Dune (1984ko filma)

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:56, 22 urtarrila 2016

Dune David Lynch estatubatuar zinema zuzendariaren 1984ko zientzia-fikziozko film bat da. 1965ean Frank Herbert idazleak argitaratutako izen bereko Dune eleberrian oinarritua dago.

Estreinatu zen garaian ez zuen ikusle eta kritikarien aldetik beste munduko harrerarik izan, gainera berez David Lynch zuzedariak Frank Herbet idazlearen eleberriko istorio korapilatsua ahal zen ongien zinemaratu nahi zuenez hasiera batean 8 orduko luzemetraia filmatu zuen, zeina ondoren 5 ordutara laburtu zuen; halere Dino de Laurentiis ekoizle ospetsuak eta bere alaba eta film honetako ekoizlea zen Raffaella De Laurentisek filma oraindik gehiago laburtzera behartu zutenez, azkenik filma 140 minututan gelditu zen. Ondorioz, Lynchek bere jatorrizko filma oso laburtua ikusi eta ekoizleen jokamoldea asko gustatu ez zaitzaionez, film honetatik aurrera David Lynch zuzendariak ekoizle ospetsu eta garrantzitsuekin berriz lan egiteari uko egin zion.

Hasiera batean, 1970eko hamarkadan, Arthur P. Jacobs estatubatuar ekoizlea eta Alejandro Jodorowsky txiletar zinema zuzendaria eleberria zinemaratzekotan izan ziren, egokitzapenerako Jodorowskyk Orson Welles, Salvador Dalí, Chris Foss, Pink Floyd eta H. R. Giger artisten elkarlanaz baliatzea gogoan zuelari, halere azkenean ekoizlea proiektua laga eta eleberriak zinemaratzeko aurkezten zituen zailatsunak zirela eta, Jodorowskyren proiektuak bere hartan gelditu zen. Azkenik, 1980ko hamarkadan David Lynchek eleberria zinemaratzeko proiektua berreskuratu zuen arte.

Filma honetan beste askoren artean honako aktore hauek antzeztu zuten: Kyle MacLachlan, Francesca Annis, Everett McGill, Sting, Max von Sydow, Kenneth McMillan, Jürgen Prochnow, Jose Ferrer, Siân Phillips, Virginia Madsen, Alicia Witt eta Sean Young.

Argumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Galaxiako enperadoreak (José Ferrer) Arrakis edo Dune planetaren espezie ustiaketez nagusitzeko Atreides etxeko Leto Atreides dukea (Jürgen Prochnow), haren andrea den Jessica anderea (Francesca Annis), Paul semea (Kyle MacLachlan) eta Atreidesen gudarostea hara bidalaraziko ditu. Espezie galaxia osoko elementurik garrantzitsuena da, droga ahaltsu bat izateaz gain espazioan zehar bidaiak burutzeko elementu garrantzitsua ere bada. Atreides etxekoek Dune planetako ustiaketak konkistatzen dituzten bitartean, enperadoreak Harkonnen etxeko baroia (Kenneth McMillan) eta bere bi hilobei ere (Paul Smith eta Sting) Dune planetara joan eta Atreides etxeko indarrak suntsitzeko agindua luzatuko die.

Harkonen dukeak eta bere gudarosteak Dune planeta ustekabean erasotu, Atreides etxeko gudarostea garaitu, Atreides dukea bera hiltzea lortu, eta haren andrea Jessica eta Paul semeak ozta-ozta basamortura ihes egitea lortuko dute. Basamortuan ama-semeek planeta hartako Fremen herri misteriotsuko kide begiurdinekin elkartuko dira. Honela Paulek bere aitaren heriotza mendekatu eta Harkonen familia eta enperadorea bera garaitzeko bideari ekingo dio. Bien bitartean, Paul gaztea profezia baten arabera noizbait iritsiko den mesia edo Muad'Dib delakoa dela agertuko da.

Pertsonaiak

Kanpo loturak