Emakumeen aurkako indarkeria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen: burka altxatzeagatik emakumeak jipoitzen.

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeari emakume izateagatik egindako indarkeria da. Zehatzago, sexu-bereizkerian oinarritzen den eta emakumea helburu duen edozein indarkeria ekintza da, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragiten diena edo eragin diezaiekeena, baita halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsadura edo askatasun-kentze arbitrarioa ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuak.[1] Giza eskubideen aurkako zuzeneko erasoa izateaz gainera, emakumeari ondorio fisiko nahiz psikologiko larriak ekartzen dizkio. Emakumeen aurkako indarkeriak indarkeria fisiko zuzenaz gainera (adibidez, kolpe, jipoi, labankada nahiz itotzeak, unekoak nahiz modu jarraituan, tortura gisa), ondorio fisiko zuzenak ez dituzten indarkeria modu psikologikoak ere biltzen ditu (irainak, mesprezuak, mehatxuak, emakumearen beraren nahiz pertsona maitatuen aurkakoak, emakumearenak diren objektuen lapurreta edo txikizioa, familiarrak eta lagunak ikustea debekatu nahiz mugatzea, xantaiak); maiz, emakumearen aurkako indarkeriak sexu-osagaia du (bortxaketak eta bestelako sexu abusuak). Nolanahi ere, emakumeen aurkako indarkeria tratu txar fisiko, psikologiko nahiz sexuala batera gertatzen dira askotan. Beste alde batetik, emakume izatera heldu gabe, neskatxa nahiz sexu femeninoko haurrei bere kondizioa dela eta egindako indarkeria ekintzak ere emakumeen aurkako indarkeriatzat jotzen dira.

Emakumeen aurkako indarkeria genero-bereizkeria edo emakumearen gutxiespena instituzionalizatuta egoten den eremuetan gertatu ohi da: etxean (etxeko indarkeria), bikote-harremanetan nahiz gizarte eta kultura instituzioetan (derrigorrezko ezkontzak, sexu esklabotza, mutilazio genitalak, lapidazioak). Emakume izateagatik edo emakumearen gizarte-eredu bati jarraitzeagatik, norbere buruaren aurka egiten dituen ekintzak (adibidez, suizidioak eta argaltzeko dieta kaltegarriak) eta jarrerak ere (autoestimu eskasa) emakumeen aurkako indarkeria dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nazio Batuen Erakundeko Batzorde Orokorrak onartutako Emakumeen aurkako indarkeriaren desagerpenerako adierazpena dokumentuko 1. artikuluan oinarrituriko definizioa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emakumeen aurkako indarkeria Aldatu lotura Wikidatan