Matxismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Matxismoa gizarte harremanetan gizonaren nagusikeria adierazten duten jarreren multzoa edo sexismoa da, aldi berean emakumeak gutxietsiz. Jokabide hori ohartuki edo kulturaz zein hezibidez ikasita oharkabean gerta daiteke, eta gizonek praktikatu ohi dute, baina emakumeen jokabideei eragiten die, haiek ere jarrera matxistak hartzearen bidez.

Matxismoak generoen rol banaketa argi eta zurrun bat aldezten du, gizon eta emakume bereiziz, eta emakumeei emozionaltasuna, etxeko zaintza eta garbiketa lanak eta gizonen sexu gozamenaren ardura egotziz; gizonari, berriz, arrazionaltasuna, esfera publikoa eta irmotasuna, eta horregatik gizarte eta ekonomia abantaila batzuk aitortzen zaizkio.

Matxismoak lotura estua du mundu osoko kultura patriarkalekin; izan ere, oso kultura gutxik gorde dute emakumeen berdintasun estatusa, eta matxismoak askotariko formak hartu ditu bertan. Dena den, herri eta gizarte batzuk askoz matxistagoak dira beste batzuk baino.

Matxismoaren adibide bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko leku askotan, matxismoa ohitura bihurtu zen mende luzeetan. Gizarte harremanetan gizonaren papera eta emakumearena ondo azalduta daude behean, 1955ko aldizkari honetan. Garai horretan bai Europan bai Estatu Batuetan ohikoak ziren behean dauden argibideak:

« Izan ezazu afaria prestatuta. Aldez aurretik pentsatu ezazu, ahal bada bezperako gauean, egingo duzun menu gozoari buruz eta hura etortzen denean prest egongo da. Harengan zenbat pentsatu duzun eta haren beharrak zenbat ardura dizuten adierazteko modu bikaina da. Gizon gehienak gose dira etxera iristen direnean, eta otordu on bat izateko aukera, batez ere haien janari gogokoena bada, merezi duten harrera beroaren zatia da. (...).

Entzun iezaiozu. Baliteko zuk hari esateko hamaika gauza garrantzitsu izatea, baina etxera iritsi berri denean, ez da une egokia. Utzi lehenbizi gizonari hitz egiten, gogoratu haren elkarrizketa-gaiak zureak baino garrantzitsuagoak direla. (...).

Ez eskatu haren ekintzei buruzko argibiderik, eta ez itzazu haren iritziak edo erabakiak zalantzan jarri. Gogoratu, etxeko gizona da, eta etxeko gizona denez, bere borondatea zuzentasunez eta konfiantzaz gauzatzen du.

»
Housekeeping, 1955eko maiatza

Jokamolde matxistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, XXI. mendearen bigarren hamarkadan, oraindik ohikoa da arlo ugaritan emakumearen kontrako jokamoldeak topatzea, edota gizonari soilik abantaila jakin batzuk ematea. Jarraian dauden ataletan emakumea baztertu edo alboratzen dituzten zenbait jarrera eta neurri aipatuko dira.

Lege baztertzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza matxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoletan eta familian bertan gizartean onetsita dagoen kultura transmititzen da, sarritan, ezkutuko jokamolde matxistekin batera. Transmisio honek matxista gisa sailkatzen diren zenbait jokabide barneratu eta babestea dakar, belaunaldiz belaunaldi. Hala, gizonaren agintea onartzea, ezkontza ezinbestekotzat hartzea eta ugalketa ezinbesteko jarduera gisa ulertzea ekar dezake hezkuntzak. Honen adibide gisa iraganeko Europa jar dezakegu, izan ere, XX. mendera arte zientzietako unibertsitateetan ez zen emakumezkorik onartzen. Janzkeraz ere ezin gara ahantzi, XX. mendearen bigarren zatira arte emakumezkoek ezin baitzituzten galtzak jantzi eremu publikoetan.

Erlijio kristauan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliak zenbait adierazpen matxista dituela esan dezakegu, jarraian adibideak:

  • Ez duzu zure hurkoaren emaztea gutiziatuko, ezta haren etxea edo lurrak ere.
  • Ez duzu zure hurkoaren etxea gutiziatuko, ez duzu zure hurkoaren emaztea gutiziatuko, haren morroia, neskamea, idia eta astoa ere ez.

Aipatutako esaldietan gizonari hitz egiten zaiola ere nabarmendu behar da, hartzailea emakumea izatea ezinezkoa balitz bezala.

Bestalde, Bibliak emakumeak haien izena esan gabe izendatzen ditu, "Noeren emaztea", "Loten alabak", "Pedroren amaginarreba" kasuetan ikusten den moduan. Hala ere, emakumezkoen izenak ere ageri dira (Rut edo Esther, adibidez) eta beraz, ezin dugu aipatutakoa liburuak etengabe jarraitzen duen jarrera matxista gisa hartu. Itun Zaharrean zein Itun Berrian emakumezkoak diren beste hainbat pertsonaia arras garrantzitsu aurki ditzakegu, Noemi (Itun Zaharrean) edo Jesusen ama Maria eta Maria Magdalena (Itun Berrian).

Hala ere, izena aipatzea ekiditeko erabiltzen diren teknika horiek gizonezkoetan ere badira (ad. "zenturioi erromatarra", "10 lepradunak", etab.). Gainera, Itun Berrian sexu-berdintasunaren aldeko adierazpenak bezala defini daitezkeenak ere ageri dira, zazpigarren kapituluaren barnean dagoen San Pablo apostoluak korintiarrei idatzi zien bigarren eskutitzean kasu, zeinetan ondorengoa jartzen duen: Senarrak bete ditzala ezkontideen eginbeharrak bere emaztearekin batera, eta era berdinean, emazteak haren senarrarekin. Horrez gain, jarraian dagoena ere adierazten da: Emaztea ez da bere gorputzaren jabe, senarra baizik; senarra ere ez da bere gorputzaren jabe, emaztea baizik.

Esandakoak esanda, Bibliak berdintasunaren alde egiten duela irudituko zaigu, baina hori ez da hala. Izan ere, Itun Berrian matxistak diren aipu ugari ere badira. Aipu horietako bat Korinto 11:5-10 izango litzateke, non emakumea gizona bezalakoa dela adierazten den arren, gizonaren pareko eskubideak ez dituela jakin behar duela baieztatzen den. Timoteo 2:11-12 aipuetan ere emakumea azpiratzen duten esaldi garbiak daude, horren adibide: "Emakumeak isilik egoten ikas dezala. Ez baitut onartzen emakumeek irakastea ezta gizonaren gaineko agintea izatea ere, soilik isilik egotea baizik".

Erlijio kristauak argi eta garbi emakumea deabrutzat hartzen du Evaren bitartez, haien esanetan, emakume horren erruz sartu baitzen mundua bekatuan. Hala ere, gizateria konponbidearen bidean "Eva berria"-ri (Maria, Jaungoikoaren ama) esker jarri zela ere baieztatzen du. Esan behar da ordea, Eliza kristauak beti hartu duela emakumearen gorputza bekatuzko bezala, soilik emakume batek haren gorputzari uko egiten badio hartzen da Jaunaren sorkari eta ez gaizkia egiteko tresna gisa. Emakumea birjina, emaztea edo ama denean sinbolo bilakatzen da erlijio honen arabera. Birjina denean purutasunaren sinbolo neutrala da; emaztea denean menpekotasunaren sinbolo; ama denean pairamen eta sakrifizioarena.

Egungo Mendebaldeko gizartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX eta XXI. mendeko Mendebaldeko gizartearen ezaugarri matxista bat emakumeen objektibizazioa da, emakumea gizartean apaingarri lana egiten duen gizonen atseginerako objektu izatea, edertasun kanon batzuen arabera. Estatu Batuetan, Hollywoodeko zinema industriak pin-up neskaren arketipoa zabaldu zuen 1940 eta 1950eko hamarkadetan. 1968an, kultura horren kasu adierazgarri bat gertatu zen: Francine Gottfried Wall Streeten lan egiteko kontratatu zuten (AEBko New Yorken), gizonezkoz betetako mundu lehiakorra.[1]

Gottfried metrotik irteten zen lanera, baina luze gabe Wall Streeteko broker eta langileak hari geldirik begira geratzen hasi zitzaizkion, eta gorputz lerdeneko emakume bat Wall Streetera egunero lanera sartzen zela zabaldu zen. Ondorioz, hurrengo egunetan, ehunka eta gero milaka gizon izan zituen zain metrotik noiz aterako eta emakumea jazartzen, eskandalu bat izateraino. Gottfried etxetik lan egitera joan behar izan zen, eta aldizkarietako argazkietan modelo gisa agertzea eskaini zioten. Gottfriedek ez zion eskaintzari ezezkorik eman, baina emakumeak berehala galdu zuen gaurkotasun eta ospea.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Francine Gottfried: The Woman Who Stopped Wall Street Traffic - City Country Culture - Watch the full documentary» ARTE (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]