Florence Rochefort

Wikipedia, Entziklopedia askea
Florence Rochefort

Bizitza
JaiotzaSuresnes, 1958 (65/66 urte)
Herrialdea Frantzia
Hezkuntza
HeziketaUniversité Paris-Diderot
(1976 - 1987) doctorate in France (en) Itzuli
Tesi zuzendariaMichelle Perrot
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria eta ikertzailea
Enplegatzailea(k)CNRS  (2001 -

Florence Rochefort historialari frantses bat da. Frantziako feminismoen historian eta generoaren eta generoak erlijioarekin, laikotasunarekin eta sekularizazioarekin dituen harremanen historian espezializaturik dago. CNRS - Centre national de la recherche scientifique gobernu erakundearen chargée de recherche (ikerketa arduraduna) kategoriako ikertzailea da Groupe Sociétés, Religions, Laïcités laborategian (GRSL UMR 8582).[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Florence Rochefort Suresnes-en jaio zen[2] 1958an[3].

Rochefort mugimendu feministetan sartuta zegoen jada lizeoko ikaslea zenean. 1976an, Historia ikasten hasi zen Paris-Diderot Unibertsitatean (Paris 7). Urte haietan, Familia Plangintzan eta Abortuaren eta Antisorgailu Askeen aldeko Mugimenduan (MLAC - Mouvement pour la liberté de l'avortement et la contraception) jardun zuen. Paris 7 Unibertsitatea, garai hartan, berrikuntza pedagogikoa sustatzen zuen zentro bat zen, 1968an Sorbonan izan ziren irakasle disidenteek bultzatua. Bertan, Rochefortek emakumeen historia deskubritu zuen Michelle Perrot eta Arlette Frage irakasleei esker.[2] Laurence Klejman historialaria ezagutu eta harekin adiskidetu zen. Emakumeei buruzko irakas-unitate guztiak elkarrekin egiten zituzten, eta 1900. urteko emakume berriei buruzko master bat batera egitea erabaki zuten. Ondoren, Hirugarren Errepublikan Frantzian izan zen feminismoaren historiari buruzko DEA bat (Diplôme d'études approfondies - Goi mailako ikasketen diploma) egin zuten elkarrekin. Gai berari buruz tesia egin zuten, berriz ere elkarrekin, Michelle Perroten zuzendaritzapean, eta 1987ko abenduan defendatu zuten. 1989an 'Presses de la Fondation nationale des sciences politiques' (FNSP) unibertsitate-argitaletxeak tesia argitaratu zuen; argitaletxeak, baina, egileek Éditions des femmes-ekin kolaboratzea galdegin zuen, horretarako interesik ez bazuten ere. Tesia, L'Égalitè en marche. Le feminisme sous la Troisième République, Frantziako feminismoen historiari buruzko lehena izan zen 1970eko hamarkadan emakumeen historiaren ikerketa berritu zenetik.[2]

Gero, bigarren hezkuntzako irakaslea izan zen, eta liburuzain gisa lan egin zuen Parisko Marguerite-Durand liburutegian[4]; bitartean ez zion utzi feminismoei buruzko ikerketa lanak eta argitalpenak egiteari, ikertzaile independente gisa.

Clio. Histoire Femmes et Société (Clio, Femmes, genre, Histoire 2013tik aurrera) aldizkariaren partaidea da 1995ean sortu zenetik. EHESS (École des hautes études en sciences sociales) grande école-ko Histoire des femmes taldean ere parte hartu zuen, taldea desagertu arte.[2][5][6][7]

2001ean CNRSn sartu zen, laikotasunari eta sexuen arteko parekotasunari buruzko proiektu bat garatzeko. Bere ikerketetan XIX. eta XX. mendeetako mobilizazio feministen dimentsio erlijioso eta laikoa eta sekularizazioaren generoa aztertzen ditu.[2]

Emakumearen eta generoaren historiaren esparruaren garapena bultzatzen duten hainbat elkarte eta proiektutan parte hartu du. Clio aldizkariaren erredakzio-batzordean parte hartzeaz gain,[2] 2011tik 2016ra, emakumeei, sexuari eta generoari buruzko azterlanak garatzeko eta zabaltzeko xede duen Institut Émilie-du-Châtelet erakundeko buru izan zen.[2][8] Ondoren, lehendakarikide izan zen Île-de-France eskualdeko Genre, inégalités, discrimination interes nagusiko eremuan eta baita Paris hiriak ematen dituen Genero Ikasketen Sarietan.[2] Florence Rochefortek generoaren ikuspegi zientifikoa defendatzen du, "generoaren teoriari" buruzko polemiken aurka dagoena.[9] Bere ikuspuntua, bereziki, Laurie Laufer-ekin batera 2014an argitaratutako Qu 'est-ce que le genre? liburuan jasotzen da.[10]

2013tik, EHESSren Genero Masterreko programan feminismoen soziohistoriari buruzko mintegi bat zuzentu du, hasieran, Bibia Pavard-ekin eta Michelle Zancarini-Fournel-ekin, eta, gero, Michelle Zancarini-Fournelekin bakarrik.[11]

Ikerketa-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Florencia Rocheforten ikerketek bere baitan hartzen dituzte feminismo erlijiosoak, feminismoek sekularizazio-prozesuetan izan duten eginkizuna eta laikotasunaren eta kontserbadorismo erlijiosoen genero dimentsioa.

CNRSko ikerketa laborategian (GRSL Groupe Sociétés, Religions, Laïcités), laikotasunari buruzko azterlanetan generoaren ikuspegia baliatu zuen, gizarte-, politika- eta kultura-historiaren ikuspegitik. Jean Baubérot-ek proposatutako «itun laikoa» eta Carole Pateman-en «kontratu sexuala» kontzeptuetan oinarritutako «genero-ituna» kontzeptua sortu zuen. Kontzeptu hori 2007an zuzendu zuen Le pouvoir du genre. Laïcités et religions, 1905-2005[12] liburuaren hitzaurrean aurkeztu zuen. Geroago, generoaren, erlijioen eta sekularizazioaren arteko zeharkako ardatza garatu zuen bere laborategian; horrela, jarraipena eman zien Normes religieuses à l 'épreuve du genre solasaldian aurkeztu zituen gogoetei, 2012an Maria Eleonora Sannaren laguntzarekin argitaratutakoak.[13]

Feminismoen historiari buruzko lanak egiten segitu zuen, lan kolektiboetan ekarpen ugari eginez eta erreferentziazko hainbat lan argitaratuz. Nabarmentzekoak dira Photos, femmes, féminisme: Collection de la bibliothèque Marguerite Durand (1860-2010) erakusketaren katalogoa;[14] 2018ko Histoire mondiale des féminismes liburua, Que sais-je? bilduman, turkierara eta koreerara itzulia;[15] eta Ne Nous libérez pas on s'en charge. Une histoire des féminismes de 1789 à nos jours liburua, 2020an La Découverte argitaletxean Bibia Pavard-ekin eta Michelle Zancarini-Fournel-ekin batera argitaratua.[16] Azken liburu hori deskribatzeko, honela dio Cécile Daumas Libération egunkariko erredaktoreak artikulu batean: «kontakizun osasungarria, menderatze-modu guztien aurkako borroken arteko lotura erakusten duena eta genero-berdintasunaren aldeko borrokan ahaztutako figurak argitara ematen dituena».[17]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • L'Égalité en marche Le féminisme sous la Troisième République, Paris, Presses de la Fondation Nationale des Sciences Politiques / Des femmes, 1989. (Laurence Klejman-ekin batera)
  • Laicidad, feminismos y globalización Mexico, PUEG UNAM // PIEM Colmex, Cuadernos Simone de Beauvoir bilduma, 2011. (espainierara itzulitako artikulu antologia)
  • Les lois Veil Contraception 1974 IVG 1975, Paris, Armand Colin, U bilduma, 2012. (Bibia Pavard eta Michelle Zancarini-Fournel-ekin batera)
  • Ne nous libérez pas, on s’en charge. Une histoire des féminismes de 1789 à nos jours, Paris, La Découverte, 2020 (Bibia Pavard eta Michelle Zancarini-Fournel-ekin batera).

Sintesi-liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Collectif CLIO Histoire Femmes et Sociétés, Les mots de l'histoire des femmes, Toulouse, PUM, 2004.
  • Hier les femmes, Paris, Aubanel-La Martinière, 2007. (ikerketaren balioztapena)
  • Femmes du XXIe siècle, Paris, Aubanel-La Martinière, 2009. (ikerketaren balioztapena)
  • Histoire mondiale des féminismes, Paris, PUF Que sais-je? bilduma, 2018 (Feminizmler Tarihi, Istanbul, SEL Yaycincilik, 2020 [turkieraz] eta koreeraz Séoul, 2020)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Florence Rochefort» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-11 data duen 202010319 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-11 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. Rochefort, Florence. (2007). Le pouvoir du genre : laïcités et religions, 1905-2005. Presses universitaires du Mirail ISBN 978-2-85816-949-8. PMC 470656784. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  2. a b c d e f g h (Frantsesez) Thébaud, Françoise. «Florence ROCHEFORT» www.dictionnaire-creatrices.com (Le Dictionnaire universel des Créatrices) (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  3. (Frantsesez) «Rochefort, Florence - Persée» www.persee.fr (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  4. (Frantsesez) Annie, Metz. (2020). «Annie Metz, conservatrice de la bibliothèque Marguerite-Durand de 1989 à 2020 (Christine Bard-ek eginiko elkarrizketa)» Archives du féminisme 28: 20-25..
  5. (Frantsesez) «Florence Rochefort : podcasts et actualités» Radio France (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  6. (Frantsesez) Pavard, Bibia. (2009-01-01). «Genre et militantisme dans le Mouvement pour la liberté de l’avortement et de la contraception. Pratique des avortements (1973-1979)» Clio. Femmes, Genre, Histoire (29): 79–96.  doi:10.4000/clio.9217. ISSN 1252-7017. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  7. (Frantsesez) Auteurs - Rochefort Florence. Clio. Femmes, Genre, Histoire (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  8. «IEC - Executive Committee» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  9. (Frantsesez) «Florence Rochefort : «La France paraît encore bien frileuse dans l'usage du terme de genre»» 50 - 50 Magazine 2015-03-31 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  10. (Frantsesez) Laufer, Laurie; Rochefort, Florence. (2014). Qu'est-ce que le genre?. Payot & Rivages ISBN 978-2-228-91159-7. PMC 893850562. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  11. (Frantsesez) Fath, Sébastien. (2011-01-06). «ROCHEFORT Florence» Site du Groupe Sociétés, Religions, Laïcités (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  12. (Frantsesez) Rogers, Rebecca. (2008-12-14). «Florence Rochefort (dir), Le pouvoir du genre, Laïcités et religions, 1905-2005» Genre & Histoire (3)  doi:10.4000/genrehistoire.379. ISSN 2102-5886. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  13. (Frantsesez) Rochefort, Florence; Sanna, Maria Eleonora. (2013). Normes religieuses et genre : mutations, résistances et reconfigurations, XIXe-XXIe siècle. A. Colin ISBN 978-2-200-28556-2. PMC 864751109. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  14. Bibliothèque Marguerite Durand. (2010). Photo, femmes, féminisme : 1860-2010 : collection de la Bibliothèque Marguerite Durand. Paris bibliothèques ISBN 978-2-84331-174-1. PMC 702939436. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  15. (Frantsesez) Rochefort, Florence. (2018). Histoire mondiale des féminismes. PUF ISBN 978-2-13-073284-6. PMC 1049986302. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  16. Rochefort, Florence. (2018). Histoire mondiale des féminismes. PUF ISBN 978-2-13-073284-6. PMC 1049986302. (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  17. (Frantsesez) Daumas, Cécile. ««L’anti-esclavagisme est à la racine de la pensée féministe»» Libération (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Thébaud, Françoise. (2013). «Florence Rochefort» in Didier, Béatrice; Fouque, Antoinette; Calle-Gruber, Mireille (ed.) Dictionnaire des créatrices. Éditions des femmes, 4982 or. ISBN 978-84-8409-651-1..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]