El Fuerista

Wikipedia, Entziklopedia askea
El Fuerista
MotaEgunkari orokorra
Fitxa teknikoa
Hizkuntzagaztelania
Argitaratze lekuaDonostia
KoloreaZuri-beltza
Banaketa
Banatze-eremua Gipuzkoa
MaiztasunaEgunero
Salneurria5 zentimo
Historia
Ideologiaintegrismoa, foruzaletasuna, euskal nazionalismoa

El Fuerista, Donostian XIX. mendearen bukaeran argitaratu zen egunkaria da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Fuerista Donostian argitaratu zen 1888ko urtarrilaren 19tik 1898ko maiatzaren 10era. Egunkari katolikoa eta Alderdi Integristaren bozeramailea izan zen Gipuzkoan. Integristak karlismoaren disidenteak ziren, Ramón Nocedalen jarraitzaileak, Madrileko El Siglo Futuro egunkariaren zuzendaria.

El Fueristaren orrialdeetan, partidu integristak Gipuzkoan izan zuen bilakaera isladatzen da.

Goizez eta egunero kaleratzen zen, jai egunen ondorengo egunetan izan ezik.

Eusebio Lopez izan zen lehenengo zuzendaria eta Lopezen inprentan egon zen hasieran egunkariaren egoitza, Donostiako Peñaflorida kaleko 6. zenbakian. 1889an San Marzial kalera aldatu zen eta 1901tik aurrera Loiola kalean egon zen.

Eusebio Lopez sei hilabete egon zen zuzendaritzan eta jarraian Manuel Sánchez Asensiok hartu zuen zuzendari kargua.[1]

1890etik aurrera Pedro Grijalba izan zen zuzendaria.[2] Azkenengo urtetan, berriz, 1897tik aurrera egunkariaren norabidea aldatzen hasi zen. Anizeto Rezola, zuzendari berria eta Engrazio Arantzadi kolaboratzailea izan ziren aldaketaren protagonistak. Integrismotik urrundu eta euskal nazionalismora hurbiltzen hasiko ziren. Azkenik, 1898an egunkariaren orientazioa erabat aldatu zen, integrismoa baztertu eta bere burua nazionalista proklamatuko zuen.[3]

Epe laburreko aldaketa izan zen, handik hilabetera egunkariak azken zenbakia iragarri zuen[4] , eta partidu integristak La Constancia izeneko egunkari berria sortu zuen.

Kolaboratzaileen artean, besteak beste, Federico Sardá y Salvany, Vicente Monzón y Lardizabal, Engrazio Arantzadi, A. Darrá, Juan Urbieta, Liberio Ramery, Kaietano Sánchez Irure azaltzen dira.

Egunkariak lau orrialde zituen eta eguneko alearen prezioa 5 zentimo zen. Ale atzeratuak berriz, 10 zentimotan saltzen ziren.

Egunkariaren bildumari dagokionez, guztira 3.048 zenbaki argitaratu ziren.Donostiako Liburutegi Nagusian zenbaki guztiak gorde dira eta bilduma osoa digitalizatu eta publikoaren eskura[Betiko hautsitako esteka] jarri da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. El Fuerista 118. zenbakia, 1888.06.12,2. orrialdea
  2. El Fuerista 614. zenbakia, 1890.02.07 2. orrialdea.
  3. El Fuerista 3.023. zenbakia, 1898.04.10
  4. El Fuerista 3.048 zenbakia, 1898.05.15 "A nuestros amigos" 1. orrialdea

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Arantxa Arzamendi: «Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936». Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 38. urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina.
  • (Gaztelaniaz) Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]