Eresbil
Eresbil musika-artxiboa da, 1974an euskal konpositoreen obra bildu, jaso eta zabaltzeko Errenterian (Gipuzkoa) sortu zena.
Errenteriako Andra Mari Abesbatza euskal musikagileen lanak zabaltzeko egiten den Musikaste jaialdia antolatzeaz arduratzen da, eta harena izan zen, hain zuzen, musika-artxibo bat sortzearen ekimena. Eresbilek, sortu zen une beretik hasita, garai guztietako euskal musikagileen partiturak bildu ditu. 1974ko irailean 300 musikagileren zerrenda osatu zuen, 1990an 1.162ra igo zen kopurua eta 1998an, jadanik 1.387 ziren Eresbilen izena emandako musikagileak.
Artxibo honek Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Medalla de Plata al Mérito en las Bellas Artes delakoa jaso zuen, 1990ean. Sabino Arana saria, Gizartea modalitatean, jaso zuen 1998an.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.