Pink Floyd

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pink Floyd
Goialdean: Roger Waters eta David Gilmour.Behealdean: Abajo: Nick Mason eta Richard Wright.
Datuak
Jatorria London (Erresuma Batua)
Musika mota Rock
Urteak 1964 - gaur egun
Diskoetxeak Capitol, Columbia, EMI
Webgunea http://www.pinkfloyd.co.uk
Taldekideak
David Gilmour
Richard Wright
Nick Mason
Lehenagoko taldekideak
Roger Waters
Syd Barrett

Pink Floyd musika talde britainiarra da, 1960 eta 1970ko hamarkadetako itzal handikoenetariko bat. Bere musika estiloak, oso abangoardista, hasierako kutsu psikodelikotik rock sinfoniko eta espazialera bilakaera izan zuen, lan batzuetan rock konbentzionalagoa agertzen bada ere. Bere The Dark Side of the Moon albuma (1973) urte askotan salduenetariko bat izan da mundu osoan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea Londresen jaio zen 1964an, lehenengo partaideak Syd Barrett (kitarra), Richard Wright (teklatuak), Roger Waters (baxua) eta Nick Mason (bateria) izanik. 1966 eta 1968ren artean bere ibilbide musikalaren lehenengo bi diskoak plazaratu zituzten: The Piper at the Gates of Dawn eta A Saucerful of Secrets, estilo psikodelikoa eta underground nagusi dutenak. Garai hartan zuzeneko emanaldietan oso giro berezia sortzen zuten jadanik, ikus-efektu liluragarriak eta baliabide tekniko txundigarriak (light-show) erabiliz, denboraren poderioz sofistikatuko dituztenak. Syd Barrett taldearen liderra da hasierako urteetan, musika eta hitzen egilea lan gehienetan.

Baina LSD-rekin zituen arazoak direla eta, Barrett-ek buruko osasuna galtzen du, 1968.urtean bere lekua David Gilmour-i utziz. Taldea fase berri batean sartzen da orduan, Roger Waters-en lidertzapean, psikodelismotik rock sinfoniko eta esperimentalagoruntz aldatuz. Hurrengo lana, Ummagumma (1969) aldaketa horren adierazle garbia da.

1969 eta 1972ren artean Pink Floyd-ek gogor lan egiten du, Europa eta Amerikan zehar hamaika emanaldi eskainiz, 5 LP argitaratuz eta hainbat pelikulen soinu-banda eginez (More, Oscured By Clouds...). Urte horietan taldeak bere musika estiloa sendotzen du, rock sinfoniko-espaziala, urteetako saio eta soinu esperimentuak burutu ostean, Ummagumma (1969) eta Atom Heart Mother (1970) lanetan somatu ahal direnak.

Meddle (1971) eboluzio horren gailurra da. Diskoaren gai nagusia, Echoes, taldearen lanik gorena da, ordura arte bandak grabatu duen piezarik onena, akaso. Album hau mugarria izanen da Pink Floyd-en historian, eta hurrengo lanetarako joera markatuko du (The Dark Side of the Moon, Wish you were here...)

1972. urtean, Adrian Maben-en zuzendaritzapean, laukoteak Pink Floyd Live At Pompeii pelikula egiten du, Vesubiok estalitako erromatar hiri zaharrean. Ummagumma eta Meddle-ren lanak, besteak beste, antzinako anfiteatro batean interpretatzen dira. Pelikula honek filmazioaren inguru klasikoa musika abangoardista batekin biziki ongi elkartzen du, atmosfera onirikoa eta liluragarria sortuz, ikuslea sorgintzen duena.

The Dark Side of the Moon-ek (1973) ospea ez ezik, sormenaren gailurra ere adierazten du. Diskoak salmenta arrakasta (25 milioi ale salduta) eta musika kalitatea batzen du, oso ohikoa ez dena. Alan Parsons soinu ingeniaria barne, The Dark Side of the Moon iraultza teknikoa eta soinuduna izan zen; horrek, musika gaien xarmarekin batera, britainiar taldearen lan onenetariko bat bihurtzen du diskoa.

Hurrengo LPraino (Wish you were here, 1975) bi urte pasako dira. Disko honek aurreko lanen kutsu sinfoniko eta elektronikoari eusten dio, baina giro espazial lasaigarri batekin, esperimentazioari muga gehiago jarriz. The Dark Side of the Moon-ez geroztik taldea ospetsu bihurtu da mundu osoan, eta hortik aurrera emanaldiak eta lan berriak gutxitzen dira, sorkuntza lanari denbora gehiago eskainiz.

Animals LPak(1977) aurrekoak baino askoz ere tonu gogorragoa izan zuen, batez ere Waters jada taldearen lidergo osoa hartzen hasi zelako. Lan honetan, gizakia hiru animaliatan banatzen dute George Orwell-ek Animal Farm liburuan egin zuen antzera: kasu honetan, Waters-ek txakur, txerri eta arditan zatitzen du gizateria, bakoitza bere ezaugarriekin. Animalia bakoitzari abesti bat dagokio (denak 8 minututik gorakoak, Dogs izanik luzeena), eta hasi eta bukatzeko balada kutsuko kanta labur akustiko bana, Watersek bere garaiko neska lagunari idatzitakoak omen direnak. LP honek ez zuen aurreko biek beste arrakasta izan, baina talde britainiarraren jarraitzaileek euren lanik garrantzitsuenetakoa bezala hartzen dute, bai eta Rock Progresibotik hurbilen dagoenetariko bat moduan ere. Richard Wright teklatu joleak apenas izan zuen zer esanik albun honetan, jada liderra oso zehaztuta baitzegoen.

Ondoren, The Wall albuma iristen da (1979), eta bertan Waters-en lidergoa erabatekoa da. Disko hau taldearen salduenetakoa izan da, eta zinemara eraman zuten hiru urte geroago. Diskoa egiterakoan Waters eta gainontzeko taldekideen artean lehenengo liskarrak agertzen dira, lehenengoaren sormen gaitasunak (diskoa ia berak bakarrik egina da) beste partaideak baztertzen baititu. Diskoaren grabazioan zehar Waters-ek Wright taldetik baztertu bazuen ere, ondorengo mundu biran parte hartu ahal izan zuen, nahiz eta ordainduriko musikari bezala agertu zen, taldearen muinetik at.

The final Cut (1983) Pink Floyd-en azken lan amankomuna da, nahiz eta Michael Kamen-ek Wright-en tokia hartu zuen. Gero, taldearen partaideak banantzen dira eta taldearen izena bereganatzeko borroka legalari ekiten diote. Borroka horren protagonistak Roger Waters eta David Gilmour dira: Roger-ek taldearen amaiera nahi du ("Talde mitiko bati amaiera duina emateko"), baina David-ek beste partaideekin batera Pink Floyden ibilbidea luzatu nahi du. Waters-ek taldea utziko du, eta epaitegiko borroka luzea Gilmour eta Masonen alde bukatuko da, Pink Floyd izenaren gaineko eskubideak azken hauek lortuz.

Indarberrituta, Pink Floyd berriak munduko bira bat hasi -azken 6 urteetako lehena- eta album berri bat argitaratzen du 1987an, A Momentary Lapse of Reason, Wright berriz ere taldera ekarri ondoren. Waters gabeko lehen album honek iritzi kontrajarriak eragiten ditu: jarraitzaile askoren ustez taldeak bere betiko estiloari bikain eusten dio lider zaharrarik gabe, baina kritikoek faltan somatzen dute ihes egindakoa, talde berriari etorkizun iluna iragarriz. Nolanahi ere, herrialde askotan diskoak salmenta markak apurtzen ditu, eta gauza bera egingo du ere hurrengo diskoak, orain arte taldeak atera duen azkenak (The Division Bell, 1994).

Azken urteotan Pink Floyd-ek ez du lan berririk sortu, eta -ofizialki bizirik jarraitzen badu ere- emanaldi urri batzuetatik aparte bere jarduera publikoa hutsaren hurrengoa da. Banandu ziren egunetik milaka zurrumurru egon baziren ere lau kideak berriz elkartuko zirela esaten zutenak, 2005eko Uztailaren 2an ikusi ahal izan ziren laurak elkarrekin taula gainean. Pobreziaren aurkako Live 8 ekitaldien barnean, Londoneko Hyde Parken lau abestiko emanaldi bat eskaini zuten.

Taldeak kontzertu bakarra eman du Euskal Herrian, 1994an, Donostiako Anoeta estadioan.

XX. mendearen azken hamarkadetan musika arloari -eta orokorrean mendebaldeko kulturari- Pink Floyd-ek egion dion ekarpena egundokoa izan da. Bere azken lanetan ekarpen hori urriagoa izanik ere (aspalditik galdu baitzuen esperimentazio elektronikoarekiko zeukan grina hura) Pink Floyd-ek ondo eusten dio bere xarma magikoari, bere musika entzutea -zaharra zein berria- esperientzia liluragarria izaten jarraitzen baitu.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estudioko diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinu bandak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzeneko diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tonite Let's all make Love in London (1967)
  • Ummagumma (1969, vivo y estudio)
  • Delicate Sound of Thunder (1988)
  • P*U*L*S*E (1995)
  • Is There Anybody Out There? The Wall Live 1980-1981 (2000)

Bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Relics (1971)
  • A Nice Pair (1973)
  • Masters of Rock (1974)
  • A Collection of Great Dance Songs (1981)
  • Works (1983)
  • Shine On (1992, Box Set)
  • The Early Singles (1992)
  • Echoes: The Best of Pink Floyd (2001)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pink Floyd Aldatu lotura Wikidatan