Eztabaida:Katalina Eleizegi

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orri hau Emakumeak wikiproiektuaren lan eremuan dago. Emakumeak wikiproiektua bere eremuan dauden euskarazko Wikipediako artikuluak hobetzeko talde ahalegina da. Parte hartu nahi baduzu, eman izena bertan.

Idazle bat / idazlea[aldatu iturburu kodea]

Barka, @Mgaraizabal, ez nator bat egin duzun zuzenketarekin: «euskal idazle bat izan zen» > «euskal idazlea izan zen». Azalpen luzetan sartu gabe, nire desadostasunaren argudioak Juan Garziak eman zituen, «Salba dezagun "Bat"» artikuluan (EIZIE). Gomendatzen dizut arretaz irakurtzea. Bertatik, zatiki hau nabarmendu nahi dizut:

«Jakina, jakina: “bertsolaria da” ere esamolde egokia da euskaraz, nork uka. Hemen argitzen ari garena, ordea, besterik da; alegia, “bertsolaria da” ez dela “es un versolari”ren ordaina (eta are gutxiago “bertsolaria dator” “viene un versolari”rena). Ez legoke esan beharrik, baina badirudi hortxe hasten zaizkigula interferentzia gaiztoak. Irudika dezadan buru-mekanismo galgarria: euskaraz “bertsolaria da” aitzakiarik gabea denez (eta bat erabili baino nahiago dugunez hil), zergatik ez eman antzeko zer guztiak horrelaxe? Bada, ez erdaraz bakarrik, baizik eta euskaraz ere berdin, ez dutelako gauza bera adierazten “bertsolari(a) da” (“es versolari”) eta “bertsolari bat da” (“es un versolari”) perpausek (“es el versolari” interpretazioa alde batera utziko dugu)».

Iruditzen zait Wikipedian pertsona bat definitzen ari garenean, sarrerako hitzetan, esaten ari garela nor den (adibidez, «aurkezle ezagun bat da», inolaz ere ez «*aurkezle ezaguna da»); zer den esatea (adibidez, «sukaldari izan da bost urtez»), jakina, beste gauza bat da.

Uste dut, beraz, «euskal idazle bat izan zen» nahitaezkoa dela, ez baita egia «euskal idazlea» izan zenik, beste asko baitira, berarekin batera, euskal idazle direnak. Gotzon 12:43, 10 apirila 2023 (CEST)[Erantzun]

(@Mgaraizabal: , @Gotzon:, ....): eztabaidaren mamian sartu gabe:
  • biografien estilo gidan datozeen adibideek "Karlos Arguiñano... gipuzkoar sukaldari, aktore eta enpresaburua da", "Estepan Urkiaga Basaraz, Lauaxeta ezizenez ezagunagoa... euskal idazlea eta kazetaria zen" forma darabilte.
  • Datu zehatzik ez badut ere, ausartzen naiz esatera biografia gehien-gehienetako forma "idazlea da" erakoa dela.
Horrela, artikulu honetan egin den aldaketa egokia dela uste dut, Euskarazko Wikipediaren koherentzia mantentzearen alde, artikulu guztiek, salbuespena egiteko arrazoi berezirik ez dagoenean, forma berdinak izan ditzaten.
Forma bat ala bestea erabiltzeak artikulu askori eragingo lieke (agian 30000 biografia baino gehiagoren sarrera esaldiari). Beraz, artikulu honen eztabaida orrian baino, Txokoan eztabaidatu beharko litzake.
Kontuan izan behar da, baina, milaka artikulutan aldaketa hori egitea ez dela batere erreza, ezin bait da bot batekin era sinplean egin. Ni neu beraz, eztabaida forma bat ala beste hobestea bada, bietako bat oker dagoela ez badago argi, orain harte gehien erabili dena hobestearen alde. -Lainobeltz (eztabaida) 17:10, 10 apirila 2023 (CEST)[Erantzun]
Mila esker argipenagatik, @Lainobeltz. Nik ere ez daukat daturik, baina bistan da Wikipedian biografien eta besteren definizioen hastapeneko esaldian nagusi dela ―nire ustez oker den― molde bat gabeko hori.
Ez nuke eztabaida edo, are eta gutxiago oraindik, aldakuntza orokor bat eragin nahi, inolaz ere. Zuk diozun bezala, baina, biografien estilo gidan adibideetan erakusten da molde hori, arauetan ez baita ―zoritxarrez, nire iritziz― horri buruz deus esaten.
Ohartzen naiz milaka biografia daudela horrela idatzita, eta oso nekeza litzatekeela den-denak aldatzea. Hori ulertu arren, baina, «Urlia politikari abertzalea da», «Berendia bizkaitar politikari sozialista eta abokatua da» edo «Sandia gipuzkoar igerilaria da» ez dira zuzenak.
Uste dut irtenbidea ez daitekeela izan dena ala ezer ez; ohi bezala, erdibideak daude, esate baterako, zuzen dauden bat-dun definizio guztiak aintzat hartu eta errespetatzea. Izan ere, gure Wikipedian definizio asko ditugu zuzen eginda, bat erabiliz: adibidez, taula periodikoko elementu guztien definizioa honela hasten da: «... elementu kimiko bat da»; edo, berdin, nekazaritza eta lorezaintzako tresna gehienak (aitzur, golde edo aizkora lekuko).
Horregatik eskatzen dut ongi dauden definizioak errespetatzea. Wikipediaren barne koherentzia pixka bat galtzea gaitz arinagoa iruditzen zait, eredu oker horretan betikotzea baino. Gotzon 19:47, 10 apirila 2023 (CEST)[Erantzun]
(@Mgaraizabal: , @Gotzon:: Eztabaida honek artikulu askori eragiten dienez, txokora daramat eritzi gehiagoren bila. -Lainobeltz (eztabaida) 23:10, 10 apirila 2023 (CEST)[Erantzun]
Mila esker, @Lainobeltz. Gotzon 10:11, 12 apirila 2023 (CEST)[Erantzun]