Casablanca (filma)

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:42, 16 apirila 2015

Casablanca 1942ko estatubatuar drama filma bat da, Michael Curtizek zuzendua eta Humphrey Bogart Rick Blaine paperean eta Ingrid Bergman Ilsa Lund paperean dituela. 1943an film onenaren Oscar saria erdietsi zuen.

Bigarren Mundu Gerran Vichyko Frantziak kontrolatutako Casablanca hirian kokatuta, filmak Ricken barneko gatazka kontatzen du. Izan ere, pertsonai baten hitzetan, maitasuna ala bertutearen artean erabaki behar du Rickek: Ilsarekiko maitasuna ala bera eta bere senarra, erresistentziako burua, Casablancatik alde egiten nazien kontrako borrokan jarraitu ahal izaten laguntzearen artean alegia.

Maila goreneko aktoreak eta idazleak izan arren, inork ez zuen espero filma apatekoa izango zela. Nahiz eta plazaratzekoan arrakasta epela lortu, denborak aurrera egin ahala ospe handiagoa irabazten joan da. Egun, eskuarki, kritikak film handienetako zerrendetan goiko postuetan kokatzen du. Bogart eta Bergmanen lanak, bien arteko kimika, pertsonaien sakontasuna, zuzendariaren zein gidoilarien lana eta, filmaren eragin orokorra goraipatzen dira oro har.

Bitxikeri gisa, filma honetako talde-teknikoa eta aktore-multzoa osatu zuten askok ondorengo 1944ko Passage to Marseille filman parte hartu zuten.

Argumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Bigarren Mundu Gerra (1939-1945), Marokoko Casablanca hiria Europan nagusi zen nazismotik ihesi zihoan jende ugariren helmuga zen: hara iristea erraza zen, ateratzea ezinezkoa, bereziki norberaren izena Gestaporen zerrendan ipinia bazegoen. Honako honetan, alemaniar polizia sekretuaren helburua txekiar erresistentziako Victor Laszlo (Paul Henreid) ekintzailea atzematea da, haren ihes egiteko itxaropen bakarra Rick Blaine (Humphrey Bogart) estatubatuarra delarik, Rick’s Café kafetegiko izaera zinikoa duen jabea eta Laszloren emaztea Ilsaren (Ingrid Bergman) antzinako mutilaguna. Ilsak Laszlok herrialdea uzteko pasaportearen truk herrialde hartan gelditzeko eskeintza egitean, Rickek bere zoriona edota antzinako bere bizitzako ardatz nagusia zen idealismoaren artean hautatu beharko du.

Aktoreak

Musika

Filmaren soinu banda Max Steiner musikagileak konposatu zuen. Bestalde, 1931an Herman Hupfeld musikagileak antzerkilan baterako konposatu zuen eta filma honen ikur bilakatu zen As Time Goes By ("Denbora Badoan Biartean") abestiak bi protagonisten arteko maitasuna nahiz denboraren igarotze geldiezina ongi adierazten ditu. Bestalde kafetegiko eszena batean Marseillesa ("Marseillarra") frantziar ereserkia eta Horst Wessel Lied ("Horst Wessel-en Abestia"" alemaniar abestia ere entzun daitezke.

Filman Sam pianojoleak abesten duen As Time Goes By zatirik ezagunenak honela dio:

« You must remember this
A kiss is just a kiss, a sigh is just a sigh.
The fundamental things apply
As time goes by.


Honako hau oroitu behar dun(k)
muxu bat muxu bat bakarrik dela, hasperena-hasperen
Denbora badoan bitartean
Funtsezko gauzak gertatzen direla.
»

Sariak

Filma honek zortzi Oscar Sarietarako izendapena jaso zuen, azkenean hiru irabaziz: Film onenaren Oscar Saria, Zuzendari onenaren Oscar Saria (Michael Curtiz) eta Egokitutako gidoi onenaren Oscar Saria (Julius J. Epstein, Philip G. Epstein eta Howard Koch).

Iruditegia

Ikus gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Casablanca (filma) Aldatu lotura Wikidatan