiko maistren belaunaldi horretakoa izan zen, ideia berritzaileek eta Irakaskuntza Erakunde Askearen (ILE) pentsamenduak eraginda. Cascantek, gainera, interes handia erakutsi zuen hizkuntzaren eta literaturaren irakaskuntza berritzeaz gain, ikasleen artean literatura eta antzerkia sustatzen ere.

Balearretan bizi zen arren, udaro itzultzen zen bere jaioterrira, Abaigarrera. Udaldian ere ez zen geldi egoten, besteak beste, tokiko geografiari buruzko datuak biltzen saiatzen zen, horrela, 1912an karrera amaiera lan bat burutu zuen Abaigar: Monografia geografica izenekoa.[2]

1955ean jubilatu zen eta omenaldia egin zioten. Madrilen hil zen 97 urte zituela.[2]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Abaigar: Monografia geografica «Revista de Geografía Colonial y Mercantil» 9. zenbakia.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]